Tracey Thorn (ahotsa) eta Ben Wattek (gitarrak, sintetizadoreak, bestelakoak) 1999an argitaratu zuten Everything But The Girlen azken aurreko diskoa, Temperamental. Disko hartan, hiru urte lehenago Walking Wounded (1996) lanarekin elektronikara egindako jauzi arrakastatsuan sakondu zuten, baina, ordurako, guraso bilakatuak ziren, eta eten bat egitea erabaki zuten. Orduz geroztik, ordea, Thorn eta Watt ez dira geldi egon. Lehenengoak disko gutxi batzuk grabatu ditu bakarka, baina liburuak ere argitaratu ditu, eta zutabegile ere aritu da prentsan; Wattek, berriz, folkak eta popak zeharkatutako hiru lan luze atera ditu. Inor gutxik espero zuenean, baina, proiektu zaharra berreskuratu, eta disko berria kaleratu du Everything But The Girlek: Fuse.
Kontuan izanik 1982an sortu zenetik taldeak estilo ugaritako diskoak argitaratu zituela, beti poparen esparruan —bossak eta jazzak blaitutakoa (Eden), orkestratua (Baby, The Stars Shine Bright), mainstrem-etik gertukoa (The Language of Life), elektronikoa (Walking Wounded)—, argitzeko zegoen Fuse-n nondik joko zuten. Azkenean, baina, bikotearen azken diskoen bidetik jo dute oraingoan ere: «Ez genuen plan handirik. Zerbait librea egiten saiatu ginen, eta hauxe atera zen. Piano inprobisazioekin eta ehundura elektronikoekin egin genuen lan. Esperimentatzen», nabarmendu du Thornek.
Nolanahi ere, bi musikariek agertu dutenez, 2021. urtean kantuak sortzen hasi zirenean artean ez zekiten disko bat osatuko zutenik ere. «Musika egiten ari ginen, besterik gabe».
Doinu elektronikoek bustia
Aurrez ideia jakin bat pentsatu ez izanak izango du zerikusirik Fuse-k biltzen duen paleta ugarian. Izan ere, Everything But The Girlek 1990eko hamarkadan landu zuen musika elektroniko dantzagarri eta malenkoniatsuaren arrastoak disko osoan aurki daitezkeen arren —Nothing Left to Lose lehenengo singleak aurreratu zituenak—, Fuse ez da norabide bakarreko diskoa. Eta nahiz eta taldearen nortasunari eusten dion, gaur egungo soinuetara egokitzeko ahalegin bat ere azaleratzen du. Esaterako, Run a Red Light-ek, bere pianoarekin eta Thornen ahots goxo bezain sarkorrarekin, soul musika ekartzen du XXI. mendera, eta When You Mess Up, berriz, autotuneak apur bat bihurritu duen torch-song atmosferiko aparta da.
Disko ia osoa mugitzen da tempo lasai edo ertaineko kantuen —Lost, amaren galerari buruzko pieza leuna; Time and Time Again; No One Knows We're Dancing— eta abesti triste baina dantzagarrien artean (Caution to the Wind, Forever). Baina bada, era berean, pianoaren gainean eraikitako balada zirraragarri bat ere (Interior Space).
Thornek eta Wattek azaldu dute kantuen hitzak itxaropenaz eta etsipenazmintzo direla, eta batez ere, berriro ere hasteari buruz. Ikusi beharko da hau taldearen piztearen lehen zantzua ote den benetan.
Joan gabe, bueltan dira
Tracey Thorn eta Ben Watt bueltan dira. Ez dira inoiz joan, baina, ia 25 urteko etenaren ostean, Everything But The Girl proiektua berreskuratu dute, 'Fuse' lanarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu