Gaur hamar urte beteko dira Nafarroak bere iraganaren ikerlari handienetako bat galdu zuela.Urteurren horren harira, Jose Maria Jimeno Jurioren inguruko liburu bat argitaratu berri du Pamiela argitaletxeak, Oroitzapenak eta soslaiak izenburupean. Hitzaurrean, Koldo Martinez Euskara Kultur Elkargoko lehendakariak «Nafarroako Sokrates» gisa definitzen du Jimeno Jurio, eta hasiera batean paralelismo hori egiteak gehiegizkoa irudi badezake ere, ondo erantzuten dio Artaxoako ikerlariaren ibilbide oparoaren funtsari. «Ongi bat dago bakarrik: ezagutza; eta gaizki bat dago bakarrik: ezezagutza», zioen Aintzinako Greziako filosofoak. Haren modura, ikerketaren emaitza den ezagutza zabaltzea izan zuen helburu Jimeno Juriok.
Liburua ez da Jimeno Juriorenorain arte argitaratu gabeko ikerketa bat edo haren obraren laburpen bat. Aitzitik, liburuak hari buruz idatzi diren soslai, artikulu eta testigantzak biltzen ditu, eta pertsona esanguratsuetatik jende xumeraino besteen begietan islatzen den Jimeno Jurioren berri ematen du. Sari banaketa baten, haren heriotzaren edo bestelako gertakizun baten harira155 pertsona eta erakundek idatzitako testuak biltzen dira guztira. Besteak beste, Jose Mari Satrustegi, Pablo Antoñana, Mikel Belasko, Miguel Sanchez Ostiz, Txillardegi, Jose Migel Bidador, Aingeru Epaltza, Alberto Barandiaran, Juan Cruz Alli, Patxi Zabaleta, Iñaki Anasagasti...
Idatziok Roldan Jimeno semeak bildu ditu, eta egile bakoitzak idatzitako jatorrizko hizkuntzan daude; hots, batzuk euskaraz, besteak gazteleraz. Horrez gain, bere egunean Roldan Jimenok berak idatzitako bi biografia labur ere jasotzen ditu. Argitalpenean Pamielak, Udalbidek eta Euskara Kultur Elkargoak parte hartu dute, eta haren lan osoen bigarren liburua da honakoa. 1.000 ale atera dira, 29 euroan.
Iruñeko Auzolan liburu dendan aurkeztu zuten liburua David Mariezkurrena ikerlariak eta Jimeno Jurioren alargun Elena Arangurenek. Hura hil zenetik hamar urte iragan badira ere, Arangurenen begiradan eta ahotsean nabari da oraindik ere hunkidura, eta liburuaren aurkezpenaean ozen irakurritako testuan islatu du emozio hori. «Hamarkada bat esan nahi berezia eman dakiokeen garai jakin bat da, eta asko poztu nau ikusteak denbora iragan den arren oraindik ere maitasunez oroitua dela». Nafarroaren iragana ezagutarazteko, esparru ugari ukitu zituen (historia, etnografia, folklorea edo toponimia), eta lan hori aitortua izateak gogobetetzen du Aranguren.
Elena Arangurenen soslaia
«Sakontasun handitan sartu nahi izan gabe», emazte moduan izandako ikuspuntu paregabetik bere soslai propioa egin du Arangurenek. «Gizon zintzoa izan zen. Artxiboetan, liburutegietan eta landa lanean topatutakoa ezagutarazi zuen, eta hori zenbaitek ez zuten oso gustuko.Jende xumearekin hizketan asko gozatzen zuen, besteak beste nekazariekin eta artzainekin. Herri gizona zelako, haiekin bat egiten zuen, eta horrek berak datuak lortzea errazten zion: bere landa lanerako, kontatzen zizkioten anekdotak eta usadioak. Nik asko gozatzen nuen topaketa haiekin».
Liburuak, funtsean, Jimeno Jurioren erretratu kaleidoskopiko bat egiten du. David Mariezkurrena ikerlariaren irudiko, «liburua irakurtzerakoan harridura eragiten du ikusteak zer pertsona ona zen eta profesionalki zer kalitatea zuen». Izan ere, haren ustez, «ez da normala egunkarietan, zientzia aldizkarietan eta prentsa espezializatuan pertsona batek hainbeste orri eragitea... harik eta 500 orriko liburua osatu arte». Horregatik, Mariezkurraren ustez, Jimeno Juriok utzitako aztarna «izugarrizkoa» da.
Ikerlari moduan, gainera, Jurioren obrak «gaurkotasuna» du, besteak beste, beste ikerlariek jorratu gabeko gaiak landu zituelako eta horrek «gero eta balio handiagoa» ematen diolako. Mariezkurrenak zehaztu duenez, Jimeno Jurioaren obra guztia ez da ezagutzen. «Oraindik hamabost liburu geratzen zaizkigu ateratzeko, eta material gehiena argitaragabea da. 70eko hamarkadan Nafarroa osoan egindako elkarrizketak dira, eta benetakoinformazio iturria izango da». Jose Maria Jimenoren lan osoa kaleratzeko proiektuan, argitaratutako material guztiarekin batera, argitaratu gabeko material ugari dago.
Euskararen historian «handi»
Mariezkurrenaren ustez, egun ikerlari askok eremu jakinetan espezializatzeko joera duten moduan, Jimeno Jurio eremu anitzetan aritu zen. Hori izan zuen dohaina, eta hala ageri da liburuan beste pertsonen begiradapean. Eremu bat nabarmentzeagatik, beharbada euskararen alorrean egindako ikerketa nabarmendu behar. Liburuan ageri denez, halaxe goraipatu zuen Txillardegi zenak. «Euskararen corpusaren azterketan Koldo Mitxelena da ezbairik gabe maisu, baina hizkuntzaren historiaren azterketan Jimeno Jurio da handiena».
Nafarroako eskuinaren mespretxua jasan zuela salatzen du Miguel Sanchez Ostiz idazleak beste artikulu batean. Alabaina, mespretxuaren gainetik, ezagutzaren argia igorri nahi izan zuen une oro. Jakintzaren fededun izan zen, azken finean.
Jimeno, jakintzaren fededun
Pamielak, Udalbidek eta Euskararen Kultur Elkargoak Jimeno Jurioren lan osoen bigarren liburukia atera dute: 'Oroitzapena eta soslaiak'Bi biografia labur eta 155 pertsonak ikerlariari buruz idatzitako testuak biltzen dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu