Jolasez jolas, ametsera

Donostia 2016k ekoitzita, 'Uda-gau bateko ametsa' hilabetez emango dute Donostian bi urte barruko udan.Juan Garziak euskaratuko du

Juan Luis Zabala
Donostia
2014ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzako Ahotsaren Itsasargiaren programazioaren barruan, William Shakespeareren Uda-gau bateko ametsa antzerki lana (A Midsummer Night's Dream jatorrizko bertsioan) estreinatuko dute Donostiako hainbat antzerki eta dantza taldek hiriko Kristinaenea parkean 2016ko ekainaren 21ean, eta gero lau astez jarraian egunero emanaldi bat eskainiko dute gutxienez, haietako bakoitzean gehienez 300 ikusle bilduta. Litekeena da ondoren Euskal Herriko beste hiri batzuetako hainbat parketara ere zabaltzea emanaldiak. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingeles modernoz egingo dira antzezpenak. Aktore, musikari, dantzari eta akrobatak ez ezik, sukaldariak ere izango dira parte hartzaile nagusien artean. Ikusleek —sarrera ordainduta— Teseo eta Hipolitaren —obrako pertsonaia nagusien— arteko ezteietako gonbidatu gisa hartuko dute parte, batetik bestera mugituz une dramatikoaren arabera.

Antzerki lanaren itzulpenaz Juan Garzia Garmendia itzultzaile eta idazlea arduratuko da, eta, itzulpen lan horretatik abiatuta,Patxo Telleria aktore eta zinema nahiz antzerki zuzendariak egingo du gidoiaren egokitzapen lana. Garziak egina du itzulpenaren lehen zirriborroa, baina, itzulpen hori «partekatu, gizarteratu, eztabaidatu eta aberasteko», Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE), Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutza proiektuarekin lankidetzan, hainbat jarduera antolatu ditu, Shakespeareren 'Ametsa' biziarazten egitasmo barruan.

Itzultzailea sukaldean egitasmoko bi saiorekin jarriko da abian Shakespeareren 'Ametsa' biziarazten egitasmoa. Lehen saioan, gaur, Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunean, 17:00etan, EHUren Gasteizko campuseko Letren Fakultatean, Juan Garzia, Larraitz Ariznabarreta eta Maialen Berasategi Catalan itzultzaileak —Shakespeareren obran adituak hirurak— ariko dira gidari lanetan. Itzulpengintzako ikasle eta irakasleentzako saioa izango da, baina interesa duen edonork har dezake parte, dela entzule soil moduan, dela iritziak emanez eta ekarpenak eginez. Sukalde-jolas moduan planteatuta dago saioa, eta, horretarako, materiala prestatu eta EIZIEren webgunean ikusgai jarri du Juan Garziak.

Bertso eskoletako teknikak

Bigarren saioa urriaren 30ean izango du Itzultzailea sukaldean egitasmoak, 17:30ean, Donostiako Antigua auzoko Lugaritz kultur etxean. Saio horretan, bertso eskoletako jendearen parte hartzea lortu nahiko da eta sustatuko da bereziki. Uda-gau bateko ametsa bertso neurtu errimadunetan idatzitako obra denez, eta alderdi hori nahitaez kontuan hartu behar denez itzulpen lanean, aztertuko da ea zer gertatzen den bertso eskolan ikasitako teknikak Shakespeareren obra baten itzulpenean aplikatuz gero.

Shakespeareren euskarazko itzulpenei buruzko mahai inguru bat izango da hirugarren saioa, azaroaren 20an, 19:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Bingen Amezagak, Bedita Larrakoetxeak eta Juan Garziak egindako itzulpenak aztertuko dira zehazki. Laugarren saioa, azaroaren 27an, 19:00etan, Donostia 2016 Gunean, Uda-gau bateko ametsa-ren ingelesezko eta gaztelaniazko bertsioei buruzko solasaldi bat izango da. Angel Luis Pujante eta Juan Garzia mintzatuko dira. Pujante Shakespeareren gaztelaniazko itzulpen askoren egile laudatua da.

Azkenik, Uda-gau bateko ametsa-ren itzulpen amaitua EIZIEren webgunean sareratuko da, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, eta doan jarriko da eskuragai.

Shakespeareren obraren jatorrizko bertsioko testuan, erabilitako neurriak eta errima moldeak aldatu egiten dira pertsonaien ezaugarrien eta haiek obran duten zereginaren arabera, bai eta obraren unearen arabera ere. Horregatik, Juan Garziaren iritziz, «Shakespeareren obretan, Uda-gau bateko ametsa da joko gehiena ematen duena jolaserako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.