Yurre Ugarte. Idazlea

«Jolasteko gaitasunarekin lotzen dut sormena»

Pop kulturaren alabak dira 'Lilurabera' Yurre Ugarteren bigarren narrazio bildumako protagonistak, eta bilaketa estetikoak ardazten ditu haien bizitzak eta egitasmoak.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
mikel lizarralde
Irun
2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Idazketa lanbide duen heinean, idazlea da zentzurik zabalenean Yurre Ugarte (Tolosa, Gipuzkoa, 1965). Telebistarako eta zinemarako gidoiak idatzi ditu, baita antzerkirako testuak (Ezin ihesi), komikiak (Katu hegoduna, Joana Maiz) eta haur literaturako lanak ere (Naia eta Nabil detektibeak). 2010ean argitaratu zuen lehendabiziko narrazio bilduma, Gasolindegian (Alberdania), eta iazko udazkenean iritsi zen bigarrena, Lilurabera (Alberdania), liluraren kontzeptuan arakatzen duen ipuin liburua.

Hamar urte pasatu dira Gasolindegian eta Lilurabera artean. Zergatik horrenbesteko tartea?

Lanbidez gidoilaria naiz, eta urte hauetan, adibidez, marrazki bizidunetako bi film luzeren gidoiak idatzi ditut enkarguz. Enkarguzko lanak egiten ditut ikus-entzunezkoetan, baina, horiez gain, idazketarekin lotutako beste lan batzuk ere egin behar ditut bizirik irauteko, esaterako, sormenezko ikasketa tailerrak. Ipuin hauek 2014an idazten hasi nintzen, baina Joana Maiz-ekin ere aritu naiz, baita oraindik atera ez den beste proiektu batean ere. Azken urtera arte ez dut tarterik izan liburua osatzen duten azken hirurak idazteko.

Ipuinotako batzuk Pop pilulak fanzinean argitaratu zenituen. Orduan ez zenuen liburuaren ideia buruan?

Ez. 2014an idatzi nuen lehen ipuina Pop pilulak-entzat. Eta esan behar dut fanzinea deitzen diogula, baina niretzat aldizkari bat dela, luxuzko aldizkari bat, ikusita zer jendek idatzi zuen hor. Niri eman zidan askatasun eremu bat idazteko. Han idatzi arte, ez nion heldu gaztaroan bizitakoari fikzioaren bitartez, eta aurreneko testua idatzi ahala, jada banuen gehiago idazteko gogoa. Horrek ireki zidan ate bat, pop kulturaren barruan kokatutako narrazioak idazteko aukera. Pop pilulak-entzat idatzi nituen lau, eta azkeneko urtean idatzi ditut besteak.

Liburuko protagonista guztiak sortzaileak dira, lotura dute artearekin edo kulturarekin, eta esan daiteke guztiek dutela obsesioren bat. Liluratzen dituen zerbait. Liluraren kontzeptua lotuta doa sormen lanari?

[Denbora tarte bat hartuta] Bai eta ez. Gizaki guztiok dugu sortzeko gaitasuna, eta gizakiaren alde ludikoarekin dago lotuta hori, jolasteko joera horrekin. [Johan] Huizingak idatzi zuen liburu oso interesgarri bat, Homo Ludens, zeinetan aritzen den gizakion jolasteko gaitasun horretaz. Nik sormena jolasteko gaitasun horrekin lotzen dut, eta hortik lilurara urrats bat besterik ez dago. Baina, aldi berean —eta nik orain gutxira arte ez dut liluraz kontzeptualki hausnarketarik egin, ezpada fikziozkopertsonaien bitartez esploratzen dudan hori—, Susan Sontagen bitartez iritsi naiz liluraren kontzeptu teorikora, berak baitio lilura asperduraren ifrentzua dela. Nik lilura zaurgarritasunarekin lotzen dut, eta ziur aski zaurgarritasuna eta sormena elkarrekin doaz; ezin dira banatu. Asperdurari buruzko Sontagen aipua hor dugu, baina beste aldean Guy Debordek esaten zuen asperdura beti dela kontrairaultzailea. Eta sormena, zerbait bada, iraultzailea izan daiteke... Iruditzen zait liluraren kontzeptuak joko asko ematen duela. Non daude liluraren mugak? Zerk garamatza zerbaitekiko lilura izatera eta besteekiko ez? Eta bitxia da, baina Sontagen aipua ipuin guztiak idatzi ostean deskubritu nuen. Baina interesgarria iruditu zitzaidan ikustea kontzeptu teoriko bat ere bazegoela liluraren kontu honen atzean.

Ipuinon gai nagusia lilura zela ohartzeko Sontagen aipua behar izan zenuen? Ipuinen batean aipatzen da kontzeptu gisa ere...

Amnesia anderea izan zen idatzi nuen azken ipuinetako bat, eta hor agertzen da liluraren kontzeptua. Hori idatzi ahala konturatu nintzen lilura zela ipuin guztietan ageri zen ezaugarri bat. Behin hori idatzita, Arintasuna hasi nintzen idazten, eta hartan Sontagera egin nuen salto eta liluraren ideiari jarraitu nion, beste fikzio baten forma emanez.

Protagonistak sormen artistikora emanda bizi dira, baina ez duzu sormen lan hori mitifikatzeko ahaleginik egin. Sormen lanen artean, beste bat da sormen artistikoa?

Nik horrela ikusten dut. Joseph Beuysek esan zuen moduan, edozein izan daiteke artista, eta sormena pertsona bakoitzak bideratu dezake edozein esparrutara. Norbait bere dendan izan daiteke sortzaile. Egia da sormena ezinbestekoa dela, baina hortik mitifikatzera tarte bat dago. Gaur egun, edozein da izar egun batez, baina punketik etorrita, kontraesana litzateke sortzailea mitifikatzea edo izar bilakatzea. Egunerokoantxertatutako lanbidetzat hartzen dut sortzailearena. Okina edo aseguru saltzailea bezala, baina ezberdintasun nabarmen batekin. Gizarte honek ez du sortzailearen figura serio hartzen; ez du lantzat hartzen sormen artistikoa.

Liburuko protagonistek ez dute errekonozimendu handirik jasotzen sortzaile gisa.

Eta ez dira, kasualitatez, emakumeak. Inoiz ez gara inozoak pertsonaiak aukeratzean, eta normalean tradizio literarioak baztertu dituen pertsonaiak erdigunean jartzea erabakitzen baduzu, haiek biziko dituztenak ezberdinak izango dira. Hauei hori gertatzen zaie. Gutxitan islatzen den errealitate bat da, baina hor dago. Eta ez bakarrik emakumeen kasuan; sormenaren inguruko zenbat eta zenbat langilek pairatzen dituzten egoera horiek.

Beharko ipuinean, adibidez, oso agerikoa da sortzaileak bizi duen prekaritatea. Azken urteak areagotu egin du egoera?

Hemen sortzaileon egoera beti izan da prekarioa. Idaztetik bizi nahi baduzu, nekez biziko zara. Eta gidoilari izatetik beste hainbeste. Baina guztion egoera okertu den bezala, sortzaileona ere bai. Hori mundu mailan gertatu da, baina beste herrialde batzuetan gobernuek egoera orekatzeko laguntzak eman dituzte.

Emakumeen kasuan, bereziki, larriagoa da egoera?

Egoera larria bizi dugu denok, baina, emakumeen kasuan, ikusgaitasuna askoz murritzagoa da. Kasu eta esparru batzuetan ez dute ikusgaitasunik. Alor batzuetan proiektuak aurrera ateratzea zailagoa da emakumeentzat, aurreiritziak direla eta. Genealogia baten falta dago, eta hezkuntzak ere zerikusi handia du horretan.

Gaztaroa behin eta berriro agertzen da ipuinotan, baina ez nostalgiatik begiratuta, baizik eta pertsona helduaren nolabaiteko abiapuntu moduan. Hori pop kulturari lotuta dago?

Bai, pop kulturan gaztaroak sekulako pisua dauka. Ipuinotan gaztarora eta nerabezarora jotzen dute pertsonaiek, memoriaren bitartez; memoria ariketa bat egiten dute. Orainaren eta iraganaren arteko tentsio hori asko interesatzen zait. Zer zinen, nondik zatozen eta zer bilakatu zaren. Hori ipuin ia guztietan dago.

Lady Amnesy eta Amnesia anderea ipuinetan hori nabarmena da, batez ere ama-alaben arteko harremanean.

Bai, nola ezkutatzen dizkiogun gure ondorengoari egiak... Memoriak iragana aldatzeko gaitasun handia du; nola aldatzen ditugun iraganeko pasadizoak eta oroitzapenak gure mesedetan.

Donostiako belodromo kanpoan kontzertu egunetan hanburgesak saltzen dituen furgoneta bat ageri da bi ipuin horietan. Fikziorako elementu garrantzitsuak dira errealitateko detaile horiek?

Gustatzen zait fikzioa eraikitzea gure egunerokoan dauden gertaera ñimiño eta elementu itxuraz ezdeusetatik. Ipuinotan ez dago gertaera oso garrantzitsurik; baina eguneroko keinu txikiek eta erabaki ustez ez garrantzitsuek gure bizitzetan zer garrantzi duten interesatzen zait. Gure bizitza egunerokoan azaltzen zaizkigun distortsio txikiez osatuta dago.

Ezagutzen duzunaz idazten duzu?

Imajinatzen dudanaz idazten dut, errealitatetik abiatuta.

Hari narratibo bat jarraitu baino gehiago, momentu jakinetan zentratzen duzu zure begirada?

Bai, hau ez da nobela bat. Ipuin independenteak dira, nahiz eta haien artean loturak izan. Ipuin batean interesatzen zait giro bat sortzea eta fikzioan ahots narratibo ezberdinak sortzea. Ipuinak pilula intentsoak izatea gustatzen zait, eta horretan saiatu naiz.

Liburuan, zazpi ipuinez gain, nolabaiteko kronika pertsonal bat sartu duzu (Kathy, Lydia, Wilma), musika eta literatura uztartzen dituena. Ipuin gisa ere irakur daiteke?

Hor nik neuk, idazleak, egiten dut memoria ariketa bat, eta kontatzen dut, ipuin forman, nik urte batean bizitakoa. Eta erreferentzia musikal eta literarioak erabili ditut. Ahots narratibo bat jarri dut, baina nire bizipenak aipatzen dira testuan. 1980ko hamarkada erdialdeko urte haiek oso esanguratsuak izan ziren, eta erabat markatu ninduten. Horri buruz ere idatzi nahi nuen, baina hain da eremu zabala... uste dut motz gelditu nintzela [barrez]. Sekulako ariketa izan da niretzat. Eta konturatu naiz zuk zurea ez-fikzioaren bitartez kontatzen duzunean, sozializatu egiten duzula zure bizipena. Hori oso interesgarria da.

Testu horretan aipatzen dituzu Angela Carter eta Kathy Acker; William Burroughs eta J. G. Ballard. Zer literatura interesatzen zaizu?

Narrazio horretan aipatzen ditut 1984 eta 1985ean deskubritu nituen idazleak. Baina gurasoen etxean literaturazaletasun handia izan da beti, eta ordurako literatura unibertsalaren klasikoak eta euskal klasikoak irakurriak nituen: Stendhal, Fitzgerald, Delibes... emakumeak barne. Burroughsen Junkie ere bai, Tolosan bazelako denda bat, eta han erosi ahal izan nuelako 15-16 urterekin. Baina Londresen Acker ezagutu nuen, emakume idazle abangoardiako bat. Erakutsi zidan beste era batean idatz zitekeela; beste muturretik idatz zitekeela emakume izanda. Paralizatu ninduen. Ni ordurako idazten hasia bainintzen. Marguerite Duras ere Londresen ezagutu nuen, eta biziberritu egin ninduen. Ordura arte, asko irakurrita nengoen, baina urte hartan idazle asko deskubritu nituen. Adibidez, Angela Carter... izugarria dena.

Idaztea duzu lanbide. Nola daramatzazu diziplina arteko mugimendu horiek guztiak?

Erotuta! [barrez] Batzuk enkarguak dira; beste batzuk nireproiektuak. Baina beti fikzioan aritu naiz lanean.

Joana Maiz-ek izandako harrerarekin pozik zaude, ezta?

Oso pozik, oso pozik. Euskarazko argitalpenaren bigarren edizioa atera da, eta gaztelaniaz ere oso harrera ona izan du.

Baduzu kontatu daitekeen proiekturik?

Hasita daukat nobela bat... denbora beharko du, baina horrekin ari naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.