Euskal literaturaren historiak idazterakoan azken hamarkadetan —Koldo Mitxelenaz geroztik— egin diren irizpideetako asko zalantzan jarri, kritikatu eta eztabaidatu egin behar dira Jon Casenaveren ustez, benetan kontsentsuatutzat emateko, orain kontsentsuatutzat ematen badira ere ez baita orain artean ezbaian jarri horretarako behar den neurria. Euskal literaturaren historiaren historia liburuan (Utriusque Vasconiae) jorratu du tesi hori Bordeleko Michel de Montaigne Unibertsitateko eta Baionako fakultateko literatura irakasleak.
Jon Casenavek (Baiona, 1957) «bi helburu nagusi» izan ditu liburua idaztean. «Alde batetik, gogoa nuen euskal literaturaren historiaren historia egiteko. XIX. mendetik honat idatzi diren euskal literaturaren historiarik garrantzitsuenak aipatu ditut, eta bakoitza bere testuinguru historiko eta intelektualean ezarri dut. Bestaldetik, azpi-izenburuak dioen bezala —Gurea nola konda?—, gogoeta bat egin dut ikusteko preseski Euskal Herrian nola kontatu dugun orain arte gure literaturaren historia».
Azken hogei urteetan, euskal literaturaren historia asko argitaratu dira, «beharrezkoak». Jon Kortazarrek, Jean-Baptiste Orpustanek, Mari Jose Olaziregik eta Iñaki Aldekoak idatzitakoak, besteak beste. «Historia horietako gutiz gehienek eredu historiko berbera erabiltzen dute», ordea, Casenaveren ustez. «Badirudi gaur egun euskal literaturaren historiaz modelo edo patroi bakar bat erabiltzen dela, kontsentsuala bilakatu balitz bezala. Eredu hori eskolan irakasten da, kazetetan eta telebistan zabaltzen da, eta, sorkuntzaren arloan ere, idazle gehienek onartua dute». Idazle askok maila bat eskuratu edo erakusteko nobela bat idazteko premia sentitzea da idazleen arteko joera horren isla, Casenaveren ustez.
Mitxelenak finkaturiko eredua
Eredu hori Koldo Mitxelenak finkatu zuen 60ko hamarkadan. Euskal kulturaren eta euskal literaturaren «baldintzak» asko aldatu dira harrezkero, baina, hala ere, «aukera historiografiko berberak» erabiltzen jarraitzen da, oro har. Casenavek uste du horretaz gogoeta egin behar dela, eredu hori «oso gutxi eztabaidatu» eta «oso gutxi pentsatu» dela, nahiz eta egile bakan batzuek haren inguruko zalantzak agertu dituzten, Joseba Gabilondok, Iban Zalduak eta Jurgi Kintanak, batez ere.
Mitxelenak finkatutako ereduak egindako hiru aukera nagusiak honako hauek dira: euskaraz idatzitako obrak baino ez zituen aukeratu Mitxelenak; Euskal Herri osoan agertutako obrak ziren; soilik helburu literario batekin idatzi ziren obrak aukeratu zituen. Hiru aukera horiek ordura arteko ikuspegiarekiko «haustura» bat ekarri zuten, «eta modernitatea sarrarazi». Badira, ordea, «zalantzazko puntu batzuk» Mitxelenaren ereduaren inguruan. «Gero eta gehiago, ez bakarrik gaurkoari, baizik eta datorrenari ematen diogu premia. Erran daiteke ikuspegi teleologikoa nagusitzen dela, erran nahi baita iruditzen zaigula egiazko literatura aurrean dugula, oraindik idazteko dagoela». Horren ondorio kaltegarri bat da ez dela behar bezala balioesten ondarea, «jadanik idatzia izan dena».
Narratibari ematen zaion lehentasuna da beste puntu negatibo bat. «Hori interesgarria izan da Europako arauetan eta literatura berrien arauetan sartzeko, baina kaltegarria ere izan da, aldi berean, ikusiz, adibidez, antzerkiaren tokia murriztua izan dela Europako beste kulturetan ez bezala. Gurean asko ahuldu da antzerkia, narratibari eman diogu tokiarengatik».
«Ereduak kontsentsuala behar du, baina, denbora berean, landu egin behar da, kritikatu egin behar da», Casenaveren ustez. «Gurean, ez diogu behar den tokia ematen aurkako kontaketari, aurkakontaketari, erran nahi baita ez ditugula kontuan hartzen eredu kontsentsualari egiten zaizkion kritikak edo oharrak».
Jon Casenave: «Aurkako kontaketari ez diogu ematen behar duen tokia»
Ontzat ematen diren irizpideak eztabaidatu behar direla aldarrikatu du 'Euskal literaturaren historiaren historia'-n
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu