Argazkilaritza

Anne Rearick: «Jendearen edertasuna, argitasuna, zentzumena eta geruza anitzeko irudiak ditut maite»

Miarritzen ikusgai jarritako 'Gure bazterrak' erakusketa argazki gehiagorekin iritsiko da Donostiako Okendo kultur etxera. Euskal Herrian ateratako irudiak bildu ditu argazkilariak.

Anne Rearick argazkilaria
Anne Rearick, Donibane Garaziko Parisenean, urriaren 28an. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
Donibane Garazi
2024ko azaroaren 3a
06:00
Entzun

Argazki egiteko erdietsi zuen lehen beka baten karietara heldu zen Euskal Herrira Anne Rearick argazkilaria (Caldwell, Idaho, AEB, 1960). 1990eko urri hondar batez jaitsi zen trenetik Donibane Garaziko geltokian, eta parean den Parisenea ostatura sartu, galdurik, ingelesa baizik ez zekiela. Garaziko jendearekin maitemindu zen, argazkitan hartu zituen anitz, baita paisaiak edo bazterrak ere, eta geroztik bi urtetarik, segurik, itzultzen da Euskal Herrira. Hego Afrikan, Ameriketako Estatu Batuetan, Italian eta Eskozian bezala, jendearekin denbora luzez egonez osatu obra indartsua dauka. Gure bazterrak erakusketa Miarritzeko mediatekan ikusgai izan da irail hasieratik atzo arte, eta Donostiako Okendo kultur etxera joanen da aurki; bertan are argazki gehiago izanen dira. Erakusketa horien karietara liburu bat ere argitaratu du Rearickek, Gure bazterrak (Deadbeat Club Press, Los Angeles, AEB) izenarekin hura ere. Euskal Herrian 34 urtez egin argazkien bilduma da. Elkarrizketarako, Parisenea ostatuan jarri du hitzordua.

Dena abiatu zen gune berean gara, Donibane Garaziko Parisenean.

A, bai, egia da! Geltokira iritsi nintzenean, ez nekien frantsesik ere. Hona etorri nintzen [Parisenera], doi bat galdurik, eta etxe honetakoak ingelesez mintzo zirenez —Kalifornian bizi izan zirelako— atseden gune bat izan zitzaidan. 34 urte berantago kasik egun berean gertatzea irrigarria da, bai.

Orduan, zergatik hautatu zenuen Euskal Herria?

Beka bat irabazi nuen Frantziara joateko. Baina Euskal Herrira etortzea proposatu nuen. Idahon bizi nintzen haurrean, eta euskaldunen mitoaren berri izan nuen: hizkuntzaren misterioa. Boisen euskal jaialdi handiak badituzte, kantua, dantzak... Gazte-gazterik banuen jakin-min hori, aitatxik aipatzen zizkidalako euskaldunak.

Zer oroitzen duzu Garazira heldu zinenekoaz?

Arrunt galdurik nintzela, doi bat gogo histua. Gero, Hatoig anderea ezagutu nuen, eta emeki-emeki familia bat osatu dut hemen. ELBn lan egiten zuten emazteekin hasi zen. Haiei esker, bestetarat gomitatua nintzen. [Donibane Garaziko] Zitadelako karrikan aurkitu nuen bizitegi bat: [William] Shakespeareren istorioetakoa bezalakoa zen karrika hori. Zinezko pertsonaia batzuk nituen auzoak: Fuina, Mari Beltxa, Josefina. Biziki maite nuen. 1990 eta 1991. urteak ziren. Jean-Christian Galtxetaburu ere hor nuen ezagutu [Gamarteko soinulari ezaguna, argazkitan askotan atera duena].

«Honat heldu nintzelarik, jende frankok maitasunez eta bihotz onez hartu ninduten; esperientzia harrigarria izan zitzaidan, mirakuluzkoa»

Harreman horiek lan egiteko moldetik egin ziren, edo jitez halakoa zarelako?

Izatez, biziki herabea naiz. Baina honat helduta, behartua nintzen aukera guztiei bai erratera. Irekirik egon nintzen orori; bereziki, nirekin hain bihotz onekoak izan zirenei buruz. Denbora eskaini zidaten. Haur denboran ez nuen sekula halakorik ezagutu Ameriketako Estatu Batuetan. Familia konplikatua genuen, gurasoak bereiziak, ama edateari emana. Haur bakartua nintzen, eta familiaburu bihurtu nintzen. Honat heldu nintzelarik, jende frankok maitasunez eta bihotz onez hartu ninduten; esperientzia harrigarria izan zitzaidan, mirakuluzkoa.

Egia da zure argazki batzuetan denbora gelditua balitz bezala hautematen dela.

Argazkietan hastio ditut ordulariak, hitzak idatzirik dauzkaten tixertak, markak, autoak. Neutroa izatea nahi dut. Pertsonen begitarteak, jestuak zaizkit interesatzen, adierazten duten hori.

Euskal Herri horretan egin dituzun argazki batzuek Europa ekialdean eginak iduri dute, edo Emir Kusturicaren film batetik jalgiak.

A, bai, Kusturica? Time of the Gypsies filma? Izugarri maite dut. Arrotz begiak direlako nireak? Karratuan delako eta zuri-beltzean?

Zitadelatik egindako neska baten argazki hori, adibidez?

Italiako Errenazimentuko margolan bateko aingeru bat da niretzat. Artearen Historia ikasi nuen, eta, garai hartan, Errenazimentuko margolanek biziki markatu ninduten.

Zamaz bete egongelan mahaiari kontra zutik dagoen haurrarena ere bada. Irudi bakar, eleberri bat iduri?

Argazkia egin nuenean doi-doia ezagutu nuen neska hori. Burasoak ez ziren etxean, eta onartu zuen argazkitan atera nezan. 12 urte zituzkeen. Begirada zintzo eta irekia dauka. Iaz berriz ikusi nuen. 42 urte ditu, eta hiru haur. Kontatu dit haur denbora zaila izan zuela. Burasoak edaleak zituelako —ene ama bezala—. Histura zerbait sentitu nuen. Bada beste neska hori ere, asto baten gainean, basa aire batekin; neska basa hori ni naiz.

Identifikatzen zara?

Uste dut badela mirailatze bat, bai.

Jendearekin astia hartzea zure lanaren oinarrian da?

Denbora anitz egoten naiz jendearekin; tresna ez dut beti hartzen. Baina, hemen hasi nintzenean, etengabe egiten nituen argazkiak. Jendea nirekin atxikitzeko molde bat zitzaidan. Haien oroitzapena, irudia atxikitzeko. Hastapenetan izugarri zaila zitzaidan etxera itzultzea. Negarrez hipaka abiatzen nintzen berriz hemendik.

Horri esker dituzu biziko une horiek finkatzen?

Denbora behar da horretarako. Momentuan hor egotea da argazkigintza. Argazkiaren %90 momentuan izatea da. Bigarren mailan irakasten dut, eta 14 eta 18 urte arteko ikasleei erraten diet funtsezkoena munduan presente egotea dela; inguruan duten edertasunaz ohar daitezen: xehetasunetan, gauza itsusietan ere egon behar dela edertasuna kausitzeko.

Munduan zehar erakutsi dituzu zure lanak. Zer oihartzun izan dute?

Biziki ederra kausitzen dute Euskal Herria: hunkiak dira. Uste dut ene argazkietan badela alde unibertsal bat; espero dut hala dela. Jendearen edertasuna, argitasuna, zentzumena. Geruza anitzeko irudiak ditut maite. Izan Euskal Herrian, izan Hego Afrikan, uste dut horrek duela jendea hunkitzen.

Bizi guziko harremana atxiki duzu argazkitan atera jende horrekin?

Bederen bi urtez behin itzultzen naiz honat. Ez dut galdu nahi lotura hori, adiskidantza.

«Denbora behar da. Momentuan hor egotea da argazkigintza. Argazkiaren %90 momentuan izatea da»

Erran duzu kontent zarela Gure bazterrak liburuan argitaletxearekin lortu duzuen kalitateagatik.

Behar den liburua da jendeari emateko. Oso harro naiz emaitzaz. Inprimatze kalitatea biziki ederra baita.

Zergatik Gure bazterrak?

Mikel Laboa biziki maite dudalako. Munta handiko artista izan da, izugarrikoa. Kantu horrek nituen sentimenduak adierazten zituen. Hastapenetan, lanbroarekin, ez nituen ongi ikusi bazter horiek, eta kultura. Baina, emeki-emeki, herri hau ene baitan bizitzen hasi da. Maite ditudan jendeak bizi dira ene baitan. Eta kantuak hori dio. Oso kantu ederra da. Eta inportantea zitzaidan izenburua euskaraz izatea.

Zure lana Miarritzen eta Donostian erakustea inportantea zaizu lurraldetasun ikuspegitik?

Bai, oso, nahiz eta Hegoaldean ez dudan argazki anitzik egin; pixka bat Lekeition [Bizkaia]. Uste dut garrantzitsua dela lana partekatzea hemengo jendearekin.

Egun hauetan argazki ateratzen ibiltzen zara?

Tresna autoan daramat. Arratsalde honetan berdin eginen ditut, baina joan den gauean ez dut lorik egin, eta behar dut aski ongi eta kriketa izan argazki ateratzen ibiltzeko. Hor ez dut nihauren burua hain kriket eta jendearen aitzinean agertzeko gisan ikusten; beraz, holakoetan nahiago dut paisaiak argazkitan atera.

Ondoko lan egitasmoa zein izanen duzu?

Beka bat irabazi dut Txilera joateko. Maitemindu naiz Txilerekin: bereziki Patricio Guzmanen filmek hunki naute. Filosofia, historia, mendiak, ura, indigenak, gauza asko nahasten ditu; film biziki-biziki ederrak dira. Hango baserrialdeko biziaz eginen dut lan bat. Ez naiz hainbeste hirietako alaba. Gainera, euskaldun anitz bada Txilen: karrikak, jatetxeak, okindegiak euskal izenekin.

Azken hitz bat?

Zinez eskerdun naizela hemengo jendearekin, Euskal Herriko ene familia handiarekin. Haiek gabe, ardiak eta mendiak baizik ez lirateke argazkietan.

ANNE REARICK

Anne Rearick argazkilaria
Argazkia: guillaume fauveau

 

Sortzez Idahokoa bada ere, Gloucesterren bizi da gaur egun (AEB). Argazkilaritza dokumentalaren tradizio handian sartzen da Anne Rearicken lana. Epe luzera lan egiten du, jendeekin eta lekuekin harremanak sakonduz, denborarekin. Argazkitan ateratzen dituenen eguneroko bizia du oinarri, ñabardurak harrapatuz. Arte Ederretako Masterra du, eta argazkilaritza irakasten du Bostonen azken 25 urte hauetan. Sari eta beka andana baditu irabazirik. Besteak beste, Guggenheim beka, boxeo amateurraz egin lanagatik: Hego Afrikako township-etan egin lanerako SCAMek ematen duen Roger Pic saria, baita European Mosaique saria eta Dorothea Lange-Paul Taylor saria ere. Euskal Herriko baserri munduan egon den gisan, Eskoziakoan eta Italiakoan ere egin ditu lanak. Baita Okzitaniako Sete hiriko biztanleekin ere. Hainbat liburu argitaratu ditu: Miresicoletea, Euskal Herriaz, 2003an; Township  2016an (Nadar selekzioa), Sete 17  2017an, True West 2019an, You Will Look to the Mountain 2022an, eta Gure bazterrak 2024an. Haren lan batzuk sartuak dituzte nazioarteko bilduma publiko handietan: Frantziako Liburutegi Nazionalean, Luxenburgoko Ikus-entzunezkoen Zentro Nazionalean eta San Frantziskoko Arte Modernoko Museoan. VU’ agentziako kide da, eta Clementine de la Feronniere galeriak ordezkatzen du Parisen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.