Ibilbide luzea egin zuen Jimmy Cobb bateria jotzaileak (Washington, AEB, 1929), eta hainbat musikariren taldeetan jo zuen urte luzez, baina, beste ezeren gainetik, Miles Davisen boskotean parte hartu zuelako pasatu da jazzaren historiara. John Coltrane eta Cannonball Adderley saxo jotzaileekin, Paul Chambers kontrabaxu jotzailearekin eta Bill Evans pianistarekin batera, jazzaren eta oro har musikaren kanonean dauden hainbat disko argitaratu zituen Cobbek: Porgy and Bess (1958), 1958 Miles (1958), Jazz at the Plaza (1958), Sketches of Spain (1960), Someday My Prince Will Come (1961)... Baita Davisen lanik arrakastatsu eta ezagunena ere: Kind of Blue (1959). Lan hark jazza irauli zuen, bide berriak irekiz, baina 2012an, Donostiako Jazzaldian izan zenean, Cobbek onartu zuen orduan horretaz ez zirela jabetzen: «Bestela, aberats nintzateke honezkero», esan zuen Cobbek, txantxetan. Urte hartan Donostiako Jazzaldiaren saria jaso zuen bateria jotzaileak, eta kontzertua eman zuen Trinitate plazan.
[youtube]https://youtu.be/nGvfBNywa3g[/youtube]
Miles Davisekin ez ezik, beste hainbat jazz musikari ezagunekin ere egin zuen lan Cobbek. Cannonball Adderleyrekin berarekin, Wes Montgomeryrekin, Dizzy Gillespierekin, Dinah Washington eta baita Coltranerekin ere. Azken horren sei diskotan parte hartu zuen, besteak beste, Stardust (1958), Coltrane Jazz (1959) eta Giant Steps diskoko Naima piezan (1959).
[youtube]https://youtu.be/LRzdYEiGSlM[/youtube]
1980ko hamarkadatik aurrera, berriz, taldeburu bilakatu eta hainbat disko argitaratu zituen.