Literatura orokorrean, eta euskal literatura zehazki. Hori da Irati Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue. Literaturari buruzko elkarrizketa bat saiakeraren muina (Elkar), eta tasun eta keria horiek agertzeko egindako ariketagatik jaso du saiakera modalitateko Euskadi saria. «Hipotesi ausartak» egitea txalotu dio Alexander Gurrutxagak, Ane Miren Larrinagak, Aitor Zuberogoitiak, Katixa Agirrek eta Xabier Aierdik osatutako epaimahaiak. «Testuak badu probokaziotik ere, eta nahi duenean badaki politikoki zuzena ez izaten. Aipagarria da irakurlea etengabe interpelatzeko egiten duen ariketa, honengan gogoeta sorraraziz. Liburuaren tonuak literaturarekiko pasioa, maitasuna eta grina transmititzen ditu, eta estilo aldetik landua eta pertsonala da».
Koro Navarrok jaso du itzulpengintza modalitateko Euskadi saria, Ernest Hemingway idazlearen Fiesta. Eguzkia jaikitzen da eleberrian egindako lanagatik (Erein / Igela). Itzulpenaren indarra eta bizitasuna nabarmendu ditu epaimahaiak.«Nabarmentzekoak dira elkarrizketen tonu egokia, erregistroa eta ahotsen txandakatzeak nola jaso dituen, eta bestelako pasarte narratibo eta deskriptiboen jarraipen erosoa, prosaren soiltasuna, zehaztasuna eta eraginkortasuna». Aintzane Ibarzabalek, Idoia Gilleneak eta Idoia Santamariak osatu dute modalitate horretako epaimahaia.
Sariak banatzen hasi zirenez geroztik lehen aldiz, emakumezkoak izan dira saritutako egile guztiak aurten.
Normaltasunerako urratsa
Aurreko astean jakinarazi zituzten aurtengo lehen hiru Euskadi sariak. Uxue Apaolazak jaso zuen euskarazko literatura modalitatekoa, Bihurguneko nasa liburuari esker; Barruko hotsak lanagatik jaso zuen Leire Bilbao idazleak euskarazko haur eta gazte literaturakoa, eta Maite Mutuberriak sortutako Irrimola artefaktuak, literatur lanaren ilustrazioaren kategorian. Eta Jimenez eta Navarro ez ezik, Edurne Portela idazlea saritu dute orain, gaztelerazko literaturaren modalitatean, Los ojos cerrados nobelagatik, bai eta Teresa Maldonado ere Hablemos claro lanagatik, gaztelerazko saiakeraren modalitatean.
Eta, hain justu, datu historiko hori nabarmendu nahi izan du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak ere. «Beste norbaitek ere esana du nik baino lehen, baina urte batzuk pasatuta euskal literaturari, euskaraz eta gaztelaniaz egiten denari, atzera begirakoa egitean, garai hauen ezaugarrietako bat izango da emakumeen presentzia, eta emakumezkoek literaturari egiten dioten ekarpena».
Eta datu hori izan dute mintzagai sarituek ere euren hitzaldietan. «Aurten hori izango da lerroburua», esan du Portelak. «Baina espero dut horrek azkar utziko diola lerroburu izateari». Mugarritzat jo du sarituen zerrenda, ordea. «Kulturan gure presentzia normalizatzeko urte berezia izan daiteke». Eta bide bera hartu du Navarrok ere: «Nik gauzak orain nola dauden ikusita, hemen gure inguruan, eta gazteak nola dauden ikusita, uste dut urte batzuetarako, kulturan behintzat, badugula emakumezkoen nagusitasuna. Nik nahi nuke zazpi emakumek Euskadi saria irabazi izana ez azpimarratu behar izatea. Berria da, albistea da, eta inportantea da, eta ea bide honetatik normaltasunera jotzen dugun, nahiz eta komatxo arteko normaltasuna izan».
Sariei kritika
Begiak zabalduko zaizkizue. Literaturari buruzko elkarrizketa bat liburuagatik jasotako sariagatik eskerrak ematearekin batera, umorez, harridura ere azaldu du Jimenezek: «Ez nuen uste liburu honi buruz hitz egin beharko nuenik Euskadi sarietan, liburu honetan Euskadi sariak ere kritikatzen direlako».
2006an eman zuen argitara bere lehen liburua Jimenezek, Bat, bi, Manchester (Elkar) izenekoa, eta geroztik beste nobela bat, hiru narrazio liburu eta bi saiakera kaleratu ditu. Esan duenez, ordea, orain arte sekula ez da Euskadi sarietarako hautagai izan. Eta prentsaurrekoan gogoratu duenez, Edorta Jimenez idazle eta egilearen aita ere, aurten izan da hautagai lehenengoz, Nikole bijotzekua saiakeragatik. Eta, hain zuzen ere, aita izan du gogoan Irati Jimenezek hedabideen aurrean. Duela urte asko, euskal hizkuntzak «beste indar fundatzaile bat» behar zuela esan zuela gogoratu du, eta, zehaztu du bera ere ados dagoela aitaren ideia horrekin, eta, neurri batean, motibazio hori izan duela berak ere saritu berri duten saiakera idaztean. Aitari, hark eskainitako «salduezintasun eredua» eskertu dio.
Pasioz idazten saiatu dela ere esan du Jimenezek, eta irakurleekin solasaldi bat izaten saiatu dela liburuan. «Solasaldi bat, gauza batzuk esateko, nahiago nituzkeenak ez esan. Idazleok gure artean zer mailataraino ibiltzen garen, batzuetan, kanguruen boxeoan bezala, elkarri mokoka, eta zer literatura hotza daukagun. Kooperazio falta dugula eta sektarismo askotatik gatozela. Ezin garela izan hasiberriekin hain hotzak eta beteranoekin are hotzagoak. Eta emakumeekin izan dugun krudeltasunari begiratu behar diogula, horrekin bakeak egin, eta nolabait aitortu. Eta, halere, da literaturaren oso-oso aldeko liburu bat, eta euskal literaturarekin maitemindutako idazle baten liburua. Irakurle baten liburu bat».
Saritu bakoitzak, 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 gehiago jasoko ditu, jatorrizko lanen kasuan, beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Donostiako Tabakaleran egingo dute sari banaketako ekitaldi ofiziala azaroaren 24an.
Jimenezek jaso du saiakerako Euskadi saria, eta Navarrok itzulpenarena
'Begiak zabalduko zaizkizue' saiakeragatik saritu dute Jimenez, eta Hemingwayren 'Fiesta' itzultzeagatik Navarro. Emakumeak dira aurten saritutako zazpi egileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu