Artea

Joelle Tuerlinckxek dimentsio ugariren artean egindako «bidaia» ikusgai jarri du Artiumek

Artista belgikarrak 'El caso de l(a casa) museo(a)' erakusketa zabaldu du Gasteizko Artium museoan. Espazioa, denbora eta soinua elkarrizketan jarri ditu atzera begirako «nahasgarri» batean.

Joelle Tuerlinckx, gaur, Artiumeko erakusketan azalpenak ematen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Joelle Tuerlinckx, gaur, Artiumeko erakusketan azalpenak ematen. ARITZ LOIOLA / FOKU
edurne begiristain
2024ko azaroaren 15a
15:35
Entzun

«Baduzu ideiaren bat?», galdetu zion Beatriz Herraez Artium museoko zuzendariak Joelle Tuerlinckxi (Brusela, 1958), erakusketa prestatzen hasteko museora egindako lehen bisitaldian. «Batere ez», erantzun zion artistak. Tuerlinckxek ongi gogoan du museoan egindako aurreneko egonaldian izan zuen elkarrizketa hura, eta uste du bikain definitzen duela berak arteari buruz duen ikuskera eta lan egiteko erabiltzen duen moldea; modu «ez-konbentzionala», guztiz. Eta, molde hori erabilita, espazioa, denbora eta soinua elkarrizketan jarri, eta dimentsio ezberdinen arteko proposamen berezi bat bistan jarri du Artium museoan, El caso de l(a casa) museo(a) erakusketan. Artiumek Bruselako Kanal Centre Pompidourekin elkarlanean ekoitzi du erakusketa, eta apirilaren 27ra arte egongo da ikusgai.

Ez da espero bezalako erakusketa bat. Eta ez da atzera begirako bat; ez, bederen, «ohiko» atzera begirako bat, Tuerlinckxek aitortu duenez. Izatekotan, atzera begirako «nahasgarri» bat da, Herraezen esanetan. Tuerlinckx trebea da askotariko denbora tarte eta espazioak —bere estudioa barne— gune jakin batzuetan uztartzen eta horiei bestelako bizitza bat ematen: toki jakin baterako propio sortzen ditu piezak, eta modu abstraktuan lantzen ditu espazioa eta denbora. Eta Artiumerako ondutako erakusketan ere, askotariko praktikak eta soinu instalazioak eraldatu, museoetako protokoloak eta gailuak baztertu, hango lantaldeen inplikazioa bilatu, eta haien eguneroko eginkizunak, hitzak eta keinuak bere ekoizpenaren lehengai bilakatu ditu.

«Toki batera iristen naizenean, interesatzen zaidana da toki hori zer-nola berraztertu dezakedan», azaldu du artistak. «Ideiarik gabe lan egiten dut. Horrela egiten saiatzen naiz. Funtsezkoa da hori niretzat». Eta halaxe egin du Artiumen. Lan historikoak duela gutxiko proposamenekin nahastu ditu, eta, aldi berean, aldez aurretik egindako piezen eta erakusketen aztarnak eta erregistroak baliatu ditu pieza berriak sortzeko. «Bidaia» baten antzekoa izan da esperientzia artistarentzat, «bidaia liluragarria».

Joëlle Tuerlinckxen lan bat Artiumeko erakusketan. ARITZ LOIOLA/ FOKU
Joelle Tuerlinckxen lan bat, Artiumeko erakusketan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Moments d’espace (Espazio uneak) liburua inspirazio iturri izan du erakusketa osatzeko. Tuerlinckxek berak 2011n idatzitako liburuan topatu du bildumarako behar zuen inspirazioa eta lan metodologia, eta, haren bidez, elkarrizketan jarri ditu kontzeptu ugari: jatorrizkoa eta haren bikoizketa, errepikapena, interpretea, itzultzailea, irakurlea, bisitaria, espazioa, soinua, argia eta itzala, besteak beste. Elementu horiek guztiek eman dizkioten aukerak erabili ditu bai piezak sortzeko, bai bilduma museoaren espazioan antolatzeko. «Geruza ugari» erabili ditu hartarako, Catalina Lozano komisarioak esplikatu duenez.

«Toki batera iristen naizenean, interesatzen zaidana da toki hori zer-nola berraztertu dezakedan»JOELLE TUERLINCKXArtista

Erakusketaren izenburuak ere jolas egiten du bi dimentsiorekin: etxeko espazioak (etxea) eta espazio instituzionalak (museoa). Goiburuak islatzen du artistak bere lana «aztergai» gisa lantzen duela, eta, hala, errepikatu egin ditu etxean zein museoan bizi diren denbora bikoizketen jolasak, Lozanoren arabera.

«Alegiazko» areto bat

Sinfonia bat da bildumaren pieza nagusia. Museoan hainbat egonaldi, topaketa eta elkarrizketa luze egin ondoren, Tuerlinckxek Christoph Fink artistarekin elkarlanean ondu du oihartzunen eta erresonantzien sare gisa funtzionatzen duen sinfonia bat. «Bertakoekin lan egitea gustuko dut», aitortu du artistak piezaren esanahia azaldu duenean. Museoaren A2 eta Z aretoetan sartu ahala, berak proposatutako testuak eta esaldiak irakurtzen dituzten ahots ugari entzun daitezke: artistak berak museoko zuzendaritzako kideei, segurtasun arloko langileei, argiketariei eta abarrei beren lanari eta museoaren funtzionamenduari buruz egindako galderei emandako erantzunak dira. 

«Alegiazko areto bat» da erakusketa, Tuerlinckxen esanetan. Hutsunearekin eta espazioarekin esperimentatu du lan askotan, eta kontatu du «ezustekoek» beren tokia izan dutela horietako batzuetan. Adibidez, lurrean karratu bat marrazteko museoari paper birrindua eskatu eta txikitutako paper zatiz beteriko zaku handi bat eman ziotenean, erabaki zuen hura ere piezaren parte izango zela. «Gustuko ditut sorpresak, eta onartu egiten ditut».

Aurrez pentsatu gabe eta «bere kasa» eraiki diren beste pieza ugarirekin ondu du erakusketa. Besteak beste, leihoetatik aldiro sartzen diren eguzki izpiekin eta itzalekin jolastu da, eta espazio «aldakor eta deszentratuak» sortu ditu, eta «mezu sinbolikoez» beteriko gune ilunak eraiki ditu, «Trumpek hauteskundeak irabazi ostean dena beltzago» ikusten duelako.

Joelle Tuerlinckx
Joelle Tuerlinckxen hainbat obra, Gasteizen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.