Xabi Solano. Musikaria

«Jendearen gustuak egiten du estilo batek duen lekua izatea»

Ia bi hamarkada igaro dira Etzakit taldearekin plazara agertu zenetik. Lau Itzal, Fermin Muguruza eta The Solanosekin aritu ondotik, Esne Beltza taldearen gidari da azken hamar urteotan. 'Esna' bosgarren lanaren lehen zatia plazaratu dute.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Hernani
2016ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Ez da gauza samurra izango kantari batentzat asmaduna izatea. Asma du haur zenetik Xabi Solanok (Hernani, Gipuzkoa, 1978), eta asma krisi batek jota igaro du asteburua, pattal samar. Baina ohitua ere badago. «Kontzertuetan Ventolin-a beti gainean eramaten dut, badaezpada ere. Agertokian beti izaten dut bat, eta, ez baldin badaukat, urduri egoten naiz. Pasatu izan zait noizbait ez eramatea, nola-hala bukatzea eta zuzenean urgentzietara joatea». Horretara ohitua dago. Ez horrenbeste, ordea, bere musikaren harira azkenaldian sarean izan diren hainbat ika-mikatara, baina horiei ere tenplez aurre egiten saiatu dela dio, eta gaiari ez dio muzin egin elkarrizketan. Ilusioa, ordea, bestelako kontuek egiten diote. Esaterako, igande honetan beste hainbat musikari lagunekin batera Bilboko Kafe Antzokian Angela Davis aktibista eta pentsalari estatubatuarren omenezko festan parte hartzeak. «Botere eta sistemaren aurkako ikono handia da Angela Davis, arrazakeriaren kontrako eredu bat, eta gogoz elkartuko gara igandean». Esna disko berriarekin (5gora) zuzenean aritzeko gogoa ere badauka. Martxoan hasiko dira zuzeneko emanaldiekin. Maiatzean aterako dute, berriz, diskoaren bigarren zatia.

Esne Beltzaren orain arteko diskoetan kantu asko bildu izan dituzue, hamabost gutxienik. Esna honetan zortzi atera dituzue, baina gero bat ohartzen da bigarren CD baterako espazioa gordea duzuela kaxan. Zergatik horrela?

Beti denboraz larri ibiltzen gara. Taldekideok ez gara Esna Beltzatik bizi. Beti kaleratu izan ditugu kantu askoko diskoak eta oraingoan ere hala nahi genuen, baina denbora hartuz. Hamabost-hamasei kantu izango dira guztira, baina bi zati bereizi izango ditu, eta bi modutara landutakoak. Lehena guk lan egiten dugun modura atera dugu, Euskal Herrian grabatuta, nik ekoitzia, eta, beti bezala, kanpoko kolaborazioekin. Bigarrena beste ekoizle batekin egingo dugu.

Norekin?

Frantsesa da, baina oraindik ez dugu esan nahi nor den.

Zer lortu nahi duzue kanpoko ekoizle batekin lan eginez?

Frantziara edo New York aldera joan nahi izan dugu, datorren musika berria bi ingurune horietatik datorrela uste dugulako. Guk denetik entzuten dugu, baina egiten duguna ez dago rockari hain lotua. Denetik egiten duten ekoizleak, eta bogako daudenak, horiek Frantzian eta AEBetan daude, gure irudiko. Frantziara jotzea erabaki dugu, gertuago dagoelako eta...

Hip-hopaz eta kaleko erritmo molde berriez ari zara?

Bai, hip-hopa, baina baita musika arabiarra ere, Balkanetako musika, elektronika, Frantziako musika tradizionala, balsak... Ikusi besterik ez dago Frantzian zein musika kultura handia duten.

Lehen hiru lanak beste zigilu batzuekin atera zenituzten. Aurrekoa kaleratzeko, zuen zigilua sortu zenuten; 5gora. Hau ere harekin egin duzue. Zein irakaspen atera duzue esperientzia horretatik?

Norberak bere lana ilusio eta mimo gehiagoz defendatzen duela. Lan handiagoa da, baina zu zara zure lanaren jabe, badakizu zenbat saldu den, zer eskatzen duen jendeak... Ez dago zuk zeuk dena egitea baino gauza hoberik. Lehen ere guk egiten genuen ia dena, baina editatu beste zigilu batek egiten zigun. Dena guk egiteko erabakia hartu genuen.

Fermin Muguruza izan duzue irakasle horretan?

Bai, Esan Ozenkirekin izandako esperientzia eta abarrak garrantzitsuak izan dira guretzat ere. Harekin hitz egin genuen, eta eman zizkigun aholku batzuk. Iazko udan utzi gintuen Amaia Apaolazak ere asko lagundu zigun. Hark eramaten zizkigun kontzertuen kontuak. Biek erakutsi ziguten bidea. Ikusi genuen oso argi geneukala, eta hortik goaz.

Ekoizle modura zer gustatzen zaizu bereziki zaintzea?

Taldekide asko gara, bederatzi. Leku bakoitzean zer sartu eta nola sartu zaintzen dut. Instrumentu guztiak ezin dira batera sartu, bestela sekulako kaosa bihurtzen baita abestia. Saiatzen naiz ahalik eta garbi eta txukunen entzun daitezen abestien mamiak. Kasu honetan, Paxkal Etxepare teknikariak ere lagundu dit. Biok elkarrekin egin dugu lan.

Beti nahastu izan dituzue musika desberdinak: rocka, hip-hopa, reggaea, ska, cumbia eta trikitia, besteak beste. Oraingoan, musika latinoak pisu handia du. Besteetan baino handiagoa?

Bai, baina hala suertatu delako. Niri ez zaidana gustatzen da bakoitzak bere ama hizkuntzan ez abestea, euskaraz kanta dezaten bortxatzea. Niri ere beste proiektu batean parte hartzeko gonbita egiten didatenean euskaraz abestea gustatzen zait. Guk gonbidatu izan ditugunean beti azaldu dira prest euskaraz abesteko, baina ez da natural geratzen normalean, eta niri gustatzen zait oso natural geratzea gauzak. Adibidez, El Canijo De Jerezek Sueños de color kantuan abestu du; haren oso zalea naiz aspalditik, eta garbi neukan rumba bat izanik zerbait emango ziola. Rumba euskaraz ere egin izan da: hor da Mal de Ojo taldea, adibidez. Guk ezer ez dugu asmatu. Esna kantuan ere Green Valley taldeko Ander Valverde abeslariak kantatzen du. Gasteiztarra da, baina gaztelaniaz abesten du, eta hala egin du.

Sueños de color lehen singleak hautsak harrotu ditu sarean egon den ika-mika baten ondorioz. Bizardunak taldearen Facebook orrian mezu bat plazaratu zuten kantua bera eta Esne Beltzak euskal musikan ordezkatzen duen sektorea sarkasmoz kritikatuz. Esne Beltzak ez du erantzun ofizialik eman.

Jendeak sartu gaitu eztabaida horretan. Hori idatzi zutenean guk oso kanpoan sentitu genuen geure burua. Erabaki genuen ez genuela ezer idatziko. Gero jendeak hitz egin duela... ba, tira... Iruditzen zait zatarra dela kontu hauek gure artean aurpegiratzea euskal musikariok. Pertsonalki ere sartu dira gurekin foro askotan. Itsusia iruditu zait, baina Euskal Herria txikia da, eta askotan gertatzen dira halako gauzak. Xalbadorrek kantaturiko hura neure egingo nuke: «Txistua jo didazute baina maite zaituztet oraindik». Hori idatzi dutenek egin dezatela beraiena, eta guk gurearekin jarraituko dugu.

Zenbait gai aterarazi du ika-mikak, edonola ere. Esne Beltzak egiten duen musika erdi aldarrikatzaile erdi festazale horrek espazioa kentzen diola beste musika esparru bati. Horrela dela iruditzen zaizu?

Esne Beltzak zerbait aldarrikatzeko kantu bat atera izan duenean gehienetan izan da enkargua egin diotelako. Eskatzen badigute sinesten dugun zerbaiten alde kantu bat ateratzeko, guk baietz esango dugu, Euskal Herrian bizi gara eta. Niri oso zaila egiten zait ezetz esatea euskararen alde edo herriaren alde sekulako lana egiten ari direnei. Abesti bat ateratzea ez zaigu ezer kostatzen, eta eskatuz gero, egiten dugu.

Talde festazaleek lekua kentzen al diete besteei euskal musikaren eszenan?

Azkenean, jendearen gustuak egiten du estilo batek duen lekua izatea, eta leku horietan entzuten da jendeak entzun nahi duena. Talde horiei norbaitek peioratiboki tronpetero deitzen dienean izaten da minduta dagoelako. Nik, hala ere, denetik entzuten dut, musika estilo asko gustatzen zaizkit, eta iruditzen zait beste musika genero batzuek leku gehiago beharko luketela; hori, dudarik gabe.

Sueños de color singlea oso komertziala dela esan du zenbaitek. Esne Beltzaren ibilbidean hain desberdina al da kantu hori?

Abesti bat egiten dugunean, ez dugu horretan pentsatzen. Komertzialagoa, zergatik? Canijok gaztelaniaz abesten duelako? Irrigarri samarra iruditzen zait hori guztia. Zenbaitek esan du: «Ematen du Melendi dela abesten duena». Hori dioena informatu beharko litzateke zein den Canijo, zer musika egiten duen, zein ekarpen. Reggaeton bat dela ere esan dute. Eta ez da, runba bat da.

Mestizajeak ez du sarri prentsa ona izan. Zer da zuretzat mestizajea musikan?

Mestizajea da musikan dagoen gauzarik aberasgarrienetakoa. Ez baita soilik musikak nahastea; hizkuntzak eta kulturak nahastea da. Euskaldunok gauza asko egin ditugu modu horretara. Ez dezagun ahaztu 1980ko hamarkadako musika, Euskal Rock Erradikala (RRV), Ingalaterratik eta AEBetatik ekarritakoa dela. Geureganatu egin dugu, garai hartan oso gaizki ikusia zegoen arren, eta gero sekulako indarra hartu zuen. Mestizaje hitza gutxietsi egiten dute batzuek, eta ez dakite zer den.

Disko honetan, harremanez asko hitz egiten duzue, eta zu bat asko ageri da Jon Garmendia Txuria-k idatzitako hitzetan.

Bai, aldarriaren kontua pixka bat albo batera utzi dugu oraingoan, nahiz eta egon badauden puntu batzuk, gu garen bezalakoak baikara. Baina lehen diskoa da barne begirada bat. Lasaixeagoa da bigarrena baino. Trikitia ageri denaere porrusalda bat da, Amaia Apaolazari eskainita. Bigarren diskoa oso desberdina izango da: kanpora begiratuko dugu gehiago. Esna egoteko bi modu dira, barrura begira egotekoa, eta kanpora begira egotekoa.

Esne Beltzak zer egiten du musikalki esna egoteko?

Musika asko entzun, eta ez bakarrik estilo bat. Denetik entzuten dugu, baita Euskal Herrian egiten dena ere, jakina. Zorionez, orain Internet daukagu. Ni horren aldekoa naiz. Diskoak saldu behar dira, bai, baina zure musika jaisten badute, berdin Abaltzisketan edo Australian, hori oso aberasgarria iruditzen zait. Nik neuk ere gauza bera egiten dut. Interneten sartu eta gauza pila bat entzuten dut. DJ Zigor taldekidea da horretan aitzindaria. Musika asko entzuten du bere saioak prestatzeko, eta musika horiek pasa egiten dizkit gero. Lanarekin eta abar denbora gutxi izaten dugu, baina autoan sartzean beti izaten dut mp3 bat musika desberdinekin.

Trikitiaren gidaritza bi kantutan nabari liteke, Begirada bakoitzean kantuan eta Juntu-n. Zer egiteko du trikitiak gaur egun Esne Beltzan?

Gitarra ere jotzen dut, baina nire instrumentua soinu txikia da, abestiak ateratzeko gehien erabiltzen dudana. Erosoen harekin sentitzen naiz. Begirada bakoitzean kantuak bere istorioa du. Iaz Japonian egon ginen. Han badugu lagun bat kontzertuak-eta lotzen dizkiguna, Shogo. Japoniarra da, baina Argentinan jaiotakoa, bere gurasoak hara joan baitziren Japoniatik. Bere furgonetan jarri zigun Argentinan asko entzuten den kuarteto formatuko musika bat. Hortik atera zen kantu horretako trikiti erritmoa. Juntu-n, aldiz, porrusalda sartu dut. Orain artean trikitiak sartzen nituen. Porrusalda berez izan liteke reggae erritmo bat, eta modu horretan abesteko oso egokia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.