Irailaren 11n bost urte beteko dira Donostiako Tabakalera zentroa ireki zutenetik, eta, urtemuga hori ospatzeko, zentroa osatzen duten erakunde guztiek jardueren egitarau berezi bat antolatuko dute elkarrekin irailaren 11 eta 12rako. Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari orokorrak eta Clara Montero kultura zuzendariak atzo goizean eman zuten zentroaren aurtengo programazioaren ardatz nagusien berri, eta ekitaldi berean jakinarazi zuten urtemuga ospatzeko asmoa, nahiz eta ez duten aurreratu ospakizun horren mamia.
Tabakalerako arduradunek adierazi dutenez, zentroak bereziki egin du lan publiko orokorrarentzako programazio«bateratu, orekatu eta erreferentziazko» bat lantzeko, eta, horretarako, erakunde guztien arteko lankidetza sustatuko du aurten.
Bestalde, 2020ko programaren oinarrian jolasaren ideia landuko du Tabakalerak: «Joko zelaia, egungo artearen zati handi bat markatzen duen ezegonkortasun printzipioa, ludikoa dena, baina baita jolasa eta gamifikazioa gure gizartean ere». Hain zuzen ere, jokoaren ideia presente egongo da Tabakalerak jasoko dituen arte garaikideko proposamen askotan: Martxoaren 6an zabalduko dute Cybernetics of the poor erakusketa, eta horri egingo erreferentzia, baita Julio Le Parcen Kuboa instalazioak ere. Artista hori aitzindaria izan zen bere esku hartze artistikoetan elementu ludiko eta parte hartzaileak txertatzen, eta bere obra espazio publikoan jolasteko gonbidapen gisa planteatzen du.
Apiriletik udara bitartean, bideo jokoek hartuko dute Tabakalera. Abiapuntua Bideo-Jokoak erakusketa izango da. Jokoaren eta bere inplikazio politiko eta sozialen gainean artistek nola egiten duten lan erakutsiko du.
Bestalde, zinemarekin lotutako arte garaikideko bi erakusketa ere zabalduko ditu Donostiako zentroak. Zinema Ex. Abstrakziotik algoritmora erakusketa hurrengo urteetan Donostiako Zinemaldiarekin elkarlanean egingo den erakusketa sorta baten lehena izango da, eta zinemaren eta sorkuntza artistikoaren arteko topaketak ere ekarriko ditu Donostiara. Bestetik, Chris Kraus: pelikulak lehen eta gero erakusketan, bere liburu eta testuen bidez hainbat belaunaldirengan eragina izan duen egilearen filmeko obra aurkeztuko dute.
Kutxa Kulturrek kudeatzen duen Arteguneak, bestalde, hiru erakusketa programatuko ditu: Nestor Basterretxea. Argazkien bidea (martxoak 6), Margaret Watkins. Black Light (ekainak 19) eta Jon Cazenave. Galerna (azaroak 6).
Jolasak ardaztuko du Tabakaleraren programazioa
Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak bosgarren urteurrena ospatuko du irailaren 11n eta 12an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu