'Jesus Jordanen' obra ikusgai jarri dute Oteiza museoan

Jorge Oteizak 1933an ondu zuen eskultura bat da, eta, beraz, artistaren lehen sorkuntza aldikoa

Erredakzioa
Iruñea
2021eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Altzuzako (Nafarroa) Oteiza museoan ikusgai jarri dute Jesus Jordanen eskultura. 1933an egindako «pieza berezi bat» dela azaldu dute museoko arduradunek, Jorge Oteizaren lehen sorkuntza aldikoa, beraz. Pagola Hernandez familiaren bildumako artelana gordailuan jaso du zentroak, eta, hala, urtebetez Altzuzan ikusgai egongo da orain. Horrela, museoak gehitu duenez, «osatu egingo da artistak 1930eko lehen urteetan, Latinoamerikara abiatu aurretik eginiko obra multzoa».

Igeltsuzko hustura lana da, 77 x 25,5 x 22 cm-koa, Latinoamerikarako bidaiaren aurretiko sailekoa, 1933an Donostian eginiko Gipuzkoako Artista Berrien Bienalean erakutsitakoa, Oteizak berak eskulturako lehen saria irabazi zuen hartan. Obrak figurazio landua erakusten du, eta bat egiten du artistaren lehen interesarekin.

Museoak erantsi duenez, Jesus Jordanen obra «bat dator artistaren arte produkzioko lehen fasearekin, hura oso lotua baitzegoen giza irudiaren bitartez espresioa bilatzearekin». Hala, museoak uste du zentroan egoteak «funtsezko ekarpena» egiten diola «eskultura gutxi gorde diren sorkuntza aldi goiztiar haren gaineko ulerkuntzari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.