Bizitasuna ageri du hitzetan, keinuetan. «Orain antzerkia tokatzen dela ? Ba, horixe. Kanpora tokatzen dela? Ba, hara». Bizitasuna, betetzen duten uneak ekartzean. «Beti nago desiratzen kanpora joateko. Antzerki birak-eta, hori pila bat gustatzen zait. Furgonetako bidaiak, emanaldiaren osteko uneak. Ez da berdin 25 urterekin edo orain, 58 betetzear nagoela; baina bizimodu hori pila bat gustatzen zait». 30 urtetik gorako ibilbidea osatu du interpretazioaren munduan Ane Gabarainek (Donostia, 1963); zineman, telebistan, antzerkian. Eta segitzen du, bizi. Zein lan duen esku artean galdetu, eta bost hatzak behar izan ditu: Fadoak entzuten zituen gizona, Kepa Errasti eta Iñigo Aranbarrirekin; Zoaz pake santuan, Mikel Laskurainekin; Los Mojigatos-en euskarazko egokitzapena, Laskurainekin eta Getari Etxegarairen zuzendaritzapean; Tanttakaren ekoizpen «handiago» bat —«Fernandok-eta [Bernues] Buenos Airesen ikusi zuten, eta ikaragarri gustatu zitzaien»—; eta pertsonaia txiki bat Angeles Gonzalez Sinderen film berrian, zeina Gabriela Ibarraren El comensal eleberrian oinarrituko den. Gros auzoan bizi da, eta han jarri du hitzordua aktoreak; biharamunean, baina, badoa Madrilera, filmerako jantzi proba bat eta beste egitera, eta hura du buruan, falta direnak lotzeko idazten arituko baitzaio agentea.
Nola gogoratzen duzu ume garaiko Donostia? Orduko giroa?
Idealizatuta agian, baina oroitzapen onak ditut. Ama sanpedrotarra zen, aita Errenteriakoa, eta nik 4 urte nituela etorri ginen Donostiara, Amara Berrira. Gogoan dut lehengusuekin Pasai San Pedron egotea, hango herri enkantua; portua egin gabe zegoen, eta izebaren balkoiak itsasora ematen zuen. Ikaragarria zen. Santo Tomas Lizeoan ikasi nuen, eta gerora ohartu naiz zenbat jende atera den handik, komunikabideetara, kultur mundura... UBI bukatu [Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea] eta Eusko Jaurlaritzak justu orduan sortu zuen Antzerti, lehen antzerki eskola ofiziala, eta haraxe egin nuen.
Nola hartu zuen inguruak?
Nik ordurako banuen sena. Herrerako antzerki talde batean ibilita nengoen, eta sumatu nuen hura gustuko nuela. Gurasoek normal-normal hartu zuten. Esan izan banie abokatu izan nahi nuela, uste dut gehiago harrituko zirela. Amak bai entzun behar izan zuen: «Nola utzi behar diozue hori ikasten, ez du etorkizunik...». Baina esan zuen: «Aizu, ba bere bokazioa da, eta probatu dezala». Eta gaur arte. Zorionez eta zoritxarrez. Momentuak, badakizu.
Antzertiko lehen promozioa izan zen zurea?
Bai, bi promozio paralelo izan ziren. Han ginen Elena Irureta, Kandido Uranga, Patxi Santamaria, Karlos Zabala, Isidoro Fernandez, Eneko Olasagasti, Kontxu Odriozola, Mikel Garmendia... horietatik dezentek jarraitu genuen. Eskolatik atera eta Bederen Bat taldea sortu genuen, zortzi bat urtez aritu zena. Gero, Txalo konpainia sortu zen handik.
Zeintzuk zeneuzkaten erreferentetzat orduan?
Garai hartan, talde profesional handirik ez genuen ezagutzen, baina mugimendua bazegoen: Karrika taldea, Maskarada, Teatro Estudio, urte asko zeramatzaten talde amateurrak... Kanpoan, Kataluniako Els Joglars punta-puntako talde bat zen niretzat. Baina euskaraz profesioa egin gabe zegoen; telebista ere orduantxe hasi zen, eta horrek eman zigun formakuntza handia.
Belaunaldi bati jositako esana bilakatu da jada: «Dena sortzeko zegoen, eta gu han ginen».
Bai, erabat. Dena sortzeko, eta gu gazte-gazte, ilusio huts. Badirudi orain datozenek dena emana dutela, baina ez dute batere erraza. Azkenean, norbera bere garaiaren semea edo alaba da; bidea egiten zoaz,ahalik eta ondoen, ahalik eta gehien disfrutatzen —sufritzen ere bai—, eta gerora soilik hartzen duzu garaiaren kontzientzia.
Bi eta bat, Jaun eta jabe... etxe askotan bat gehiago zineten.
Bai. Bi eta bat-en sitcom formatu hura bukatutzat jo da, baina orduan oso modan zegoen, eta EITB lehenengoetakoa izan zen apustua egiten. Zaila da imajinatzea gaurtik zenbat ikusten zen, ikaragarri.
Euskal Telebistako mugimendu hura sortzen bezala ikusi duzu itzaltzen?
Zeharo. Basamortua etorri da gero. Eta urteak daramatzagu jada basamortuan. Pena handiz bizi da hori sektorean. Tristurarekin, ze zuk ere apustu bat egiten duzu, Euskal Herrian geratzekoa, hemen lan egitekoa... baina ikusten duzu gauzak itzaltzen doazela, gero eta aukera gutxiago dagoela, eta jendeak azkenean ihes egiten du, ze bizi ere egin behar du.
Eneko Sagardoik esana du orduko ekoizpenen ugaritasuna ikusita pentsatu izan duela: «Baina noiz gertatu da hau?».
Bai. Guk horien aldean zorte handia izan genuen, lan egiteko eta esperientzia hartzeko aukera handia. Gainera, telebistan asko ikasten da. Pentsa, Bi eta bat-ekoak ordu erdiko atalak izaten ziren, eta astebete hartzen genuen bakoitza grabatzeko. Muturreraino zaintzen zen. Hartualdi mordo bat egiten genituen. Alfonso Arandia zen errealizadorea, eta oso zorrotza zen. Dirua eta denbora zeuden lehen, eta orain pentsaezina da hori. Pikutara joan da. Orain, ia hiru orduko lan bat egin dezakezu astebetean.
Aktore gazteagoekin lan egitean, zein gogoeta ateratzen dira?
Gogoetak ez dakit, baina niri pila bat gustatzen zait belaunaldi gazteagoekin lan egitea. Indar handia ematen dit, txutea. Orain, adibidez, Nahiak izeneko websail baterako pilotu bat egin dugu, Ander Iruretagoienarekin-eta. Eta aktoreak soilik ez, alderdi teknikoetan ere gazte asko ikusten da; jende langilea eta zentzuduna, lan egiteko gogoa duena. Eta horrek poza ematen du. Gero badago beste alde bat nagia sortzen dizuna, eta esaten duzu: «Ai, gizajoak!» [barre egin du ozen]. Baina gauza bat bai esaten diot neure buruari: ez dut inolaz ere iritsi nahi puntu batera non pentsatuko dudan 30 urteko zuzendari batek ezingo didala ezer irakatsi. Hori pentsatzen dudanean, hilda egongo naiz.
[Eten bat egin du agentea mezuak bidali eta bidali ari zaiolako. Kexu da ez ote litzatekeen maiz errazagoa izango zuzenean bitartekaririk gabe aritzea, baina ez dio erakusten halako nekerik hari; ahots mezu bat bidali dio azkenean, esker oneko tonu atseginez].
Une ederrak bai, baina ondo zailak ere badakartza lanbideak, ez?
Bai. Oso ofizio zaila da, eta une latzak pasatzen dira. Baina aurrera jarraitu behar da, eta lana ez dagoenean, lagunekin elkartu eta segi. Elena Irureta, Aizpea Goenaga eta hirurok hala egin genuen behin: bolada txarra generaman, eta euskaltegietarako proiektu txiki bat sortu genuen, hor hutsune bat egon zitekeelakoan. Ez badago, zerorrek sortu behar duzu lana, etxean geratu ordez telefonoak noiz joko zain. Telefonoa ondoan izan behar da beti, bai, baina bitartean hobe da idazten joatea.
Hartzen zaio neurria ezegonkortasun horri?
Ikasi egiten da horrekin bizitzen. Hilabeteak lan gabe egon ostean, batera heldu daitezke aukerak, eta denari baietz esan eta gero ezin moldatuta ibiltzea ere gertatzen da. Biek sortzen dute antsietatea, eta hori kudeatzen ere ikasi behar da. Baina hilabeteroko soldata finko bat, opor ordainduak... hori zer den ez dugu sekula jakin.
Alfonbra gorriaren gainean agertzen zarete, baina azpian...
Ene, azpian! Ni jo eta ke ari naiz 20 urte ditudanetik, eta ez glamourrean, utzi hori... Gu langileak gara, oinarri-oinarrikoak.
Ofizioak badu, ordea, ardatz oso eder bat, pertsonaiak gorpuztearena. Nola lantzen duzu hori?
Pertsonaiaren eta erregistroaren arabera. Oro har, ez naiz zorrotz horietakoa. Niretzat oso garrantzitsua zuzendaritza da. Nork eta nondik eramaten zaituen, era batera edo bestera lantzen duzu pertsonaia. Oso polita izaten da, adibidez, zuk etxetik zerbait oso landuta eramaten duzunean, argi ikusten duzunean pertsonaia nolakoa den, nolakoa izan behar duen eszenak, eta bat-batean zuzendaria etorri eta pin-pan pikutara bidaltzen duenean dena, eta gainera konbentzitu egiten zaitu.
Inportantea da pertsonaiari lekua uztea, aktoreak osatzeko?
Bai. Uste dut sorkuntzaren alde doala hori. Dena argi badago hasieratik, ez dago hazteko marjinarik. Betikoa egiten duzu, betiko bizioekin —eta batzuetan ongi etorriak bizioak, hori ere esan behar da, norbere bizioengatik ere nahi izaten baitzaituzte—. Baina eskemak apurtzea asko gustatzen zait, zentzu onean baina zuzendariarekin borroka horiek izatea, beste norabait heltzeko.
Eta nola kudeatu pertsonaiarekin sor daitezkeen gatazkak?
Pertsonaiekin bainoago, sortzen diren eszenekin eduki izan ditut nik gatazkak. Batzuetan zuk ez duzu argi ikusten, eta blokeoak etortzen dira. Baina gero, azkenean, ez dago ezer hain inportantea, eta sormen lan batean zaudenean batzuetan gauzei ere utzi egin behar zaie berez etortzen. Txarrena da askotan azkarregi doala dena: oso denbora gutxi izaten dugu sekuentzia bat egiteko, eta entseatu egin behar da, eta gauzak ulertu.
Baduzu pertsonaia kuttunik?
Bi eta bat-eko Jaione bai behintzat. Kuttuna dut Ados-ekin egin genuen Maitasunaren ostean maitasuna antzezlaneko pertsonaia ere. Alzheimerrari buruzko obra bat izan zen, eta asko gozatu nuen harekin. Gero, azkenaldikoekin gelditzen zara, eta bai Patria-koa eta bai Allí abajo-koa ere gustura egin ditut. Eta Fadoak entzuten zituen gizona-ko pertsonaia ere bai, noski. Ikaragarri ondo pasatzen dut harekin.
Emakumezko aktoreentzat urriagoak dira lan aukerak; are urriago adin batetik aurrera?
Bai. Betidanik ezagutu dugun errealitatea da hori. Gizonezkoek lan gehiago daukate; pertsonaia gehiago izaten dira, eta aukera gehiago izaten dituzte. Aldatuz doa pixkanaka, eta emakumezko ekoizle eta zuzendariak ere gero eta gehiago dira, baina oraindik gizonen alde dago balantza.
Rol jakin batera murriztua ez izatea borrokarako gai izaten da?
Ohikoa izaten da, eta normala ere bai. Merkatua ikusita, produktoreak eta zuzendariak ez dira hor askorik arriskatzen. Ni ikus-entzunezkoetan batez ere komedia egiteko deitu izan naute, eta lana denez, ba, pozik. Baina aktore batentzat polita erregistroz aldatzea da, probatzea. Antzerkiak aukera gehiago ematen ditu horretarako.
Patria aipatuta, haren fokupean ere izan zara azkenaldian. Sortu du zalaparta, kritikak, txaloak, sariak. Nola bizi izan duzu hori dena?
Tsunami bat izan da. Baina baretu da, dena bezala.Zalaparta sortuko zela bagenekien, baita hemen eta kanpoan ez zela berdin hartuko ere. Baina ni gustura nago nire lanarekin, eta uste dut artistikoki kalitatea duen telesail bat dela, osagai askokoa. Alde horretatik, pozik gaude. Jendeak hitz egitea, bestalde, osasungarria dela uste dut. Etor daitezela beste hainbat errelatu eta hainbat ikuspuntu eta elikatu dezatela eztabaida.
Fadoak entzuten zituen gizona-ri Donostia antzerki saria ematerakoan, hirian euskarazko antzerkiak izan duen gorakada nabarmendu zuten. Desoreka sumatzen da, hala ere, oraindik?
Nik uste dut programazioa nahiko orekatuta dagoela. Baina baliteke Donostian izatea hori, eta ez izatea orokorra. Ez dakit. Ni azken boladan euskaraz gehiago ari naiz, eta dakidana da jendea badatorrela. Badagoela publikoa. Euskarazko antzerkiak lortu du kalitateko teatroa, eta gaztelerazkoaren maila berean dago duintasun aldetik. Lan baldintzak ere berdinak dira guretzat bietan.
Zerk liluratzen zaitu oraindik ere mundu honetatik, eta zer bihurtu zaizu zama?
[Tarte txiki bat hartu du]. Badakizu zerk tristatzen nauen asko?Gure lanarekiko kontsiderazio faltak, mimo faltak. Detaile txikiak dira, baina leku batera iritsi, kamerinora joan, eta ez egotea ez ispilurik, ez berogailurik, ez komuneko paperik. Horrek negargura ematen dit. Negargura. Tokatzen dira emanaldi gogorrak, baina egin behar dira horiek ere. Publikoa, normalean, esker onekoa izaten da gainera, eta hori baltsamo bat da. Sendatu egiten du.
Eta alde politak... badago zerbait barrukoa dena, eta horrek aurrera bultzatzen zaitu. Niri indarra jendeak ematen dit, proiektuak eta ilusioak konpartitzearen gogoak. Ziur aski, beste lanbidetan ere pasatuko da, baina beti iruditu izan zait harreman oso bereziak sortzen direla gurean.
Ane Gabarain. Aktorea
«Jo eta ke ari naiz 20 urte ditudanetik; utzi glamourra»
Unean uneko istorioan sartu, pertsonaia norbere egin, eta, atsedenerako asti askorik gabe, beste norbait bilakatu berriz. Hiru hamarkada pasa daramatza langintza horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu