1946an jaio zen Johnny Kurutxet (sortzez Jean Kurutxet), San Frantziskon, jatorria Ezterenzubi (Nafarroa Beherea) badu ere. Bi urte zituela itzuli zen haren familia Euskal Herrira, eta bertan bizi izan zen Kurutxet, 19 urte bete zituen arte. 1966an AEBetara itzulirik, euskara eta euskal kultura bultzatzen jardun du nekaezin, baita bertsolaritzaren alde ere.
1972an ekin zion bertsolari ibilbideari, eta geroztik hamaika saiotan aritu zen bertsotan, bereziki AEBetako euskal etxeetan eta euskal jaietan, Gratien Alfaro, Jesus Goñi, Martin Goikoetxea eta Jesus Arriadarekin batera. 1988an Gardnevillen (Nevada) antolatutako lehen Bertsolari Txapelketan parte hartu zuen. Euskal Herrira egindako bisitaldietan ere aritu zen bertsotan, esate baterako, 2007ko Xalbador Egunean Urepelen (Nafarroa Beherea) edota Euskal Kultur Erakundeak antolatutako Diasporatik jaialdian, 2015ean, Mintzolan (Villabona, Gipuzkoa). Xalbador, Mixel Aire Xalbador II eta Txomin Ezpondarekin ere egin zituen hainbat saio.
2003an National Endowment for the Arts saria jaso zuen Washingtonen, bere bizitza osoko lanaren aitortza gisa. Kurutxet ez ezik, Jesus Arriada (San Frantzisko), Jesus Goñi (Reno) eta Martin Goikoetxea (Wyoming) ere saritu zituzten urte hartan.
Haren ekarpenak izan zuen bestelako aitortzarik ere: 2022ko martxoan omenaldi berezia eskaini zion NABO Ameriketako Estatu Batuetako Euskal Elkarteak.