bertsolaritza

Joanito Mitxelena Oiartzungo bertsolaria hil da

1995etik hainbat aldiz parte hartu du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, eta Oiartzungo bertso eskolaren hamaika egitasmotan aritu da antolatzaile eta laguntzaile.

Oiartzungo Karrika auzoko bertso eskola (Artaso elkartean). Goian, aurrez aurre, ezkerretik eskuinera: Arkaitz Goikoetxea, Ander Lizarralde Jimeno, Juan Mari Lopez eta Juanito Mitxelena. Behean, bizkarra emanda, ezkerrean Joxe Juan Zubieta "Etxabe". JON MARTIN
inaki petxarroman
2019ko urriaren 25a
21:02
Entzun

Arratsaldean eman dute Joanito Mitxelenaren heriotzaren berri bertso eskolako haren adiskide batzuek, sare sozialetan, eta geroxeago berretsi du albistea Bertsozale Elkarteak bere webgunean. Bertsolari herrikoia eta hamaika saltsatan ibilitakoa, aski ezaguna zen Oiartzualdean eta, bereziki, Oiartzunen (Gipuzkoa).

Herri horretako Karrika auzoko Oiantzabal baserrian jaio zen, 1953an, eta baserri lanean eman zuen gaztaroa. Gero Oiartzungo Udalean hasi zen, iturgin gisa, eta gaztetan egin zuen salto oholtzara. Urkabe mendiko erromerian egin zuen lehenengo plaza, Tapia anaiak eta Arizluzieta kide zituela.

Herrikoia eta autodidakta izan da bertsotan, eta Oiartzungo bertso eskolaren jarduera askotan parte hartu du. Besteak beste, 2017ko Gipuzkoako herriarteko bertsolari txapelketan Martzelina taldean aritu zen kantari. 1995etik hainbat aldiz parte hartu du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, eta 2007koan, esate baterako, sailkapen fasera igarotako bertsolarien artean zaharrena izan zen.

Oiartzungo txapelketan ere parte hartu izan zuen; horrez gain, bertso jartzaile eta hamaika ekitaldiren laguntzaile eta sustatzaile izan ere izan zen. Besteak beste, Oiartzungo Bertso Astearen sortzaile izan zen.

Hainbat bertsolari belaunaldiren arteko zubi lana egin zuen. Besteak beste, Koxme Lizaso, Joxe Joakin Mitxelena eta Manuel Olaizola Urbieta Uztapide-rekin aritu zen kantuan,eta baita, noski, Oiartzunek eman duen bertsolari gazte belaunaldi oparoko kide askorekin ere: Amets Arzallus, Sustrai Colina, Arkaitz Goikoetxea, Juan Mari Lopez, Jon eta Alaia Martin, Karlos Aizpurua eta beste askorekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.