Ez zen kiniela askotan ageri Jon Fosse (Haugesund, Norvegia, 1959) iaz Literaturako Nobel saria eskuratu zuenean. Hilabete gutxian, ordea, indarrez zabaldu da haren obra letren esparruan, eta euskarara ere lehenengoz helduko da orain, Zaitegi sariari esker. Joannes Jauregik irabazi du (Astigarraga, Gipuzkoa, 1994), eta, zehazki, Fosseren Trilogia eleberria itzuliko du. Santi Leonek, Gema Lopez Las Herasek eta Juan Mari Mendizabalek osatutako epaimahaiak erabaki du hala, eta Elkar argitaletxeak plazaratuko du emaitza, urtearen amaiera aldera.
Ikusi gehiago
Itzultzailea eta BERRIAn literatur kritikak idatzitakoa da Jauregi, eta, aurrez, itzulpen hauek argitaratu ditu, besteak beste: Sherwood Andersonen Winesburg, Ohio (Erein, Igela) eta Yannis Ritsosenpoesia kaiera, Munduko Poesia Kaierak bilduman (Susa).
AED Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak eta Elkar-ek antolatzen dute Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketa, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, eta Literaturako Nobel saridunak ekartzen dituzte euskarara harekin. Azken urteetan, besteak beste, Gemma Lopez Las Herasek (Emakume izoztua, Annie Ernaux), Maialen Berasategik eta Joxe Mari Berasategik (Paradisua, Abdulrazak Gurnah) eta Garazi Ugaldek (Basairisa, Louise Gluck) irabazi dute lehiaketa.