John Eliot Gardiner eta Txekiako eta Frankfurteko orkestrak, Hamabostaldian

70 kontzertu eta ikuskizunetik gora izango dira Donostiako 83. Musika Hamabostaldian. Opera eta zarzuela ere itzuliko dira aurten

John Eliot Gardiner zuzendariak inauguratuko du 2022ko Musika Hamabostaldia. MUSIKA HAMABOSTALDIA.
Erredakzioa
2022ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Abuztuaren 2an itzuliko da Musika Hamabostaldia Donostiara, asteartean, eta, abuztuaren 27ra arte, 70 kontzertu eta ikuskizunetik gora izango dira, ohiko zikloetan adarkatuta. Datozen asteetan jakinaraziko dute programa osoa, baina lehen izenak aurreratu ditu jaialdiak, Kursaaleko auditoriumekoak eta Viktoria Eugenia antzokikoak denak. Horien artean, nabarmendu dute John Eliot Gardiner zuzendariak inauguratuko dituela Kursaaleko kontzertu handiak, musika barrokoarekin; ganbera formatuan, Carissimi, Scarlatti eta Schutz konpositoreen obraz osatutako programa bat interpretatuko dute. Organo Erromantikoaren 38. Nazioarteko Ikastaroa eta beste hainbat ekintza paralelo ere ekarriko ditu jaialdiak.

Antolatzaileek urtemugak ere baliatzen dituzte aldi bakoitzeko programa ontzeko, eta , aurten, Pablo Sorozabal jaio zenetik 125 urte betetzen direla eta, haren La tabernera del puerto zarzuelaren kontzertu bertsioa berreskuratuko du Hamabostaldiak, abuztuaren 7an. 1936an estreinatu zenean, arrakasta handia izan zuen, eta Donostiako konpositorearen pieza garrantzitsuenetakoa da. Harekin, 25 urteren ondoren, zarzuela jaialdira itzuliko da, eta beste itzulera bat ere bada: operarena. Pandemiaren eraginez bi urtez programaziotik at gelditu ostean, Kursaalak Donizettiren La fille du régiment opera komikoaren ekoizpen bat estreinatuko du. Hamabostaldiak Guillermo Amayari egin dio lan honen enkargua, eta, Jordi Bernacer zuzendariaren gidaritzapean, Elena Sancho-Pereg sopranoa eta Xabier Anduaga tenorra izango dira protagonistak. Saioak abuztuaren 12an eta 14an izango dira, eta Euskadiko Orkestrak eta Easo abesbatzak ere parte hartuko dute.

Hain justu, Euskadiko Orkestra 40. urtemuga ospatzen ari da aurten, eta Estatu Batuetako musikaz osatutako programa batekin hartuko du Kursaaleko oholtza, abuztuaren 20an: Gershwinen Rhapsody in Blue eta Porgy & Bess operako hautaketa emango dute, Wayne Marshallek zuzenduta.

Hamabostaldian tradizio luzea duten Europa erdialdeko beste bi orkestra ere helduko dira Donostiara abuztuan: Frankfurteko Orkestra Sinfonikoa eta Txekiar Orkestra Filarmonikoa. Azken horrek itxiko du jaialdia.

Hamabostaldiaren Laguneibihar amaituko zaie abonuak eta sarrerak gordetzeko epea, eta sarrera orokorren salmenta, berriz, ekainaren 20an hasiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.