DURANGOKO 45. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA

«Jendeak ondo hartu du disko-liburuaren formatua»

Xabier Sagardia. 'Entzun!' aldizkariko koordinatzailea

gorka erostarbe leunda
2010eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Hirugarren urtez plazaratu da Durangoko Azokan Entzun! disko-liburua. Zale fidelak dituela eta jendea betiko legez hurbiltzen zaiela dio Xabier Sagardiak (Iruñea, 1973). Azken hilabeteetan lanen bat argitaratu duten hamazazpi talderen kantu bana (Zea Mays, Split 77, Surfin Kaos, Atom Rhumba, Esne Beltza, Gozategi, Giorgio Bassmatti...) eta gisa guztietako erreportaje, elkarrizketa, kritika eta iritziak jaso dituzte zenbaki berrian.

M-ak taldearen atzera begirako batekin zabaldu duzue Entzun!-en zenbaki berria. Kultuko taldea da M-ak. Berreskuratu beharreko taldea?

Liburuak aukera ematen du atzera begirakoak eta erreportajeak zabal biltzeko. M-ak taldea ez zen iritsi publiko zabal batengana, baina arrastoa utzi zuen musikazale eta musika talde askotan. Euskal Herrian musikaren arloan aurreratu egin zen 80ko hamarkada hasiera hartan. Irla moduko bat zen punkaren garaian. Talde errepikaezina eta berezia izan zen Xabier Montoia eta Kaki Arkarazok gidaturikoa.

Erreportaje eta elkarrizketetatik, zein nabarmenduko zenuke?

Entzun!-en irakurlegoa ez da estilo zehatz batekoa. Liburuko 140 orri pasatxotan gauza asko topatuko ditu irakurleak. Saiatzen gara denetik agertzen, euskal musika ardatz izanik, nazioartekoari kasu egiten, eta estilo aniztasuna islatzen. Iazko zenbakian, esaterako, punkak ez zuen leku handirik izan; oraingoan badu, 90eko punkaren erreportaje baten bitartez. Eta, esaterako, alboka musika tresnaren erreportaje bat ere bai.

Zein ezaugarri izan ditu 2010. urteak musikari dagokionez?

Uste dut errepikatu dela azken urteetako joera, hau da, atomizazioarena. Bai taldeen estiloetan, bai publikoaren estiloetan, kontzertuen aukeraketetan... Horrek segitzen du, eta, bestalde, gurean aspaldian aukera zabala dago, estilo desberdinetako talde ugari dago. Talde jakin bat nabarmentzea zaila da aurten, eta joera bat aipatzearren esango nuke akaso euskaraz kantatzen duten talde gutxiago dagoela. Baina daturik ez daukat, eta pertzepzio soila da.

Hiru urte dira paperezko aldizkari izateari utzi eta sareratu zinetenetik eta urte bukaeran liburu-diskoa ateratzen duzuenetik. Zer balantze egiten duzue?

Uste dut asmatu dugula.Aldaketa harrigarria izan zen, ezustekoa agian, baina jendeak ondo hartu du liburuaren eta CDaren formatua. Uste dut gustatzen ari dela. Gu geu ari gara puntua hartzen liburuari, eta jendea ere bai. Liburuak ez du izan nahi urtekari moduko bat. Biltzen ditu urte osoan gertatutako zenbait gauza, baina baita bestelakoak ere. Ez da zerrendatze huts bat.

Eta sarean zer-nolako harrera duzue?

Ona, jendeak jarraitzen ditu sareko edukiak ere. Baina garbi dugu gure erronka nagusia webgunea berritzea eta indartzea dela, zaharkitua geratu baitzaigu. Ari gara horretan lanean, pixkana-pixkana, ditugun baliabideak ere ez direlako handiak. Baina webgunearen irudia aldatuko dugu, edukiak zabaldu nahi ditugu, ikus-entzunezko materiala sartuz, eta jendeari parte hartzeko aukera eman nahi diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.