Juan Kruz Diaz de Garaio. Dantzaria eta koreografoa

«Jendeak itxurakeria bat islatzeko ere badarabil gure artea»

Sasha Waltz dantza garaikideko berritzailearen lankide da Diaz de Garaio. Haren konpainiarekin 'Sacre' aurkeztuko du astelehenean Donostiako Kursaalean, bi piezatan dantzatuz eta beste bat zuzenduz.

SEBASTIAN BOLESCH.
gorka erostarbe leunda
2016ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Musika ikasketak egiten hasi, eta ahotsarekin esperimentatu. Kontratenor ikasketetan sakontzen hasi, eta gorputzaren mugimenduarekin liluratu. Legazpitik Donostiara, Donostiatik Bartzelona eta Portora, eta handik Amsterdam eta Berlinera. Europako dantzari, koreografo eta musikari estimatuenetakoa da egun Juan Kruz Diaz de Garaio (Legazpi, Gipuzkoa, 1966). Eta ohiko lankidea du Sasha Waltz alemaniarra, dantza garaikidearen arnasberritzaile nagusietako bat. Sasha Waltz & Guests Dance Berlingo konpainiarekin Donostiako Kursaalean izango da astelehenean (20:00), Sacre obra dantzatuz, eta baita zuzenduz ere. Obrak hiru pieza ditu. Igor Stravinskiren Udaberriaren sagaratzea obraren bertsioa da ardatza, eta programa osatuko dute Fauno baten biaoa-rekin —Debussyren musikarekin— eta Maitasunezko eszena-rekin —Berliozen Romeo eta Julieta-ren musikarekin—. Behin baino gehiagotan izan da Donostian Diaz de Garaio, baina Sasha Waltz konpainia aurrenekoz izango da. Amsterdamdik aritu zaigu hizketan, telefonoz.

Musika dago denaren hasieran, baita zure ibilbidearenean ere?

Bueno, hasiera asko izan ditut, eta hasiera horiek guztiak gurutzatu egin dira, baina egia da sei urte nituenean jada musikak liluratu ninduela, eta amari eskatu niola solfeoa ikasi nahi nuela. Familia erabat nuen baserrikoa, eta ez nuen etxean musikarekin inolako loturarik, eta askotan galdetu diot neure buruari nondik datorkidan musikarekiko zaletasun hori. Beti izan dut interes asko, eta kanpotik begiratuta askori irudituko zaio helburu finkorik gabe zabuka ibili naizela, baina horrek berak eman dio sendotasuna nire ibilbideari. Gaztetan ahate itsusitzat nuen neure burua...

Zergatik hori?

Kantuan ahots berezia nuen, kontratenorrarena, dantzan ez nituen beste dantzariek zituzten dohain ikusgarriak, eta kosta egin zitzaidan nire lekua topatzea. Behin onartuta nire berezitasunak zein ziren, 1992 inguruan, indartsuago egin nintzen, eta sortzaile misto edo mestizotzat daukat neure burua. Etiketek defini ez nazaten saiatu naiz beti; batzuetan dantzari naiz, besteetan, koreografo eta zuzendari, musikari eta kantari hainbatetan; egoeraren arabera. Behar denaren arabera, nire gorputzaren bidez adierazten dut, azkenean, bai kantariak eta bai dantzariak bere gorputza erabiltzen baitu.

Hogei urte daramatzazu Sasha Waltzekin elkarlanean. Zer ematen diozue elkarri?

Hogei urteko bidean gorabeherak izaten dira, baina garrantzitsua da harremana etengabe biziberritzea, ez dadin errutinak edo erosotasunak gidatua izan, edo bizitzeko lain diru ematen dizun gauza soil bat bihur ez dadin. Orain berekin lanean jarraitzeko arrazoiak eta duela bost edo hamar urtekoak desberdinak dira. Elkar elikatu gara, eta gure bide indibidualak garatu ditugu, bide komun bat garatzeaz gain. Elkarrekin konfiantza handia dugu, eta hori oso garrantzitsua da.

Zerk egiten du zuen konpainiak? Ia denek originala dela aitortzen dute eta.

Zaila da horri erantzutea. Konpainia garaikide modura etengabeko bilakaeran murgilduta gaude, eta sarri ez dugu izaten babes ofizial edo publikorik; baina Sashak lortu du egitura bat sortzea, artista multzo handi batena, ez soilik dantzariena, eta helburu partekatu bat izanik nork bere lana garatzeko ere aukera duena sortzaile modura. Engaiamendua dago, baina dago libertate handi bat bakoitzak bere zorotasuna ere gara dezan.

Sacre ikuskizunean, gorputzaren eta musikaren arteko uztarketa eta jolas etengabe bat dago, zure bizitzan ere etengabea bat izan dena.

Bai, halaxe da. Gure lanean konstante bat da; ez dugu ikusten musika dantzaren osagarri soil bat gisa, eta ez dugu ikusten dantza musikarentzako dekorazio huts. Bai musika eta bai gorputzaren mugimendua balio artistiko eta diskurtsibo berekoak dira guretzat. Diskurtso artistiko nahiz sozial edo politiko modura balio bera dute musikak eta dantzak. Ez dira elkarren menpeko, baina bien artean sinbiosi bat sortzen da eta hirugarren ente edo diskurtso artistiko bat.

Dantza eta musika garaikideak badute gizartean eragina izateko bezalako itzala?

Egia da Europako beste zenbait lekurekin alderatuz gero oraindik ere Euskal Herrira edo Espainiara noanean dantza eta musika garaikidearekin urruntasun bat nabaritzen dudala. Eta hor ardura egotzi dakiokeela kultura programak sortzeko boterea dutenei. Botere horrek ez du kultur hezkuntza behar beste landu urruntasun eta aurreiritzi horiek desager daitezen. Estetikoki eta kulturalki geratu gara oso erreferentzia zaharkituekin; oraindik ere Stravinskiren Udaberriaren sagaratzea musika garaikidetzat jotzen dugu, eta ehun urte ditu! Egun ditugun arte adierazpideek azaldu behar dituzte XXI. mendeko gizon eta emakumeen behar eta sentsibilitateak, oinarritu daitezke tradizioetan, baina erreferentzia gisara, aurrera egiteko.

Jende askorentzat, ordea, dantza eta musika garaikideak badu pisu elitista bat ere...

Bai, jakina, eta uler daiteke hori ere. Antzokira edo operara joaten denak sarrera bat ordaindu behar du, eta hori ordaindu ahal izatea ez dago denen esku. Donostiako emanaldian 26 dantzari daude oholtzaren gainean. Eta hori gastu bat da, inbertsio bat. Antzoki eta arte adierazpide horiek ez badaude behar bezala diruz lagunduta, eta erakundeek ez badute babesten, salneurriak igo egiten dira. Baina, era berean, esan beharra daukat jende asko ez dagoela prest halako emanaldi bat ikusteagatik 20 euro ordaintzeko, baina 60 euro ordaintzen dituela futbola ikusteagatik edo afaltzera joateagatik. Lehentasunak non jarri... Hori ere hezkuntza da, eta sentsibilitateak landu egin behar dira. Nire ustez, lehentasunak ez dira jartzen jarri beharko liratekeen kontuetan. Artea ez da kontu elitista bat; ez luke egon beharko ekonomiak baldintzaturik. Artea gizartearentzat ezinbesteko tresna da, gizarte horren joerak etengabe auzitan jartzeko. Baina konturatu naiz jende askok itxurakeria bat islatzeko ere badarabilela gure artea; bestela ezin dut ulertu Kursaalera etorri ginen aurreko aldian nola bete zen goitik-behera, eta gero Gazteszenara etorri nintzen beste batean 50 lagun baino ez genituela bildu...

Zuk ez daukazu inolako arazorik berdin Kursaalean edo berdin Gazteszenan dantza egiteko?

Ezta batere. Hierarkiak, prestigio kontuek eta abarrek ez naute kezkatzen. Hainbat obrak askoz ere garrantzi handiagoa eta isla hobea izango dute testuinguru intimo batean, eta, kasu horretan, hobe da leku txiki eta goxoagoetan aurkeztea. Eta badira beste obra batzuk, soilik duten neurri eta parte hartzaile kopuruagatik espazio handiago bat behar dutenak. Zaindu behar da obrak zein markotan izango duen irakurketa egokiago bat. Baina ni neu ez naiz sentitzen artista hobea edo prestigio handiagokoa Kursaalean edo Gazteszenan aritzeagatik. Ez daukat halako konplexurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.