Jon Baguesi emango dio Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria

Euskal musikaren ondarearen alde eginiko lanagatik sarituko dute Eresbileko zuzendari izandakoa

Jon Bagues, iazko urtarrilean, Eresbileko zuzendari gisa egindako azken agerraldietako batean, Donostian. J.C. RUIZ / FOKU.
Ane Eslava - Itziar Ugarte Irizar
2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Modu zabalean ulertuta, euskal kulturaren aldeko lanean ibilbide oparoa egin duten askotariko profesionalei eman ohi die Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria. Jon Bagues Erriondori (Errenteria, Gipuzkoa, 1955) ematea erabaki dute aurten, epaimahaiak nabarmendu duenez alderdi ugaritatik aritu baita euskal musikaren ondarearen alde. Hala adierazi dute: «Baguesek konpositoreen lanak berreskuratzeko modua eman du, eta zabalkundea erraztu. Era berean, lanean ari diren konpositoreei lagundu die, eta musika ikasteko etainterpretatzeko erakundeak sortzen lagundu du; Peñaflorida kapera, adibidez, 1985etik antzinako musika ikertzen eta hedatzen ari dena».

Baguesek Donostiako, Bartzelonako eta Madrilgo kontserbatorioetan egin zituen musika ikasketak. Filosofia eta Letrak ikasi zituen Donostian, eta musikaren historian espezializatu zen Bartzelonan. Ondoren, Artxibistika eta Dokumentazioan trebatu zen Madrilen. Eusko Ikaskuntzako buru izan zen 1990 eta 1996 bitartean, eta musika sailaren sorreran parte hartu zuen 1979an.

Bi hamarkada egin ditu Eresbil Musikaren Euskal Artxiboko zuzendari postuan, iaz erretiroa hartu zuen arte. Harekin, Eresbil profesionalizatu egin zen, postua uztear zenean BERRIAri adierazi zionez: «Hasiera-hasieratik profesionalizazio prozesua bizi izan dut nik. Gaur egun, 11 langile ditugu, profesionalak denak. Soinu teknikari bat ere badaukagu; lehenago pentsaezina zen hori».

Haien lana «nahiko ezezaguna» dela adierazi zuen, baina nabarmendu zuen ezagun izatea baino garrantzitsuagoa dela «existitzea eta funtzionatzea»; zerbitzu ona ematea: «Gure ondarea galtzen ez uztea, berreskuratzea, zaintzea, katalogatzea eta informazioa kudeatzea; hori guztia kaleratzea eta, ahal den neurrian, eskura jartzea». Dena iragankorra den garaiotan Eresbilen gisako «helduleku» bat izatearen garrantzia ere aipatu zuen: «Kulturarako, gu zuhaitz baten zuztarretako bat izango ginateke, memoria lantzen duena. Memoriarik gabe... adinekoak memoriarik gabe zertan geratzen dira? Herri batentzat, berdin; jakin behar da nondik gatozen».

Konpromisoari saria

Eresbilen izandako urte horietan guztietan, Musikaste jaialdia antolatzen aritu da Bagues, besteak beste, ekoizten den musika zabaltzeko helburuz, eta saria ematea erabaki dutenek gogoan izan dute Euskal Herrian eta kanpoan hainbat musika erakunderi eskainitako aholkularitza teknikoa ere. Euskal musika ezagutarazteko komunikabideekin garatutako lankidetza eta herrialde osoko musika eta kultur erakundeekin izandako «konpromiso aktiboa» ere azpimarratu dituzte.

38. Manuel Lekuona saria jasoko du Baguesek. Aurreko urteetan, Jose Ramon Etxebarriak (2020), Xabier Amurizak (2019), Mari Jose Auzmendik (2018), Jean-Louis Davantek (2016) eta Joan Mari Torrealdaik (2015) eskuratu dute sari bera, beste askoren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.