Gizarte gai bat du abiapuntu Miguel Leachek (Iruñea, 1959) bere azken lanean: etxe kaleratzeak. Nagusiki margolanak egin ditu orain arte, baina argazkilaritzaz baliatu da oraingoan errealitate hori erakusteko. Kazetaritza argazkilaritzatik urrun aritu da, halere. Prokuradorea da Leache lanbidez, eta horri esker izan du etxe kaleratzeen ondorioz hutsik gelditutako etxeetara sartzeko aukera. Lehengo jabeak joan, eta hurrengoak sartu aurreko tarte horretan egin ditu erretratuak. «Kasuen %90ean ez dago aurrez aurreko gatazkarik. Askoz ere intimoagoa da dena. Jendea joan egiten da, eta bere gauza batzuk uzten ditu. Abandonu horrek giza arima nola islatzen duen interesatzen zait». Por los días felices (Egun onengatik) izendatu du erakusketa, eta apirilaren 7ra arte ikusi ahalko da Uharteko Arte Garaikideko Zentroan, Nafarroan.
Nafarroan hartutakoak dira Leacheren irudi guztiak, eta 92 daude guztira ikusgai. Gehiago ere izan zitezkeen, ordea. Lau urte eman ditu artistak proiektuarekin, eta mila argazki baditu artxiboan. Horien arteko onenak hautatu dituzte bildumarako, eta argia izan da Leacheren helburua: «Gai hau etengabe ageri da egunkarietan eta sarean, eta, orain, legegileek mugitu behar dute, eta mugitzen hasten diren artean, erakutsi ditudan objektuei esan dezaketena esan dezaten nahi dut».
Hustu berritan bisitatu ditu maiz Leachek etxe horietariko asko, baina jenderik aurkituz gero kamera ezkutatu egin duela dio. Etxe hutsaren bidez baino ez ditu erretratatu jende horiek. Erabat ordenatuta eta hutsik ageri dira gune batzuk, eta gauzaz beteta eta kaos moduko batean beste batzuk. Hozkailu hutsak, sukaldeko plater baten gainean dauden bi arrautza, ume jostailuren bat faktura artean... «Gauzen bidez, jendearen bizitza erakutsi nahi izan dut».
Dramatismoari izkin eginda
Mortuak dira horregatik irudiak. Gauzak baino ez dituzte agertzen, espazio hutsak soilik; kasik, isiltasuna darie piezei. Eta bat dator hori argazkilaritzaz duen diskurtsoarekin: «Argazki batek beti egin behar dio galdera bat bisitariari. Ikusleak osatu behar du bertan kontatzen dena». Ez zuen dramatismorik nahi argazkietan, eta zuri-beltza hautatu du horregatik, eta formatu txikikoak dira irudi guztiak. «Biluzi egin nahi nituen irudiak lekuek berezko dituzten ezaugarri ez diren guztiez. Objektuei utzi nahi nien hitz egiten».
Bere argazkiekin albistea gainditu egin nahi duela dio Leachek. «Irauteko sortu ditut irudiak. Hori da nire asmoa». Hasieran, gaiak bere asmo estetikoa irentsiko ote zuen beldur zela aitortu du artistak. Irudiak metatuz joan ahala, ordea, aurrera egitea erabaki zuen. «Pieza guztiak multxoan ikusita, ohartu nintzen bildumak bazuela autonomia bat, eta jadanik ez zirela egunean eguneko albisteen eta gaurkotasunaren menpekoak».
Bost minutuko bideo bat ere sortu du erakusketarako artistak, eta argazkietan agertzen duen errealitatearen negatiboa da ikus-entzunezkoak erakusten duena. Bizilagunik gabe gelditu diren etxeak ageri dira erretratuetan, eta eraiki berri den Iruñeko auzo bateko irudiak bildu ditu bideoan. Bizilagunik gabeko eraikinak. Oraindik inork erabiltzen ez dituen biribilguneak eta ezer argitzen ez duten farolak. Gune mortuak horiek ere. Hondeamakinak joan, eta lehen biztanleak heldu arteko uneak bildu nahi izan ditu artistak.
Liburu bat ere argitaratudute bilduman ageri diren ar- gazkiekin. Carlos Canovas argazkilariak idatzi du aurkezpen testua.
Jendea joatean gelditzen dena
Miguel Leachek etxe kaleratzeen ondorioz hutsik geratutako lekuei egindako 92 argazki bildu dituzte Uharten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu