Muturrera eramandako umore batekin lortu zuen Jim Abrahamsek bere izenari leku bat egitea Hollywoodeko industrian. 1980an zuzendutako Airplane filma mugarri izan zen ibilbide horretan, eta The Naked Gun (1988) eta Hot Shots! (1991) dira haren ibilbidean azpimarraz ageri diren beste bi film, zeintzuekin arrakasta handia lortu baitzuen. The Hollywood Reporter agerkariak gaur jakinarazi duenez, goizaldean hil da Abrahams, 80 urterekin.
Wisconsin estatuko (AEB) Shorewood hirian jaio zen, eta umetatik gertuan izan zituen hango Jerry eta David Zucker anaiekin hasi zuen ibilbidea. Antzerki konpainia bat jarri zuten elkarrekin martxan lehenengo, Kentucky Fried Theather izenekoa —ZAZ izena ere hartu zuten—, 1971. urtean, eta handik urte gutxira Los Angelesera lekualdatu ziren. Umorea jarri zuten euren lanaren ardatzean, eta antzerkitik pantaila handira jauzi egiteko aukera izan zuten gutxi barru. Hirurek idatzi zuten The Kentucky Fried Movie filma 1977an, eta John Landisek zuzendu zuen. Garai hartarako apurtzailea zen umorea eta egitura bat zituen filmak —bost segundotik ordu erdira bitarteko 26 esketxek osatzen dute—, eta arrakasta komertzial handia izan zuen —nolabaiteko zirkuitu independente batean, kultuko lan ere bihurtu du hura denborak—.
Elkarrekin jarraitu zuten lanean, eta, besteak beste, Top Secret! (1984) eta Ruthless People (1986) filmak egin zituzten batera. Bata bestearen atzetik jositako txisteak eta edozein egoeraren gaineko parodiak ezaugarritu zuten euren umorea, beti absurdoaren mugetara eramana. Abrahamsek idatzitako azken filma ere David Zuckerrek zuzendu zuen 2006an, Scary Movie 4.