Donostiako 80. Musika Hamabostaldia. Juan Carlos Garvayo. Trio Arbos taldeko kidea

«Joko ditugun obren kontrasteak interesa piztuko du»

Trio Arbosek Teresa Catalan konpositorearen obra bat estreinatuko du gaur, Donostiako Kursaalean emango duen kontzertuan. Musika Garaikideko zikloko azken saioa izango da.

TRIO ARBOS.
2019ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Taldearen sorreratik da Juan Carlos Garvayo (Motril, Espainia, 1969) Trio Arbos hirukotearen piano jotzailea. Hainbat hamarkadako ibilbidea du; askotariko proiektu eta kontzertuak ematen jarraitzen du, eta ganberako musikan erreferente bihurtu da. Nazioartean ibili ostean, geldialdia egingo du Musika Hamabostaldian, Musika Garaikideko zikloko azken kontzertua emateko Donostiako Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoan, gaur, 20:00etan. Mauricio Kagel, Teresa Catalan, Cesar Camarero, Salvatore Sciarrino eta Jesus Torresen obrak interpretatuko ditu, Jose Luis Gomez biolontxelo jotzaile eta Cecilia Bercovich biolinistarekin batera.

Nolakoa izango da emango duzuen kontzertua?

Musika Hamabostaldian egingo dugun kontzertuan, Catalanenobra bat estreinatuko dugu, eta horren arabera erabaki ditugu kontzertuan joko ditugun gainontzeko piezak. Trio formatuan konpositore horren obra bat interpretatzen dugun lehen aldia da, baina ondo ezagutzen dugun musikagile hori. Horrez gain, duela hamar urte Camareroren inguruan egindako monografiko baterako grabatutako obra bat joko dugu. Kagelen pieza bat izango da hurrengoa, kontzertuari nazioarteko ikuspegi bat emateko asmoarekin, eta Torreren pieza bat ere sartu dugu errepertorioan; harreman estua dugu musikagilearekin, eta duela gutxi konposatu du pieza hori, guk eskatuta. Flamenkoaren inguruko obra bat da, eta ez da ohikoa horrelako jaialdi batean entzutea, baina horixe nahi izan dugu; normalean egiten ez ditugun obrak joko ditugu.

Interpretatuko dituzuen obren konpositoreak oso ezberdinak dira euren artean. Zergatik aukeratu dituzue obra horiek?

Hori da gehien gustatzen zaiguna. Musika garaikideak duen abantaila handienetako bat musika estiloen pluraltasuna da, eta hori oso onuragarria da, bai publikoarentzat eta bai guretzat. Joko ditugun obren kontrasteak interesa piztuko du.

Trio Arbosen helburu nagusietako bat da musika garaikiderako obrak berreskuratzea eta hedatzea. Zer ekarpen egin duzue?

Ehun pieza baino gehiago estreinatu ditugu, baina denak ez dira kalitate handikoak, eta, beraz, ez dira gure errepertorioan gelditu. Suitzako musika jaialdi batetiketorri berri naiz, bertan parte hartu behar nuelako, eta, kontzertu batean, guk duela hamar urte Alemanian estreinatu genuen pieza bat jo zuen trio batek. Zorte handia dugu, gerora oso ezagunak bihurtu diren hainbat pieza estreinatu izan ditugulako eta horiek, urteak pasatu arren, oraindik ere jotzen direlako.

30 herrialdetako agertoki entzutetsuenetan jo duzue. Zer eman dizu herrialde ezberdinetako oholtzetara igotzeak?

Horrelakoa da musikariaren bizitza. Publikoak zugana jotzea zailada, eta, beraz, zuk jo behar izaten duzu publikoarengana. Horrek nazioartean bidaiatzea dakar, eta oso bizipen aberasgarria da. Sekulako esperientzia da norberak egindako obra bat atzerrian zabaltzeko aukera izatea. Modu horretan, aberastu egiten zara, bisitatzen diren leku horietako guztietako ohiturak ezagutzen; oso jende bitxiarekin egiten duzu topo. Musika eta kultura ulertzeko modu ezberdinak daude herrialde batean eta bestean, baita herrialde bereko toki ezberdinetan ere. Publiko batzuk beste batzuk baino hotzagoak dira, baina horrek ez du esan nahi gure lana estimatzen ez dutenik. Oholtza gainean zaudenean, oso erraz ikusten da publikoak zure musikarekiko duen pertzepzioa; nabari dezakezu zure musika iritsi zaien eta ulertu duten.

Zuzeneko kontzertuez gain, grabaketak egin dituzue hainbat diskoetxetan. Alde handia dago zuzeneko kontzertu batetik estudioko grabaketa batera?

Oso esperientzia ezberdinak dira, lan egiteko bi modu baitira. Zuzenekoetan aukera bakarra daukazu; momentukoa, alegia. Kontzertua denbora tarte labur batez eraikitzen den artea da, galkorra: behin soinua sortuta, ez dago ezer egiterik; hurrengo notaren bila joan behar duzu. Estudioan, berriz, piezak zehatz-mehatz neurtzeko aukera daukazu, eta, akatsa eginez gero, zuzendu dezakezu; agertokian eduki ezin duzun perfekzioarekin interpretatu dezakezu obra bat estudio batean. Oso ezberdinak dira, baina niri biak gustatzen zaizkit, bi esperientziak musikariaren parte dira eta. Gainera, estudioan ez dut faltan botatzen publikoaren erantzuna, grabatutako obrak aurretik zuzeneko batean interpretatu izan ditudalako. Are gehiago, grabaketak oso garrantzitsuak dira gure ondarearen iraupena bermatzeko. Modu horretan, musikariek obrak interpretatzeko, musikologoek piezak ikertzeko eta melomanoek musikaz gozatzeko aukera dute.

Madrilgo musika kontserbatorioko irakaslea izateaz gain, Trio Arbosekin ganberako musika ikastaroak ematen dituzu. Nola dago ganberako musika?

Kontserbatorioan ikasten duen interprete batentzat, musika generorik garrantzitsuena da ganberako musika. Arreta handiz landu behar da; izan ere, ganberako musika ikasteak ematen dizun ikuspegia ez dizu beste genero batek ematen. Zoritxarrez, goi mailako ikasketetan seriotasun txikiarekin hartzen da estilo hori. Inguruan kalitatezko kontserbatorioak egonik, behar bezala lantzen eta sustatzen ez den musika generoa dela deritzot. Ikasleei dagokienez, nahiko daude, baina ez dira jabetzen euren ibilbide artistikoan genero honek izango duen garrantziaz, ezta euren formakuntza profesionalean egingo dituen ekarpenez ere. Gaur egun, oraindik ere,ganberako musika mundu arrotza da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.