Kritika. Artea.

Jendez lepo

Hilma af Klinten zenbait lan Bilboko Guggenheim museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Hilma af Klinten zenbait lan Bilboko Guggenheim museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2024ko azaroaren 12a
05:00
Entzun

Hilma af Klint

Non: Guggenheim museoa, Bilbo. Noiz arte: 2025eko otsailaren 2a.

Nahi baino beranduago jakin nuen Bilboko Guggenheimera Hilma af Klint artistaren banakako erakusketa bat ekarriko zutela 2024. urtearen amaieran, orain dela hilabete batzuk apenas, eta ordutik ez dut esango egunak kontatzen aritu naizenik, baina astetik astera begiratzen nion agendan hura bisitatzera joateko aurreikusita nuen egunari. Azkenaldian nigan halako ikusmirarik sortu duen erakusketarik ez da izan, eta zortez gainera, egutegiko aldaketa batzuk tarteko, eta irrikaren irrikak bultzatuta, hura bisitatzeko eguna astebete aurreratzeko aukera izan nuen.

Ni bezala, ordea, baziren beste hainbat eta hainbat inguratuak bertara. Aspaldian ez nuen hainbeste jende batera ikusi Euskal Herriko museoren batean, ezta Guggenheimen bertan ere. Asteburua aukeratu izanak, eta gainera eguraldi txarrarekin kalean, eragin zuzena ere izango zuen pasilloetatik igarotzeko ia txandak egin behar izatearekin. Bertakoren bat sumatzen zen tarteka, baina ezbairik gabe gehien-gehientsuenak atzerritarrak ziren. Izan ere, azken urteetan Hilma af Klinten ezagutzaren zabaltzeak —artistaren inguruan hainbat film luze eta guzti egin dituzte— eta haren lanaren balioztatzea indartzeak artistarekiko interesa asko hazi du oro har, eta gertukoek —edo hain urrun bizi ez diren askok behintzat— asteburua Bilbora inguratzeko aprobetxatu izana ez litzateke harritzekoa. Areto batetik bestera nindoala, haren lanaren inguruko liluraz beteriko azalpenak, komentario gogotsuak, eta detailerik txikiena biltzen zuten argazkiak ateratzeko intentzioak ez ziren falta.

Eta agian eraikin barnean zegoen gehiegizko jende kopuruaren ondorioz erakusketa gustura ikusteko aukerarik izan ez nuelako, edo hura ikusteko nuen gogoak itsututa, proposamenaren inguruan aurrez sortu nituen ideiekiko bertan topaturikoa nahi baino gehiago urruntzen zelako, guztiz asebete gabe irten nintzen.

Jendearen etengabeko jarioa zela eta, erakusketaren hasiera topatzea ere kosta egiten zen. Bigarren pisuko erakusketek sarrera izan ohi duten lekuan sarrerako testua egon arren, Hilma af Klint izena tipografia gorri handiarekin, berriz, ondorengo areto baten sarreraren aurrean zegoen. Eta gorputzen artetik begira, ia hanka puntetan jarri, eta albo batera eta bestera balantzak eginez, bietan hasiera zein izan zitekeen asmatzea ez zen kontu erraza. Nire ostean, bisitari bat baino gehiago entzun nuen aretoko zaintzaileei galdetzen erakusketak hasiera non zuen, zer eta, gainera, okerreko erantzuna jasotzeko. Azkenean, sarrera betiko lekuan zen, baina erakusketa osatzen zuten aretoen arteko segidari jarraitzeko arazoek berdin-berdin jarraitzen zuten bisitan zehar. Erakusketak, gainera, erabat finkatutako ibilbidea du, kronologikoki antolatuta baitago, eta, beraz, okerreko aretoan sartzeak bisitaria erabat nahasarazten du. Eta hala ibili ginen, segidan ikustea tokatzen zen hurrengo aretoa ezin asmatuta, baina hala ibili ziren gure inguruan genituen beste hainbat eta hainbat ere.

Af Klinten lanak aurrez aurre ikusteko aukera luxu bat da. Baina soilik zenbakiei erreparatzeari utzi eta publikoaren bisita-baldintzak zaintzea ere beharrezkoa da

Inork testu hau irakurri dezake eta pentsatu: «A ze esajerazioa, artelanak ikusteko aukera izatea da garrantzitsuena». Bai noski, hori ezin uka, eta Af Klinten proposamenek, bereziki 1907an egindako Hamar nagusiak lanen instalazioak, ahoa bete hortz uzten du bertaratzen den edonor; baina Af Klinten unibertsoa ulertu eta bertan barneratzeko asmoa zuenak —erakusketen helburua lanak erakustea baino gehiago baita— etengabeko arazoekin topo egiten zuen, frustrazio handiak sortzen zituen, egun hartan bederen. Izan ere, aretoetako gehiegizko jendeaz eta kronologikoki areto batetik bestera modu zuzenean mugitzeko arazoez gain, aretoetako testuek izpiritualitateari lotutako artistaren esperientzian eta ulermen konplexuan barneratzeko aukera asko ere ez zituzten ematen; oinarrizko azalpen sinpleetatik haratago, sakontzeko beste geruzarik ez da eskaintzen. Aukera bakarra, museotik irteteko nahitaez pasatu beharreko dendan haren katalogoa erosi eta liburuko testuak irakurtzean datza.

Dena den, ezin da ukatu Af Klinten lanak aurrez aurre ikusteko aukera luxu bat dela, eta horregatik bakarrik berriz ere bertaratuko nintzatekeela museora. Baina soilik zenbakiei erreparatzeari utzi eta publikoaren bisita-baldintzak zaintzea ere beharrezkoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.