Donostiako Nazioarteko 63. Zinemaldia. Zinemira. Lara Izagirre. Zinemagilea

«Jendeak berea gisa ulertuko zuen zerbait egin nahi nuen»

'Un otoño sin Berlín' Izagirreren film luzeko protagonista jaioterrira itzuli da. Ezin du, ordea, bere tokia bilatu: «Protagonista izan arren, bera ezagutzen dugu gutxien».

Igor Susaeta.
Donostia
2015eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Sortu du ikusmina Lara Izagirre zinemagilearen (Zornotza, Bizkaia, 1985) fikziozko lehen film luzeak, Un otoño sin Berlín-ek. «Guztira zortzi bat elkarrizketa emango ditut gaur [atzo]», dio zuzendariak berak. Zinemira sailean proiektatuko dute, eta gaur iluntzean estreinatuko dute Viktoria Eugenia antzokian, Euskal Zinemaren Galan (20:30).

Euskal Herriko Unibertsitatean ikus-entzunezkoak ikasi zituen, eta New Yorken eta San Antonio de los Bañosen (Kuba) osatu zuen bere formakuntza. Egin dituen lanen artean, Next Stop: Greenland (2012) eta Sormenaren bide ezkutuak (2013) dira nabarmenenak.

Zinemaldirako hautatu, eta gainera Euskal Zinemaren galan, estreinatuko dute Un otoño sin Berlín zure lehen fikziozko film luzea. Nola sentitzen zara?

Oso pozgarria da, eta ohore gisa hartzen dut. Joan den urteko urrian hasi ginen filma grabatzen, eta pare bat aste lehenago Euskal Zinemaren Galara joan ginen. Negociador ematen zuten, eta, proiektatu aurretik, grabatzen ari ziren pelikulen zati batzuk eman zituzten pantailan. Gurea hiru segundoz agertu zen, eta kristoren poza hartu genuen. Pentsa, aurten gure pelikula da galan emango dutena.

Pelikulako protagonista June da. Jaioterrira bueltatzen da, baina tokiz kanpo sentitzen da, eta ezerk ez du asetzen, gainera. 

Bera ez dagoenez ondo, iruditzen zait inon ezin dela ondo egon. Batzuetan ematen du etxera, jaioterrira bueltatzeak emango dizula ondo egoteko aukera hori, baina benetan ondo ez bazaude, inon ez zara gustura egongo. Itzultzen denean horretaz konturatzen da June; ez dela izango berak espero bezain erraza. Hortaz, hasteko, bere buruarekin ondo egotea lortu behar du.

Ez dago argi zergatik itzultzen den...

Pentsatzen dut bueltatzen dela itzultzeko beharra duelako, baina berak ere ez daki zehatz-mehatz zergatik. Askotan gertatzen da hori: jendeak sentitzen du jaioterritik alde egiteko beharra, baina kanpoan dagoenean atzera itzuli nahi dute.

25-30 urte dauzka June. Deserrotutako belaunaldi baten paradigma izan al daiteke?

Izan daiteke. Junek inon ez dauka tokirik. Batzuetan, kanpoan bizi zarenean, ez zaituzte hartzen etxekotzat, eta bueltatzen zarenean, herrian ere ez zaituzte onartzen herriko gisa. Badago belaunaldi bat hori bizi duena, eta denborarekin, azkenean igual haien tokia topatzen dute. Adin tarte horretan, agian, leku baten bila dabiltza. Baina askotan ez da hain erraza leku bat topatzea.

Hasiera-hasieratik dirudi berriro alde egin nahi duela.

Bai. Haren egoerarekin dauka zerikusia, inon ez baitago ondo. Alde egiteko beharra dauka.

Bizitza aitari, lagunari eta mutil-lagunari laguntzera mugatzen du. Zergatik egiten du hautu hori? 

Beragatik egiten du. Konturatzen da ondo egon ahal izateko ingurukoekin ere ondo egon behar duela. Besteengatik egiten duela dirudi, baina ez, nahiko berekoia denez, gainera, bera ondo sentitzeko egiten du.

Juneren sentipenak apenas azaleratzen diren...

Pertsonaia protagonista da, baina bera ezagutzen dugu gutxien. Bukaera aldera bera apur bat ulertu ahal duzu, baina pelikula osoan itxita dago; itxita dagoena Diego [mutil-laguna] dela dirudi, baina bera ere bai. Oso-oso zaila da Juneren sentimenduak deskubritzea; niretzako ere bai.

Zer adierazi nahi izan duzu pelikularekin?

Gidoia idazten hasi nintzenean, buruan neukan gertuko istorio bat kontatzea, jendeak bere istorioa gisa ulertuko zuena. Bide batez, nik neure bizitzako gauza batzuk ulertzeko ahalegina izan da. Pelikulak lagundu dit nire bizitzako kontu batzuk onartzen, eta izan da apur bat terapeutikoa [barreak].

Zein zentzutan?

Gidoia idatzi nuenean ez nekien zergatik idazten nuen gidoi hori, eta horrela ondu nuen osorik. Orain, denborarekin begiratuta, ulertzen dut nik ere eduki nuela gauza batzuk onartzeko beharra, Juneri filmean gertatu bezala: familiarekin hobeto komunikatzen, maite dituzun pertsonekin... Zer ikasi? June ez izaten.

June pertsonaia deserosoa izan daitekeela iruditzen al zaizu? 

Daukazun nortasunaren arabera. Jende batentzako bada deserosoa, bai.

Bilatutako deserosotasun bat da?

Ez; nik pentsatzen nuen, gainera, ez zela izango deserosoa. Hasieran harritu egiten nintzen jendea etortzen zitzaidanean esatera berekoia eta beste dela. Gero, ordea, argi eta garbi ikusten da. Halere, zure nortasuna kontuan hartuta, pertsonaia batzuei dena barkatzen diezu, eta beste batzuei ezer ez.

Diego mutil-lagunaren pertsonaia oso muturrera eramanda dago.

Bai? Nik ezagutu ditut kasu batzuk okerragoak direnak, eta normaltasunez onartu ditut. Beraz, ez zait iruditzen muturrera eramanda dagoenik. Berak hartutako erabakiak badira muturrekoak, dena den. Pertsonaia metafora modura ikusten dut, hartzen dituen erabakiak ez baitira bere horretan aztertzekoak: noraino hel daitekeen pertsona bat, egoeraren arabera. Jende batek esan dit: «Jo, Diego...». Beste batzuk, aldiz, bere alde daude erabat. Polita da, pentsatzen nuelako inor ez zela haren alde egongo. Bi kontzeptu sortu ditugu jada: Diegistak eta Junistak [umorez].

XX. mendeko bi gazte izateko, atentzioa ematen du haien etxeak: ez da ageri ez sakelako, ez ordenagailu, ez telebista bakar bat ere.

Junek sakelakorik merkeena erosten du, eta Diegoren erabakietako bat da munduarekin harremanik ez edukitzea, eta horregatik ez dauka beharrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.