Iazko otsail aldera ernaldu zen Azken portuko postdatak liburuaren lehen ideia John Anduezaren gogoan (Oregon, AEB, 1966). Argitara eman den gisan irudikatu zuen: gutunketa bat, elkarren antz handirik ez luketen bi pertsonaiaren artekoa.
Ideia mamitu ahala, zalantzak ere forma hartu zuen, baina. Andueza: «Konplikatua iruditzen zitzaidan bi estilo tartekatzea eta horri denbora guztian eustea». Zailtasun horretatik otu zitzaion soluzioa: «Zergatik ez bidea partekatu?». Ideia horretatik abiatuta, norekin egin ote zezakeen argitzea izan zuen hurrengo erronka: «Etxean badut idazle aski txukuna [Marian Porcel idazlea bikotekidea du], baina bidean haserretuz gero, zer?». Elkar argitaletxeko editore Antxiñe Mendizabalek esandako hitz batzuek eman zioten argia: «Nekez aurki litezke zu eta Asel [Luzarraga] bezain idazle ezberdinak».
Ikusi gehiago
Duela bost urte ezagutu zuen Anduezak Asel Luzarraga (Bilbo, 1971), Durangoko Azokan. Mendizabalen hitzak gogoan, berehala egin zion elkarrekin idazteko gonbita, eta Luzarragak baita berehala onartu ere, ezustean harrapatu zuen arren: «Hasieran ez nion planteamendua osoki ulertu, baina askatasunez eta errespetuz egingo genuela esan nion, betiere dibertitzeko eta ondo pasatzeko egingo genuela, inondik ere ez haserretzeko».
«Askatasunez eta errespetuz egingo genuela esan nion, betiere dibertitzeko eta ondo pasatzeko egingo genuela, inondik ere ez haserretzeko»
ASEL LUZARRAGAIdazlea
Bien arteko aldeaz mintzatu da Andueza: «Gaua eta eguna gara, oso ezberdinak idazterakoan, planteamenduetan, argumentuetan eta denean». Baina Azken Portuko postdatak liburua ontzeko gakotzat jo du alde hori: «Biak oso antzekoak bagina, ez dakit bideak mereziko ote zukeen».
Nobela osoa gutun bidez idaztea dela eta, «bete-betean» asmatu dutela iritzi dio Anduezak: «Nork bere pertsonaia eta bere estiloa lantzeko aukera izan du, eta, kuriosoa baldin bada ere, tarte horretan ez genuen elkar ikusi, gauzak aldatzen hasteko tentaldia ekiditearren». Anduezarentzat, aukera ez ezik, erronka ere izan da liburua: «Orain arte sekulako garrantzia eman diet beti dialogoei, baina hemen ez dut bat bera ere idatzi». Alde horretatik, uste du idazleari ezinbestekoa zaiola probak egitea eta gauza berriak egiten saiatzea .
«Gaua eta eguna gara, oso ezberdinak idazterakoan, planteamenduetan eta denean, baina biak oso antzekoak bagina, ez dakit bideak mereziko ote zukeen»
JOHN ANDUEZAIdazlea
Aia eta Mon
28 urteko bi adiskide ditu protagonista nobelak: Aia eta Mon; oso gaztetan bikote izandakoak, Azken Portu izeneko kostaldeko herri txiki batekoak biak. Aia ez da herritik mugitu. Mon, berriz, ihesi joan zen 18 urte zituztelarik, eta hamar urte geroago itzuli da herrira. Kontu asko dituzte elkarri esateko: besteak beste, zer gertatu zen batek alde egin behar izateko, eta zer egin duen bakoitzak hamar urteko tarte horretan. Artean ez daude fisikoki elkartzeko prest, ez behintzat hainbat kontu argitu gabe, eta postontzian utzitako eskutitzen bidez emango diote elkarri norberaren berri.
Luzarragaren arabera, «denbora errealean» osatu dituzte pertsonaiak eta hamar urteko parentesia: «Eskutitzak gure bizitzan sartzen genituen, eta ez genekien nora iritsiko ginen». Bestalde, Luzarragak esan du «koherentea» dela bi protagonista gazteak paperari lotzea eta gutun bidez komunikatzea: «Bi protagonistak anarko-primitibistak ziren gaztetan, teknologiaren aurkakoak, eta ekintza bat dela eta, sasira jo behar izan zuen batek. Beraz, pertsonaiek eskuz idaztea zen zuhurrena».
Xabier Mendiguren editoreak ezaugarri bat nabarmendu du gutun bidezko kontaketaren harira: «Oso arin irakurtzen da, idazteko moduak eraman egiten du irakurlea, eta, era berean, gai sakonak ditu; pentsarazi egiten du».
Garazi Albizua tartean
Liburuak bi sinadura daramatza, baina hirugarren idazle baten ekarpena nabarmendu dute Anduezak eta Luzarragak. Hainbat gutun pilatuak zituztela, kanpoko norbaiten begirada behar zutela eta, Garazi Albizuari eskatu zioten iritzia. Hark langintza «oso serio» hartu zuela eta «erantzun zorrotza» eman ziela aitortu du Anduezak: «Goitik behera aztertu zuen guk bidalitakoa, eta bere barrendik ateratako klabeak eman zizkigun, adibidez genero kontuetan. Funtsezkoa izan da». Haren iritziak kontuan harturik, idatzaldia gelditu, lehen orriraino atzera egin, eta bide osoa berregin zuten Albizuak emandako ikuspegitik. «Hortik amaierarainokoa oso erraz egin dugu», erantsi du Luzarragak.
Anduezak esker ona besterik ez du Albizuarentzat: «Pertsonaiak politagoak dira, eta liburua hobea da hari esker».
Anduezak eta Luzarragak ez dute zehaztu nahi izan nork zer pertsonaiari eman dion forma, baina haien ibilbidea ezagutzen duenak erraz igarriko diolakoan daude.