Joan-etorriko sorkuntzak

Euskal Herriko nahiz atzerriko zortzi artistak egonaldietan garatutako proiektuak ikusgai jarriko dituzte Tabakaleran, bihartik aurrera. Lan prozesu batzuk ere erakutsiko dituzte

Joan Etorriak programako hainbat artista eta arduradun, atzo, Donostiako Tabakaleran. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Euskal Herritik Arnhem (Herbehereak), Wroclaw (Polonia) eta Rijekara (Kroazia) abiatu ziren Elssie Ansareo, Aitor Gametxo, Mario Paniego eta Diego Vivanco. Lau euskal artisten alderantzizko ibilbidea egin zuten, aldiz, Hanna Ilczyszy, Gabriela Kowalska eta Jakub Szafranski poloniarrek, Nika Rukavina kroaziarrak, eta Turbo&Diesel Herbehereetako kolektiboko sortzaileek. Beren ohiko testuingurutik kanpo, proiektu bana garatzeko egonaldiak egin zituzten denek, Joan Etorriak egitasmoaren barruan. Sortze prozesu horien emaitzak —eta prozesuak ere zenbait kasutan— Donostiako Tabakaleran erakutsiko dituzte bihartik aurrera. Urtarrilaren 9ra bitarte egongo da zabalik erakusketa kolektiboa.

Europako artisten arteko loturak eta trukeak sustatzeko asmoz sortu zuten Joan Etorriak programa D2016k, Etxepare Euskal Institutuak eta Donostia Kulturak. Hiru alditan, hemengo nahiz kanpoko 22 artistak parte hartu dute orain arte. Eta hirugarren txandan aritu diren artisten lan askotarikoak bildu dituzte erakusketan. Guztiek txalotu dute halako esperientzien aberastasuna, beste testuinguru batean eta bestelako harremanak gauzatuz sorkuntzan jarduteko aukera izatea. Eta guztiek eskatu dute, Kultur Hiriburutzaren urtetik haratago ere, programak aurrera jarraitu ahal izatea. Askotan, egoitza beken bidez baino ez baitute izaten horrela jarduteko aukerarik. Ideia hori bera, «artisten egungo egoera», izan du abiapuntu Diego Vivancok bere proiektuan. «Normalean, beste lan batzuetan jardun behar izaten du artistak bere benetako lana, artistarena gauzatzeko. Nik ere lan askotan jardun izan dut, besteak ordaindu ahal izateko». Hala, beka lortuz gero, bere proiektuan horixe islatuko zuela erabaki zuen: beste lan horietan aritzearen errealitatea. Istanbulen argiketari moduan aritu zen hiru hilabetez, eta okin nahiz tapizatzaile lanetan Wroclawn, beti musu truk, beka bazuelako; langile auzoetako bizilagunekin hitz egin zuen, ez zuelako nahi beste inor lanik gabe utzi. «Gaur egungo artistaren bizitza zalantzan jartzeko modu bat izan da, eta artearen eta bizitzaren arteko hesiak non dauden zalantzan jartzekoa ere bai». Prozesua bideo batean jaso du. Pantailaren parean, postontzi bat jarri du, Poloniako irudiak postal bihurtuta jasotzeko.

Elssie Ansareok argazkiak jarri ditu, batik bat, bere instalazioan,Arnhemeko Motel Spatie gunean bizi izandakoak erakusteko. Migratu duten lagunekin lan egiten dute arte espazio horretan. «Pertsona jartzen dute erdigunean, begirada kondeszendentea bazter utzita». Han bizitako esperientziak islatu ditu Ansareok argazkien eta bestelako objektuen bidez. «Bidaia kaiera bat da hau ia; objektu edo irudi bakoitzak istorio bat du atzean». Bideogintzan jarduten du Aitor Gametxok batez ere. Lehen aldiz egin du halako egonaldi bat atzerrian, eta lehen aldiz hiri bat ezagutzeko prozesua dokumentatu nahi izan du. «Zintzotasun ariketa bat iruditu zitzaidan hurbilekoa sentitzen nuen nonbaitetik hastea, eta joanden mendeko hiri sinfonia generoetatik abiatzea aitzakia aproposa iruditu zitzaidan Wroclawra hurbiltzeko». Bartzelonan zeinu hizkuntza ikasten aritu zen lehenago, eta bat-batean «irudi mutu haiek eta isiltasunean bizi direnen lengoaia lotzea» otu zitzaion. Sinfonia isil bat ikus-entzunezko lanean jaso du emaitza. Mario Paniegok ere bideo bat jarri du ikusgai, munduko bola baten ondoan; bola manipulatzen ageri da bideoan, baina ez du emaitza aurreratu nahi izan. Alboan, Rijekako olatu horman egindako esku-hartzearen eskuorriak jarri ditu: hamasei migratzaileren esaldiekin plakak jarri zituzten, eta esaldi horiek irakur daitezke eskuorrietan. Migratzeari buruzkoak dira bere bi egitasmoak.

Bitartekaritzaren garrantzia

Hiri bakoitzean, tokiko artistekin, eragileekin eta bizilagunekin harremanetan izan dira lau euskal sortzaileak beren proiektuak garatzen. Eta halaxe jardun dute Euskal Herrira etorritakoek ere. Jakub Szafranski da horren adibide. Duela lau urte Euskal Herrian bizi izan zen, eta, ordutik, hemengo zenbait kultur adierazpide aztertzen aritu da. Bertsolaritzan jarri du arreta bere obran, eta galdera batetik abiatu da: euskaraz batere jakin gabe, nola heltzen ote dioten beste zentzumenek ahozkotasunean oinarritutako halako esperientzia bati. Bertsolariekin nahiz zaleekin hitz eginez eta hamaika ekitalditara gerturatuz osatu du bere gogoeta, eta ikus-entzunezko batean bildu du.

Oso bestelako proposamena da Gabriela Kowalska artista eta diseinatzailearena. Donostiaren eta donostiarren nahiak eta beharrak ezagutzeko, 70 lagun inguru elkarrizketatu zituen, eta haien solasaldiak entzuteko aukera ematen duen instalazioa sortu du: parez pare jarritako bi aulki dira, eta entzungailu bana du bakoitza alboan. Baldintza bakarra dago elkarrizketak entzuteko: bi lagun esertzea elkarrekin, bestela audioa ez baita martxan jarriko. Entzutekoak ez, begiratzekoak dira Hanna Ilczyszynek proposatutako obrak. Euskal eta eslaviar mitologiak ikertu, eta zazpi margolan ondu ditu, estilo surrealista eta onirikoa dutenak.

Nika Rukavina performer kroaziarrak, berriz, salaketarako baliatu du bere parte hartzea. «Europan elkarbizitzaren eta identitate amankomunaren alde sustatzen diren kultur proiektuak zalantzan jartzen ditu, eta galdetzen du haien atzean daudenak ez ote diren bulkada ekonomikoak», azaldu du Iker Tolosak, D2016ko Hazitegiak kaiko arduradunak.Hala, D2016ren egoitza aukeratu zuen, orain hamar bat egun, bere performancea gauzatzeko. Euro bateko hamabi txanpon eskuzerraz moztu, eta haiek oihal urdin baten gainean jarrita, Europako bandera osatu zuen. Bideoan jasota utzi du esku-hartzea erakusketarako. Denbora gutxiago egon da artista Euskal Herrian, eta, azkenean, ez dio astirik eman elkarbizitza, gatazkak eta memoria oinarri hartuta gauzatu nahi zuen beste proiektu bat bukatzeko.

Herbehereetako Turbo&Diesel kolektiboaren lana, berriz, erakusketatik kanpo geratu da azkenean, antolatzaileek adierazi dutenez, «epe kontuak direla eta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.