Gerediaga elkarteak jakinarazi duenez, Jesus Astigarraga hil zen atzo, 90 urte zituela. 1965. urtean, elkartearen sortzaileetako bat izan zen, orain astebete hildako Leopoldo Zugazarekin eta beste 11 lagunekin batera. «Itzalean lan asko» egin zuela nabarmendu dute. Durangoko Udaleko (Bizkaia) bulego teknikoan lan egin zuen, 70 urterekin erretiroa hartu zuen arte.
Gerediaga elkartearen hasierako urteetan «oso baliotsua» izan zen Astigarragak egindako lana; «beti diskrezioz», elkartekoen hitzetan. Gerediagan bakarrik ez, Durangoko Kurutziaga ikastola sortzen ere «ekarpen handia» egin zuen, baita Hitz liburu denda sortzen ere, Zugazarekin batera.