Joan, eta bueltan etorri

Aitor Gametxo eta Diego Vivanco artista bizkaitarrek egonaldi bat egingo dute Wroclawn. Sei astean, artelan bana ondu beharko dute

Xabi Paya, Diego Vivanco, Aitor Gametxo eta Aizpea Goenaga, atzo, Donostiako Etxepareren egoitzan. ETXEPARE.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Beste herrialde batean denboraldi bat igaro, eta artelan bat garatzeko aukera ematen du Joan-etorriak programak. Etxepare Euskal Institutuak, Donostia 2016k eta Donostia Kulturak abian jarritako egitasmoa da, eta, aurten, hirugarren aldiz egingo dute. Euskal Herriko artistei Poloniako Wroclaw hirian egonaldi artistikoak egiteko aukera eman diete beka baten bidez. Horretarako, Wroclaw eta Donostia 2016 Europako kultur hiriburuetako ildoekin lotuta, diziplina askotako proiektuak aurkeztu zituzten artistek deialdira, eta, Aitor Gametxoren (Lekeitio, Bizkaia, 1989) eta Diego Vivancoren (Barakaldo, Bizkaia, 1988) lanak aukeratu dituzte. Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendariaren arabera, «Europako hiriburuen itzalpean egonaldiak egitea estrategikoa da; kultura eta arte alorrean ideiak eta asmoak gauzatu egin behar direlako sorkuntzaren bitartez».

Gametxoren City of Sounds and Silence (Soinuen eta isiltasunaren hiria) lanak Wroclaw hiriaren eta hango gorren komunitatearen erretratua osatuko du. 15-20 minutu inguruko film labur bat izango da, istorio txikien bilduma bat. Batetik, hiriko soinuak eta isiltasuna uztartuz, hango komunitate heterogeneoa nolakoa den erakutsiko du: haurrek, gazteek, bikoteek, gurasoek... osatuko dute paisaia akustikoa. Irudietan, berriz, zeinu hizkuntzak izango du presentzia; eskuak agertuko dira, batez ere. «1920ko hamarkadako genero obra bilakatutako sinfonia urbanoetatik abiatuta, halako zerbait egin nahi dut hirian bertan. Pelikula horietan erritmoak garrantzia handia zeukan. Irudiaren eta soinuaren arteko erlazio horretan, Wroclaw erretratatu nahi dut, eta gorren komunitatea eguneroko horretara nola egokitzen den erakutsi».

Bestetik, Vivancoren ¿Y mañana que? (Eta bihar zer?) lanak artearen inguruko gogoeta bat proposatzen du, artistek duten ziurtasunik ezaren inguruan. «Hamar urte daramatzat lanean artean, eta, paraleloki, bestelako lanak egin behar izan ditut. Beste ogibide batean lan egiten duzu artean lan egin ahal izateko, eta, agian, baita arte munduan dirua irabazteko ere. Egonaldiak, berriz, artistek denbora batean eta leku batean lan egin dezaten sortzen dira, alde ekonomikoagatik kezkatu gabe». Kontraesan horretatik abiatuta, artisten jarrera ezbaian jarriko du. «Ordainsaririk jaso gabe egingo dut lan. Horrek errealitatearen eta artearen arteko mugak lausotzen ditu, artea ulertzeko modua zalantzan jarriz». Horretarako, iragarki bat argitaratuko du Wroclawn: bere burua artearekin loturarik gabeko lanpostuetarako eskainiko du, dohainik. Hortik abiatuta, egonaldian sortutako esperientziak jasotzen dituzten argazkiak, soinuak, bideoak eta ohar pertsonalak bilduko ditu.

Bask jaialdian bilduta

Orain arte, hiru asteko egonaldiak izan dira, eta, aurten, lehen aldiz, luzatu egin dituzte: sei eta zortzi aste artean igaroko dituzte sortzaileek atzerrian. Antolatzaileen arabera, artistek baldintza hobeagoetan lan egitea ahalbidetuko du horrek, eta baita atzerriko eragileekin kolaborazioa sustatzea ere. Datorren astean joango da Vivanco, eta uztailaren 11n itzuliko da. Gametxo, berriz, maiatzaren 24 inguruan joan, eta uztailaren 8an bueltatuko da.Bask jaialdia egingo dute Wroclawn uztailaren hasieran, euskal kultura ezagutzera emateko asmoz, eta han izango dira biak. Gainera, aurreko bi urteetako egonaldietako partaide guztiak gonbidatuko dituzte ekitaldira.

Atzerrian egindako lanak Euskal Herrian ere izango du oihartzuna, Goenagak azaldu duenez. Donostia 2016ren egoitzan erakutsiko dituzte Vivancoren eta Gametxoren lanak, eta proiektu horien arteko «gurutzatzeak» sustatuko dituzte. Xabi Paya Donostia 2016ko kultur programaren arduradunaren arabera, joan den urteetan, proiektuek garatzen eta nahasten jarraitu dute, egonaldiak amaitu eta gero ere. «Joan-etorriko bidaia bat da», erantsi du Goenagak.

Badu beste berrikuntza bat aurtengo ekitaldiak. Joan-etorriak programan ohikoak diren parte hartzaileei —Donostia eta Wroclaw— beste bi gehituko zaizkie: Arhnem hiriko (Herbehereak) Motel Spartie taldea eta 2020an Europako Kultur Hiriburu izango den Rijeka (Kroazia). Bi hiri horietara Euskal Herriko artista bana joango da, baina Goenagak azaldu duenez, oraindik ez dute proiektuak aurkezteko deialdia egin. Aurten, beraz, orotara, Euskal Herriko lau artista joango dira kanpora. Donostiara, berriz, zazpi atzerriko sortzaile etorriko dira udazkenean, aurreko urteetan baino lau gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.