Stanley Kubrick zinema zuzendariak gusturago lan egiten omen zuen idazleekin gidoigileekin baino. Halaxe osatu zuen filmografiaren parterik handiena, klase guztietako idazleen lanak egokituz, eta batetik edo bestetik obra egokituari itzal eginez gehienetan. Harekin lan egindako idazleen artean dago Anthony Burgess, Laranja mekanikoa nobela euskaratuaren idazlea. Kubrickek 1971n egin zuen haren ezaguera, Laranja mekanikoa filma kaleratu zen urte berean, eta beste proiektu batera presatu ziren biak. Zinemagileak, izan ere, aspaldi handitik zerabilen gogoan Napoleon Bonaparteri buruzko film epiko eta handios bat grabatzeko intentzioa (intentzio hutsean utzi zuena), baina gidoiarekin asmatzen ez, eta nobela bat eskatu zion Burgessi, gero huraxe moldatzeko zinemara. 1972ko uda partean, Burgessek jeneral korsikarrari buruzko eleberriaren lehen atala bidali zion Kubricki, baina hark uko egin zion, elegantziaz baina zalantzarik egin gabe, esanez aitortzen ziola bertute literarioa, baina berak ez zeukala idazlan hori pantailaratzerik. Filmaren proiektua bertan behera geratuagatik, Burgessek berdin-berdin bukatu zuen nobela hura, Napoleon Symphony izenekoa (Napoleon sinfonia), eta 1974an plazaratu, partez Kubricki («Maestro di color») eskainita, gainera.
Zer zuen, bada, eleberri horrek, Kubricken heineko zinemagile mitiko bat kikiltzeko, zeinak ederki gauzatuak baitzituen egokitzapen ustez ezinezko ez gutxi? Bada, labur-zurrean esanda, izenburuko sinfonia hitza ez duela debaldekoa. Burgess, Kubrick bezala, aditua zen musika klasikoan (konpositore hasi zen gaztetan), eta interes handia zeukan forma musikalak teknika narratiboetara ekartzeko. Zinemagileak berak iradoki omen zion «asoziazio narratiboak» zeuzkan sinfonia bat hartu, eta huraxe imitatu behar zuela, baina nobela gisa, «forma sinfonikoa emanez hitzezko narrazioari», Burgessen hitzetan. Kubrick Beethovenen hirugarren sinfoniaz ari zen, Eroica izenekoaz; hain justu, obra hori Napoleoni eskaintzekoa zen Beethoven, figura garaikidea eta miretsia baitzuen, baina, jeneralak bere burua enperadore izendatu zuenean, konpositoreak atzera egin zuen, sumindura betean, eta ezabatu egin zituen Napoleoni eskainitako hitzak.
Omenaldi porrokatua gorabehera, Eroica-k berdin adierazten du «heroi baten bidaia», Burgessen esanetan: «Lehen mugimendua borrokari eta garaipenari buruzkoa da argiki, bigarrena hileta publiko handi bati buruzkoa, eta hirugarrena eta laugarrena, heroia mitoaren mailara jasotzeari buruzkoak». Nobelak lau mugimendu horietan egituratzen du Napoleonen bizitza, hasi lehen garaipen militarrekin, Italia eta Egipto aldean, eta buka Santa Helena uharteko deserri behartuan.
Sinfonia, kakofonia...
Nobelak, hortaz, film gauzatu gabe bat eta sinfonia gaitzitu bat ditu sorburu. Baina igartzen ote zaio, benetan, Eroica sinfoniaren arabera tankeratua dagoela? Ez da aise esaten. Sinfoniaren eta nobelaren egitura ustez paraleloez eta gaiaz beraz aparte, lausoa da bien arteko lotura. Kontaerari erreparatuta, literatura postmodernoarekin lotu ohi diren ezaugarriz betea dago eleberria: pastichea, linealtasunik eza, egitura zatikatua hala argumentuan nola denbora lerroan... Nobelak forma ugari hartzen ditu, gainera: gerrako fronteko oharrak Parisko saloietako elkarrizketekin eta pertsonaien gogoetekin tartekatzen dira, esaterako, eta, lantzean behin, narratzaileak metrika zorrotzeko poemetan ekiten dio kontakizunari. Ikuspuntu eta narratzaile jauziak ere etengabeak dira, eta testuinguru historikoa eta horri dagozkion erreferentzia ugariak ez daude beren-beregi esplikatuak. Azken finean, Napoleon Sinfonia urrun samarrik dago edozein nobela historikotatik, osoko zuzenketa bat aurkezten baitie errealismoaren kodeei oro har. Zenbait kritikarik jenio hutsa ikusi dute haustura formalen festa horretan, eta beste batzuek, kontrara, kakofonia eta anabasa besterik ez dute leitu.
Anabasa agian bai, baina ez utzikeriaren ondorioz datorrena, baizik estilo landu eta erabat kontziente batek propio gauzatua, eta idazkera orobat landu eta kontziente batean ekarria. Burgess oparo laketzen da hizkuntzarekin; ugariak dira hitz jokoak, hoskidetasunak eta errimak, eta fonetikaren mailarik xeheenean bezala jostatzen da sintaxian eta goragoko beste hizkuntza mailetan ere. Erregistroa arrunt gorabeheratsua da, nahita hori ere, aise dantzatzen dena hizkera jaso landutik lagunarteko ia zabarrera, esate baterako hitz gordinak eta irainak erantsirik esaldi hanpatuetan. Hizkuntzaren landuak indartu egiten du Burgessen so ironiko atergabea, eleberria ironia hutsa baita, goitik behera; erridikuluraino behartuta dago Napoleonen figura, zeina senar adardun gerrazale eta koitadu bat baita Burgessen nobelan, eta haren inguruko pertsonaiak ere histrionismora eta esajeraziora lerratzen dira. Burgessek parodiaren doinuan egiten dio gorazarre Napoleonen handitasun heroikoari, mitoaren graduraino goititurik jenerala eta hargatik ere begirada umorezkoari uko egin gabe. Azkeneko atalean, Irakurlearentzako epistola izeneko poema luzean, egilea bera hasten da bere nobela iruzkintzen, ironian bapo eginez hor ere, zirtolari eta anbiguo.
Sara Sanborn kritikariak idatzia duenez, «bere mamian, liburu hau ez da hain Napoleoni buruzkoa, baizik eta Anthony Burgessek Napoleoni buruzko nobela bat idazteari buruzkoa». Alegia, parafernalia literario guztiaren atzean ez ote dagoen idazlearen ego puztua, bai eta baliabide festa horretan bere burua nabarmentzeko asmoa ere. Ez dago ziur baiesterik, baina galdera bera bada zerbaiten salatari, eta zerbait hori, ziur aski, idazle ugariri dagokie, ez Burgessi bakarrik.
Literatura
Jeneralaren kanoiak
Literatura, musika eta zinema bustitzen ditu 'Napoleon Symphony' nobelaren genesiak, baina beste berezitasun franko ere baditu. Zer esan eta zer pentsatu ematen baitu Anthony Burgessen lanak, haren beste hainbatek bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu