Jessica Sarah Rinland zinemagilearen erakusketa bat hartuko du Tabakalerak irailean

Artistak propio egitasmo horretarako sortu duen bideo instalazio bat izanen da ikusgai. Irailaren 17an zabalduko dute, Donostiako Zinemaldia hasi bezperetan. Hain justu, Rinland jaialdian izanen da, bere 'Collective Monologue' filmari buruz hitz egiteko.

'Extramission. Begi distiratsuen ehizan' erakusketaren lagin bat. TABAKALERA
'Extramission. Begi distiratsuen ehizan' erakusketaren lagin bat. TABAKALERA
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko abuztuaren 6a
15:15
Entzun

Donostiako Zinemaldiaren 72. aldiaren ingurumarietan zabalduko duen erakusketa baten berri eman du Tabakalerak: Jessica Sarah Rinland artista eta zinemagilearen obra hartuko duirailean. Extramission. Begi distiratsuen ehizan izeneko erakusketa jarriko dute ikusgai, zehazki. Tabakalerak eta Rotterdamgo Zinemaldiak elkarlanean antolatu dute, eta artistak eginiko bideo instalazio bat du ardatz; Rinlandek egitasmo horretarako sortu du propio. Aurreratu dutenez, berak grabatutako irudiak eta National Geographic aldizkariaren artxiboko audio zaharrak —XX. mendearen hasierakoak— uztartzen dira lanean. Irailaren 17an zabalduko dute erakusketa, Donostian, eta urtarrilean Rotterdamera eramanen dute. 

Tabakaleran erakusketa zabaldu eta hiru egunera abiatuko da Donostiako Zinemaldia. Eta, jaialdiak dagoeneko iragarria zuenez, Rinlanden zinemagintza ere kabiarazi dute aurtengo egitarauan. Haren Monólogo colectivo / Collective Monologue filma emanen dute Zabaltegi-Tabakalera sailean —data zehazteko dago—, eta proiekzioaren egunean zinemagilea bertan izanen da. Hain zuzen, Donostiako Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elias Kerejeta Zine Eskolak antolatzen duten Ikusmira Berriak programaren aterkipean egin zuen filma Rinlandek; 2020an egin zuen egonaldia. Filmaren ardatza honako hau da: zoo berean lan egiten duten zaintzaile batek eta behargin batek bistaz baizik ez dute elkar ezagutzen, harik eta Urtezahar egunean elkartzen diren arte. Ordutik aurrera zooan bertan biek izandako askotariko elkarrizketak bistaratzen ditu Collective Monologue filmak, batik bat.

Zinemagile eta artista argentinar-britainiarra da Jessica Sarah Rinland. Eskarmentu handikoa da, eta haren lanak nazioarteko zinema jaialdi askotan izan dira ikusgai; hainbat sari jaso ditu horiekin. Besteak beste, Bienale jaialdiko sari nagusia irabazi du, eta baita Arts + Science Award saria ere. Gainera, Donostiako Zinemaldian ez ezik, egonaldiak egin ditu Kingston Unibertsitatean, Locarnoko Akademian eta Berlinale Jaialdian, adibidez. Batez ere, haren zinema lanetako esperimentazioa eta narratiba «pertsonala» goraipatu dizkiote kritikariek azken urteotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.