Durangoko 58. Azoka

Beñat Gaztelurrutia: «Jendeak ez du azoka saltoki moduan ulertzen, bestelako esperientzia handiago baten moduan baizik»

«Oso jendetsua» izan da Durangoko 58. azoka, eta balorazio positiboa egin du Gaztelurrutiak. Landakotik harago, gainerako guneek ere harrera ona izan dutela nabarmendu du.

(ID_13420201) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) Beñat Gaztelurrutia2023-12-11, Durango. Beñat Gaztelurrutia
Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzailea, atzo, Landako gunearen aurrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
Durango
2023ko abenduaren 12a
05:10
Entzun

Kutxaz beteta dago Gerediaga elkartearen bulegoa, Durangoko Azokaren biharamunean. Horiek antolatzen dabiltza egun hauetan elkarteko langileak. Tartean, Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzailea (Abadiño, Bizkaia, 1976). Nekatuta dago, baina Durangoko Azokak izan duen harrerarekin pozik.

Pandemia aurretik bezainbeste jende eta salmenta izan ziren iazko Durangoko Azokan. Aurtengo aldia nolakoa izan da?

Ziurtatu dezakegu jende asko ibili dela. Hala ere, kontu handiz ibili behar dugu salmentei buruz ari garenean, sortzaile edo eragile batzuk ez baitatoz salmenta bila, ikusgaitasun bila baizik. Erakusketariek ahalegin handia egiten dute azokan egoteko, eta hori baloratu eta eskertu behar dugu.

Asteazkenetik, 58. aldiak ateak ireki zituenetik, jendetza ibili da Landakon. Gainerako guneetan ere halako erantzuna izan da?

Landakon milaka bisitari izan dira, bai. Kontua da horietako asko etorri direla jakin minez eta interesez, eta kulturazale asko izan direla aurkezpenetan ere. Harrera oso ona izan dute gune guztiek. Datu bitxi bat ere badugu: Durangoko Azokako webgunea begiratu duten bisitarien ia erdiek egunez eguneko egitaraua kontsultatu dute. Egun, jendeak ez du azoka saltoki moduan ulertzen, bestelako esperientzia handiago baten moduan baizik. Landako gunean hasten den azoka indartu egin da bere dimentsio osoan.

Azokaren aurkezpenean aurreratu zenuenez, aurten inoiz baino jarduera gehiago izan dira gazteek sortuak eta gazteentzat pentsatuak. Nola erantzun dute?

Gazteak egon badaude azokan: sortzaile gazte askok aurkeztu dituzte euren lanak azokan. Baina bisitari gazteak erakarri nahi genituen. Demografikoki aztertuz gero, gazteak gutxiago dira kopuruz, eta, horrek, sarritan, ikusezin bilakatzen ditu, nire ustez. Aurten, beraz, transmititu nahi izan diegu Durangoko Azokan badagoela lekua eurentzat. Uste dut helburua bete dugula.

Digitalizazioaren ondorioz, euskarri fisikoen salmenta behera egiten ari da. Nabaritu duzue joera aldaketa hori?

Bai. Bista-bistakoa da digitalizazioaren eragina; batez ere, musikaren alorrean. Paradoxikoa da; izan ere, inoiz baino musika gehiago entzuten da egun, edonon. Musikari batzuek, baina, aitortu digute Durangoko Azoka oasi moduko bat dela, eta ondo saldu dutela.

Eraberritzeko beharrizanik igartzen duzue alde horretatik?

Bai, jakina. Kontua da ez dakigula nola aurre egin horri, ez guk, ez musikariek, ez argitaletxeek. Kezkagarria da. Iaz, arautegia aldatu genuen, eta diskoez gainera, bestelako material batzuk saltzeko aukera eskaini genien musikariei: poltsak, kamisetak... Musikaren alorreko erakusmahaien kontzeptua aldatuz joan da, eta salmentetarako erakusmahai zena komunitatea indartzeko espazio bihurtu da. Gutako bakoitza ahal duena eta ahal duen moduan egiten dabil, ez dago gogoeta adosturik, eta asmatzen duenak erakutsiko die bidea gainerakoei. Bide horretan, saiatu beharko dugu inor atzean ez uzten.

Aurten ez duzue online dendarik jarri. Izan du eraginik horrek?

Iaz, egia esan, online denda ez zen asko erabili. Beraz, alde horretatik, ez zaigu iruditzen zerbait garrantzitsua atzean uzten ari garenik. Argi dugu Durangoko Azokak aurrez aurrekoa izan behar duela. Beste kontu bat da mundu digitaleko plataforma handiek nola eragingo dioten azokari: agian, azoka gaindituko duen beste proiekturen bat planteatu beharko da, baina mamitu eta landu beharreko kontua da oraindik.

Erakunde publikoek behar bezala erantzuten diote azokari?

Erakundeetatik diru laguntza egonkorrak jasotzen ditugu, eta, horrek erabateko ziurtasuna ematen digu hurrengo aldia antolatzeko garaian. Asko eskertzen dugu hori. Baliabide horiekin, baina, azoka eredu jakin bat egiteko aukera baino ez dugu. Baldintzak egokienak dira? Izango dugu zer hobetu, noski. Sortzaileen edo erakusketarien baldintzak, kasurako.

Eta, euskarari dagokionez, laguntzen al du azokak euskararen normalizazioan?

Sentsibilizazioari dagokionez, bai. Hortaz, pentsatu nahi dut azokak bere aletxoa jartzen duela normalizaziorako bidean ere. Euskarari zentraltasuna ematen ahalegintzen gara, baina erdara ere presente dago euskaratik itzulitako lanetan eta erdaraz idatzitakoetan. Gizartearen ispilu bat da Durangoko Azoka, eta badaude kezkatzen gaituzten kontuak. Musikaren alorrean, esaterako, erdara eta euskara nahasteko joera dago, eta ez dakigu hori nola ulertu behar dugun.

Datorren urtera begira, baduzue hobetu beharreko konturik edo erronkarik?

Seguru baietz. Azoka amaitzen denean, inplikatuta egon diren eragile guztiekin batzen ahalegintzen gara, guztien balorazioak jasotzeko. Datorren urteko ereduari dagokionez, %80 finkoa da, eta ez da aldatu beharko, baina beste %20a nola bideratu izango da gakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.