John Mayall blues britainiarraren aitzindaria hil da

Bluesbreakers taldearen sortzailea izan zen, eta banda haren parte izan ziren, besteak beste, Eric Clapton, Peter Green eta Jack Bruce.

John Mayall musikaria atzo hil zen. BERRIA
John Mayall musikaria atzo hil zen. BERRIA
mikel lizarralde
2024ko uztailaren 24a
10:07
Entzun

Gutxitan esan daiteke musikari bati buruz erabateko aitzindaria izan dela. Horietako bat da, zalantzarik gabe, John Mayall abeslari, teklatu jotzaile, gitarrista eta aho soinu jotzaile ingelesa. 1960ko hamarkadan, blues musika artean musikari beltzen eremuan mugitzen zenean, Bluesbreakers taldea sortu zuen, eta, beste hainbat musikarirekin batera, AEBetako musika beltza Erresuma Batuan ezagutarazi zuen. Ez dira nolanahikoak BB King gitarrista estatubatuarrak urte batzuk geroago hari buruz esan zituenak: «Beragatik eta bluesari ukitu pertsonal bat eman ziotenen belaunaldiko beste lagun britainiar batzuengatik ez balitz, AEBetako musikari beltz askok, nik barne, segituko genukeen lehen bizi ginen infernu horretan bizitzen». Mayall atzo hil zen, Kaliforniako bere etxean, 90 urterekin.

John Mayallek (Macclesfield, Ingalaterra, 1933-Kalifornia, AEB, 2024) gaztetatik izan zuen musika beltzarekiko zaletasuna, eta aitak, AEBetako jazzaren eta bluesaren jarraitzailea izanik, pianoa, gitarra eta aho soinua jotzen ikastera bultzatu zuen. Lehendabizi, diseinua ikasi zuen, Manchesterko Arteen Eskolan, eta garai hartan sortu zituen bere lehendabiziko bandak, Powerhouse Four eta The Blues Syndicate, besteak beste. 1963an, ordea, pauso bat eman zuen, eta Londresera jo zuen, garai hartan Ingalaterrako hiriburu ez ezik, herrialdeko musika agertokirik garrantzitsuenaren topagune ere bazen lekura.

Han osatu zuen Bluesbreakers taldearen lehenengo taldea, Peter Ward, John McVie —gerora Fleetwood Mac taldearen sortzaileetako bat— eta Bernie Watsonekin, eta berehala grabatu zituen bere lehenengo kantuak, Crawling Up a Hill eta Mr. James.

Hamarkada hartan, blues britainiarreko talderi garrantzitsuenetakoa bilakatu zen Bluesbreakers, AEBetako musika beltza bere egin arren, proposamen pertsonala egiten zuena. Mayallek gidatzen zuen taldea, baina urte haietan guztietan hainbat musikari igaro ziren bandatik, besteak beste ,Eric Clapton —Yardbirds taldetik zetorren—, Peter Green —hau ere Flewtwood Macen hastapenetan ibili zena— Jack Bruce —Bluesbreakers utzi zuenean Cream taldea sortu zuen Claptonekin— eta Mick Taylor —Mayallen gomendioz, The Rolling Stoneseko kide bihurtu zen Brian Jones hil zenean—. Haietako askok Mayallek baino arrakasta handiagoa lortu zuten gerora, nahiz eta Mayallek bluesa zabaltzen izan zuen garrantzia aitortu zuten guztiek.

Izan ere, Mayall taldeko liderra bazen ere, protagonismoa konpartitzen zuen bere musikariekin. 2016an emandako elkarrizketa batean honako hau esan zuen horri buruz: «Egiten duten ekarpenaren arabera aukeratzen ditut musikariak. Haien lanaz gozatzen dut, eta eman nahi diet barruan duten hori adierazteko aukera. Horretarako kontratatzen ditut».

Eta hori musika ulertzeko zuen moduarekin ere lotzen da, Mayallentzat inprobisazioa ezinbesteko elementua baitzen, batik bat zuzenean. «Inprobisazioa da elementu nagusia. Musika piezaren egitura duzu, eta gau bakoitzean bide batean edertzen duzu. Hori izan da beti egin dudan guztiaren oinarria. Ideia da jo ahala sortzea musika».

1960ko hamarkadak aurrera egin ahala, Mayallek segitu zuen ideia berriak probatzen, eta 1969an, adibidez, The Bluesbreakers taldea desegin ostean, The Turning Point zuzeneko diskoa atera zuen, musikariak berak adierazi zuenez, bolumen apaleko blues disko bat. Izan ere, lan hartan bateriak eta gitarra elektriko gogorrak baztertu zituen, eta, besteak beste, txirula gehitu bere proposamenera.

1970eko hamarkadan AEBetara joan zen Mayall, eta Bluesbreakers taldea atzean utzita, bluesa jazzarekin uztartzeari ekin zion, askotan blues progresibo gisa ere defini daitekeen estilo batera hurbilduta.

Mayallek segitu zuen diskoak argitaratzen, bai eta zuzenean jotzen ere, eta Euskal Herrian behin baino gehiagotan izan da haren lanaz gozatzeko aukera. Azkeneko aldiz, 2019an, bi kontzertu eman baitzituen, bata Bilbon eta bestea Iruñean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.