Espainiako Kritikaren Saria irabazi dute Jon Benito eta Aritz Gorrotxategi idazleek. Lagun minaklanagatik jaso du aitortza Benitok (Farmazia Beltza), narratiban; eta Uda betea poema bildumagatik Gorrotxategik (Elkar), poesian. Bi kategoria horietan, bi liburuok iazko euskarazko lanik onenak direla iritzi dio Espainiako Literatur Kritikaren Elkarteak.
Hirugarren liburua du Lagun minak Benitok (Zarautz, Gipuzkoa, 1981). Poesia landu du aurreko bietan; 2001ean eman zuen lehena, Aingurak erreketan (Susa), eta 2010ean iritsi zen bigarrena, Bulkada (Susa). Iaz aurkeztutako lanean, berriz, poesiaren eta narrazioaren artean dabiltza haren kontakizunak, batzuetan poema itxura hartuz, eta, beste batzuetan, ipuin forma. «[...] Badago liburu osoan prosaren eta poesiaren arteko etengabeko batzuetan joko, beste batzuetan talka, eta beste batzuetan elkar osatze bat», azaldu zion idazleak Iñigo Astiz kazetariari, iazko irailean BERRIAn argitaratutako elkarrizketan.
Gorrotxategik (Donostia, 1975), berriz, eleberriak, ipuinak eta poema liburuak idatzi ditu urteotan. Poesian, Amua (Elkar, 2019) izan zuen aurrekoa, eta harekin hasitako zikloa Uda betea-rekin itxi zuela sentitzen zuen iazko martxoan, liburuaren aurkezpenean. Edonola ere, obra berri bati ekitean, ordura arte egin gabeko zerbait edo era berriren batean egiten saiatu behar du idazleak, haren ustez; eta berak lan berrian argitasunari zuzenean begiratu ziola iritzi zion. «Liburu berriak badu Amua-ko poetikaren antzik, baina liburu hau, konkretuki, pozari eskainitako lan bat dela uste dut».
Iazko lanik onenak
Narratiban zein poesian, aurreko urtean nabarmendutako euskarazko, gaztelerazko, katalanezko eta galegozko liburuei egiten die aitortza, urtero, Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteak.
Pilar Adon, Dionisia Garcia, Raquel Ricart, Angels Marzo, Brais Lamela eta Yolanda Castaño izan dira elkarteak aurten saritutako gainerako idazleak.
Jon Benitok eta Aritz Gorrotxategik jaso dute Espainiako Kritikaren Saria
Narratiban, 'Lagun minak' nobelari egin dio aitortza Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteak, eta poesian, berriz, 'Uda betea' poema liburuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu