Joanmari Larrarte izendatu dute Elkar fundazioko patronatuko lehendakari

Joxemari Sorsen lekua hartuko du Larrartek. Sors 2014tik zen lehendakari.

Joanmari Larrarte, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA/ FOKU
Joanmari Larrarte, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA/ FOKU
edurne begiristain
2024ko irailaren 18a
11:36
Entzun

Joanmari Larrarte (Hernani, Gipuzkoa, 1967) izendatu dute Elkar fundazioko patronatuko lehendakari. Elkarrek jakinarazi duenez, Larrartek ordezkatuko du Joxemari Sors (Errenteria, Gipuzkoa, 1951) karguan. Sors 2014tik izan da patronatuko lehendakari, eta, ardura postua utziko badu ere, hartako kide izango da aurrerantzean ere.

Azken urteetan, Larrartek Elkarren egin du lan, komunikazio eta kultur arloko zuzendari gisa, eta argitaletxean ere aritu da, edizio eta koordinazio zereginetan. 2020tik, Jakin fundazioko lehendakari ere bada Larrarte. Hain justu ere, 2020an, Joan Mari Torrealdai hil zenean, Larrartek hartu zuen haren lekukoa Jakin fundazioko patronatuan.

Larrarte Euskal Filologian lizentziatua da, eta euskararen eta euskal kulturaren eremuan egin du ibilbide profesionala. AEKn aritu zen 1987tik 1999ra, bai irakasle modura eta bai bestelako ardura postuetan, eta, horren ondoren, Euskaldunon Egunkaria-n hasi zen beharrean. Euskarazko kazetan lanean ari zela, Martin Ugalde kultur parkearen sorreran parte hartu zuen.

2003an Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi ostean BERRIAn lanean hasi, eta BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria izan zen hamar urtez, 2013ra arte. Hurrengo bi urteetan BERRIAko marketin sailean aritu zen, eta, ondoren, Elkar taldean lanean hasi. 2015az geroztik, Elkar argitaletxeko komunikazio eta kultur arloko zuzendaria da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.