Argazkilaritza

Joan Fontcuberta, piztiekin jolasean

Argazkilariaren ‘Monstrorum historia’ erakusketa ikusgai da Donostian, Artegunean. Munstrotasuna ez ezik, teknologia, natura, argazkigintza eta egiaren arteko gatazkak ditu gogoetagai.

Joan Fontcuberta argazkilariak askotariko piztiaz, landarez eta koralez bete du  Donostiako Artegunea aretoa. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Joan Fontcuberta argazkilariak askotariko piztiaz, landarez eta koralez bete du Donostiako Artegunea aretoa. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2025eko martxoaren 20a
18:53
Entzun 00:00:0000:00:00

Irudia eta irudikatutakoa, errealitatea eta kontakizuna. Zaila da asmatzea zer den zer Joan Fontcubertaren irudietan. Baina zalantza horrekin jolastea proposatzen dio ikusleari, haren begirada kritikoa pizteko asmoz. Natur zientzietako museo baten itxura hartu du Donostiako Tabakalerako Kutxa-Arteguneak Monstrorum historia erakusketarekin. Askotariko piztiaz, landarez eta koralez bete baitu espazioa argazkilariak. Haren ibilbide osoko lanak bildu dituzte aretoan, eta dinosauroak protagonista dituen bilduma bat lehen aldiz jarri dute ikusgai. Eta poz-pozik agertu da artista, erakusketa Dinosauroen Nazioarteko Egunean aurkeztu dutelako. Ekainaren 29ra arte egongo da zabalik.

Artista, irakaslea, arte kritikaria, komisarioa eta historialaria da Fontcuberta (Bartzelona, 1955). Hainbat saiakera idatzi, eta sari ugari irabazi ditu bost hamarkadako argazkilari ibilbidean. Sarritan, argazkilaritzaren ustezko egiazkotasuna zalantzan jartzea izan da haren lanaren ardatza. Sonia Berger erakusketaren komisarioak azaldu duenez, «haren ibilbidean ohikoa izan da agerian jartzea naturaren, teknologiaren, argazkiaren eta egiaren arteko gatazkak». Eta proposamen berrira ere eraman du gatazka hori.

(ID_14788858) ESPAÑA JOAN FONTCUBERTA
Sonia Berger komisarioa eta Joan Fontcuberta argazkilaria, Artegunean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Naturari eta teknologiari buruzko kezkek zeharkatzen baitute areto osoa. «Erakusketa honetan nahiko nabarmen ikusten da nire etxeko marka: naturan kuxkuxean ibiltzea. Baina niri ez zait natura bera hainbeste interesatzen, aitzakia gisa interesatzen zait: maite dut esatea naturaren argazkilaritza egiten dudala, argazkilaritzaren naturara iristeko», azaldu du artistak. Harentzat argazkia «pentsatzeko modu bat» baita, eta gaur egun irudiak duen garrantziaz ere egin du gogoeta: «Argazkiak gero eta leku handiagoa hartu du gure bizitzetan, eta, lengoaia gisa, errealitatea sortzen du. Irudien errealitate batean bizi gara, zeina errealitate fisikoa bezain garrantzitsua den». Irudiz gainezka egiten duen mundu batean, haren lanak «bizirauteko kit bat» dira harentzat.

«Niri ez zait natura bera hainbeste interesatzen, aitzakia gisa interesatzen zait: maite dut esatea naturaren argazkilaritza egiten dudala, argazkilaritzaren naturara iristeko»JOAN FONTCUBERTAArgazkilaria

Ulisse Aldrovandi naturalista italiarrak 1642an idatzitako tratatu ezagun batetik hartu du izenburua erakusketak. Fontcubertak 1980ko urteetan ezagutu zuen obra hori, eta gaurdaino eutsi dio gaiarekiko interesari. «Niretzat, munstrotasuna ez da izutzen edo atsekabetzen gaituena, baizik eta bakana dena, ezohikoa, ohikoa ez dena. Eta beraz, galdera bat jartzen du agerian: zer den normala, eta zergatik baztertzen dugun bestelakoa dena». Hori da bildumaren gaietako bat. 

Erakusketa bere lanaren «alfa eta omega moduko bat» ere badela esan du, bere ibilbidea ongi laburbiltzen duela iritzita. «Duela 40 urte egindako bi proiektu daude, eta labetik atera berri diren beste bi. Eta halere, koherentzia bat sumatzen da asmoetan, baina erabat aldatu dira lan moldeak».

«Niretzat, munstrotasuna ez da izutzen edo atsekabetzen gaituena, baizik eta bakana dena, ezohikoa, ohikoa ez dena»JOAN FONTCUBERTAArgazkilaria

Hain zuzen, lau proiektu biltzen ditu Monstrorum historia-k: batetik, Herbarium (1982) eta Fauna (1989), Fontcubertaren lehen bildumetako bi, aro predigitalekoak; eta, bestetik, HeghDI’ vem ghaH tu’lu’ Dinosaur (2023) eta What Darwin Missed (Darwinek galdu zuena) (2024), haren lan berrienetako bi, zeintzuetan adimen artifizialeko bistaratze sistema sortzaileak baliatu dituen. 

Kontakizuna eta jolasa

Artistak aitortu du umorea estrategia gisa baliatzen duela ikuslearen arreta bereganatzeko. Baina narratiba da, haren hitzetan, lau bildumen beste ezaugarrietako bat. «Proiektuotan, irudiak istorio, fotonobela edo komiki baten osagai grafikoak dira funtsean; ziurtasuna ematen diote narrazioari, eta kontakizun literarioa egiantzekoago egiten dute». 

Narratiba horietan barrena ibiliko da ikuslea aretoan. Fauna proiektuko lanek hartzen dute espazioaren zatirik handiena, eta animalien erreinuko «bitxikerien kabinete bat» biltzen da bertan: askotariko piztia harrigarrien argazkiak, landa marrazkiak, mapak, eskuz hartutako oharrak, hots erregistroak eta disekatutako izakiak, besteak beste. 

(ID_14789981) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-03-20, Donostia. Joan Fontcubertaren erakusketa (Monstrorum) aurkeztu dute
Erakusketan ikus daitekeen piztia harrigarrietako bat. GORKA RUBIO / FOKU

Aretoaren barruko gela batean kokatu dituzte Herbarium saileko obrak; forma bitxiko landareak erakusten dituzte. Azken bi urteotan, irudi horiek adimen artifizial sortzailea baliatuta berregin ditu Fontcubertak, eta gela berean kokatu dituzte horiek ere, nahasian. Batzuk eta besteak bereizteko jolasa proposatu dio horrela ikusleari. 

Espazioan aurrera eginda, koralak topatuko ditu bisitariak; benetako irudiak eta adimen artifizialarekin sortutakoak tartekatzen dira What Darwin Missed sailean ere. Eta artistak bere buruari egindako galdera bat dute abiapuntu: zer ez ote zuen aurkituko Charles Darwinek Galapago uharteetan hiru astez beharrean urtebetez egon balitz? 

(ID_14789988) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-03-20, Donostia. Joan Fontcubertaren erakusketa (Monstrorum) aurkeztu dute
Argazkiak, mapak, landa marrazkiak eta beste ikus daitezke erakusketan. GORKA RUBIO / FOKU

Goiko solairua, berriz, dinosauroek hartu dute osorik. Museo eta parkeetan hartutako irudiak Star Trek sagako erreferentziekin nahastu ditu artistak, beste kontakizun bat sortzeko.

Erakusketaren osagarri, liburu bat argitaratu dute —ez da erakusketaren katalogoa, Fontcubertaren testu teorikoen bilduma bat baizik—, eta hainbat jarduera izango dira erakusketa zabalik dagoen bitartean; tartean, argazkilariaren eta Ivan de la Nuez arte kritikariaren arteko solasaldi bat, maiatzaren 29an. 

(ID_14789991) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-03-20, Donostia. Joan Fontcubertaren erakusketa (Monstrorum) aurkeztu dute
Fontcuberta, dinosauro bat laztantzen erakusketaren goiko solairuan. GORKA RUBIO / FOKU

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.