Espainiako Kritikaren Saria irabazi dute Jon Benito eta Aritz Gorrotxategi idazleek. Lagun minak (Farmazia Beltza) lanagatik jaso du aitortza Benitok, narratiban; eta Uda betea (Elkar) poema bildumagatik Gorrotxategik, poesian. Bi kategoria horietan, bi liburuok iazko euskarazko lanik onenak direla iritzi dio Espainiako Literatur Kritikaren Elkarteak.
Hirugarren liburua du Lagun minak Benitok (Zarautz, Gipuzkoa, 1981). Poesia landu du aurreko bietan; 2001ean eman zuen lehena, Aingurak erreketan (Susa), eta 2010ean iritsi zen bigarrena, Bulkada (Susa). Iaz aurkeztutako lanean, berriz, poesiaren eta narrazioaren artean dabiltza haren kontakizunak, batzuetan poema itxura hartuz, eta, beste batzuetan, ipuin forma. «[...] Badago liburu osoan prosaren eta poesiaren arteko etengabeko batzuetan joko, beste batzuetan talka, eta beste batzuetan elkar osatze bat», azaldu zion idazleak Iñigo Astiz kazetariari, iazko irailean BERRIAn argitaratutako elkarrizketan.
Gorrotxategik (Donostia, 1975), berriz, eleberriak, ipuinak eta poema liburuak idatzi ditu urteotan. Poesian, Amua (Elkar, 2019) izan zuen aurrekoa, eta harekin hasitako zikloa Uda betea-rekin itxi zuela sentitzen zuen iazko martxoan, liburuaren aurkeztu zuenean. Edonola ere, obra berri bati ekitean, ordura arte egin gabeko zerbait edo era berriren batean egiten saiatu behar du idazleak, haren ustez; eta berak lan berrian argitasunari zuzenean begiratu ziola iritzi zion. «Liburu berriak badu Amua-ko poetikaren antzik, baina liburu hau, konkretuki, pozari eskainitako lan bat dela uste dut».
Iazko lanik onenak
Narratiban zein poesian, aurreko urtean nabarmendutako euskarazko, gaztelerazko, katalanezko eta galegozko liburuei egiten die aitortza, urtero, Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteak.
Gaztelaniazko narratiban, Pilar Adon saritu du aurten elkarteak, De bestias y aves eleberriagatik, eta Dionisia Garcia poesian, Clamor en la memoria poema bildumagatik. Katalanezko letretan, berriz, Raquel Ricartek jaso du aitortza narratiban, El dit de Déu nobelagatik, eta Angels Marzok poesian, El rastro nival obragatik. Eta galegoz, Brais Lamelaren narratibak (Ninguén queda) eta Yolanda Castañoren poesiak (Materia) jaso dute aitortza.