Jean Pitrau laboraria goretsiko du Atharratze-Sorholüzek

Ehundik gora herritarrek uztailaren 24an eta agorrilaren 7an jokatuko dute pastorala.Mendiko laborantza irmoki eta etengabe defendatu zuen Pitrauk, 46 urtetan hil zen arte

Jean-Pierra Rekalt errejentaren manupean, Atharratze-Sorholüzen oholtzaratze saioak abiatu dira otsailaz geroztik. ALLANDE SOKARROS.
2016ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Denbora luzea itxaron behar izan du, baina aurtengo udan Atharratze-Sorholüzeko herriari tokatuko zaio Zuberoako pastorala ematearen txanda. 1997. urtean Atharratze Jauregia eman zuelarik, datozen uztailaren 24an eta agorrilaren 7an Jean Pitrau pastorala oholtzaratuko du Basabürüko herri nagusiak. Pier-Paul Berzaitzek idatzitako trajeriak Sorholüze Erbinea etxaldeko laborari borrokalari sutsuaren bizi urrats nasaiak gogoraraziko ditu. Mendi nekazaritzaren defentsan eta baita beste alor askotan ere etengabe zeramatzan borroketan higatu izaki, Pitrau 1975ean hil zen bihotzekoak jota. Ipar Euskal Herriaren berezko laborantza sindikalismoaren benetako aurrendaria izan zen. Ehundik gora herritarrek hartuko dute parte pastoralean.

Atharratze-Sorholüzeko Maidalena edo izen zaharragoz Arrañemendiren altzoan den Erbinea etxaldean sortu zen Pitrau, 1929an, eta 46 urte baino ez zituen hil zelarik. Bizialdi laburra, baina jende arrunt batek bizi lezakeen hamar bat bizitzaren adinakoa. Eskolatik 14 urtetan alde egin bazuen ere, bere kabuz ikasten aritu zen beti. Pentsalari apartekoa zen, eta bere burutazio eta egitasmoak obratzen jardun zuen, bere inguruan ehunka lagun bilduz. Pitrauren oinarrizko borroka saila mendiko laborantzaren defentsarena izan zen.

1950eko, 1960ko eta 1970eko urteetako Zuberoako eta Biarnoko mendi baserrien egoera tamalgarria zen. Malda aldapatsuetan jarritako etxalde askotan belaunaldi zaharreko laborariak eta euren seme ezkongabeak bizi ziren, modu oso neketsuetan. Baserri haietara autoz ezin zitekeen bildu. Gehienetan, ez zegoen kanilako urik, ezta bestelako erasotasunerako hornikuntzarik ere. Gehien-gehienetan ere nekazari lanak abereekin egiten ziren, lekuotarako egokitu tresneriarik ezean.

Mendi laborarien elkartea

Mendi laborantzaren ezin bizi egoera horren aurka, gazte-gaztetik oldartu zen Pitrau. Jazar egite horretan, garaiotako nekazarisindikatu bakarra zen FNSEAren goi egituren sostengu eta laguntzarik ez zuen jaso, horiek ordoki handietako nekazaritza produktibista etalaborari «handi» eta aberatsei soilik abegi zietela. Hortaz, mendiko nekazaritzaren eta etxalde txikien geroa bermatzeko xedean, ASAM egitura sorrarazi zuten Pitrauk eta haren ingurukoek. Mendi laborantzaren sostengurako elkarte hark ekimen eta ekintzak etengabe burutu zituen, Pitrau denetan zebilelarik. Lagun horien borroka bideak gogoeta eta ikerketa sakonetatik abiatzen ziren. Hala, mendiko laborarien egoera zehatza ezagutarazteko ikerlan bat egin ondoren, Mendiko laborantxa deitua izan zen azterketa, hausnarketa eta proposamen txosten oso landutakoa atera zuten. Gogoeta-hausnarketak lagun multzo batenak baziren ere, txosten horren idazketa Pitrauk berak egin zuela dudarik ez dago.

Erbineako semeak hautsak horrenbeste zituen harrotu, non garai haietako Frantziako Nekazaritza ministro zen Edgard Pisani gaullista Arrañemendiko maldetara etortzera behartu zuen. Zuberoako jende asko oraindik gogoratzen da ministroaren helikopteroa Ühaitzandiaren ur bazterretan lurra hartzeaz eta handik ministroa Maidalena-Arrañemendiko maldetara bide neketsuz joateaz. Ministroari mendiko laborarien bizimodu gogorra begi bistara emanik, egoera hau zehatz azaltzen zuen txostena eskutik eskura eman zion Pitrauk. Ekitaldi ohargarri honen ondorioz, Frantziako Gobernuak mendiko laborantzaren sustatzeko diru laguntza bereziak plantan ezarri zituen.

Alabaina, Pitrauren borroka eremua ez zen horretan geratu. Mendiko laborarien arteko elkartasuna bizi eredutzat zeukalarik, Eretako (Biarno) 1967ko agorrilaren 13ko lurrikaran larri kaltetutakoen alde egundoko laguntza oldea antolatu zuen. Ezen, kaltetuei sorospena ekartzera eta galerei aurre egiten laguntzera 700 boluntario inguru bildu zituen Pitrauk, eta hilabete luzeetan Baretos Biarnoko ibarrean tai gabe lanean aritu ziren.

Pitrauren azken borroka

Haatik, Pitrauren azken borroka gunea haren bizitoki Arrañe auzoa izan zen. Hango eskola ixtea erabaki zuen 1972an Frantziako Hezkunde nazionalak, zortzi ikasle baino gutxiagora eraitsia baitzen. Jean Pitrauk eta auzolagunek, baina, ez zuten erabakia onartu, eta Arrañeko eskola zabalik atxikitzeko borroka gogorra eraman zuten. Hezkunde nazionalaren mehatxu eta presioei buru eginda, Arrañeko gurasoek irakasle bat kontratatuta zuten eta beraien diruz ordaindu. Arrañeko basa eskola deitua izan zen esperientzia autonomo hark hiru urte iraun zuen. Pentsatzekoa da Pitrauren ustekabeko heriotzak Arrañeko auzo lagunak atsekabetu zituela, eta azken batean amore ematera behartu. Erbineako semea, ordea, hil egin zen bizi izan zen moduan: borrokalari baten gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.