Izenburuz izenburu, Donostiako Zinemaldia jakinarazten ari da 72. edizioa osatuko duten lanen berri, eta haien artean egongo diren beste lau film iragarri ditu gaur. Sail Ofizialean erakutsiko dituzte lehen biak: Johnny Deppen bigarren film luzea (Modi - Three Days on the Wing of Madness), lehiaz kanpo; eta Thierry Fremauxen Lumière!, l'aventure continue dokumentala, Emanaldi Berezietan. Iragarritako beste bi filmek Zuzendari Berriak saila osatuko dituzte: Piet Baumgartnerrek zuzendutako Bagger drama eta Sylvia Le Fanuren Min Evige Soomer. Irailaren 20tik 28ra egingo dute aurten jaialdia.
Depp ezagunagoa da aktore gisa egindako lanengatik, zuzendari modura egindakoengatik baino, baina urteak dira lehen pelikula ondu zuela: 1997an egin zuen The Brave filma, eta Modi - Three Days on the Wing of Madness lanarekin berrekin dio orain zuzendaritzari. Arteaz, maitasunaz eta arbuioaz hitz egin du filmean, hiru eguneko denbora tartean eta Lehen Mundu Gerrak jotako Paris bateko kale artean girotuta. Riccardo Scamarcio —Amedeo Modigliani artistaren rola jokatu du—, Stephen Graham, Al Pacino eta Antonia Desplaste aktoreek hartu dute parte, besteak beste. 2021ean, Zinemaldiak Donostia Saria eman zion Deppi, bere ibilbideagatik.
Fremaux, zinemagilea izateaz gainera, Cannesko Zinemaldiaren ordezkari nagusi eta Lumiere Institutuko zuzendaria ere bada, eta Lumière!, l'aventure continue dokumentalarekin itzuliko da aurten Donostiara. Lumière!, l'aventure commence filmaren (2016) jarraipena da —2017an, Klasikoak atalean erakutsi zuen Zinemaldiak—, eta, aurrekoaren ildotik, Lumiere anaiek egindako filmek osatzen dute.
Hamabikoa osatuta
Zuzendari Berriak sailak hamabi pelikula erakutsiko ditu aurten, eta aurrez iragarritakoei falta ziren biak gehitu zaizkie orain. Piet Baumgartner suitzarra bere bigarren film luzearekin helduko da jaialdira (Bagger Drama): istripu batean alaba galdu ostean oreka hautsi zaion familia baten istorioa erakutsiko du. Iaz zuzendu zuen bere lehen lan luzea Baumgartnerrek, The Driven Ones izeneko dokumentala.
Silvia Le Fanu jatorri britainiarra duen zuzendari daniarrak, berriz, bere estreinako film luzea erakutsiko du Donostian: Min Evige Sommer. Fanny izeneko 15 urteko neska bat du protagonista; gurasoekin udako etxera joan, eta betiko ohiturei helduko die gazteak, baina denak jakitun daude amaren azken uda izango dela hori.