Jazzaren lehen geralekua: Getxo

Jazzmeia Horn musikariaren emanaldiarekin abiatuko da Getxoko 46. Jazzaldia, gaur. Igandera bitarte, Kurt Elling, Marc Ribot, Al Di Meola eta Dave Hollanden kontzertuak eta doako saioak izango dira, besteak beste

Al Di Meola musikaria. Larunbatean emango du kontzertua Muxikebarri aretoan. GETXO JAZZ.
Olatz Enzunza Mallona.
Getxo
2023ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Ofizialki gaur emango zaio hasiera Euskal Herriko jazz jaialdien denboraldiari, Getxon (Bizkaia). 46. Jazzaldia izango da aurtengoa, eta, urtero legez, nazioarteko jazzaren izen handiak entzuteko aukera egongo da, igandera bitarte. Jazzmeia Horn musikariak irekiko du jaialdia, 21:00etan, Muxikebarri aretoan. Thelonious Monk lehiaketa irabazi zuen 2015ean, eta, ordutik, nazioarteko jazz ahotsik entzutetsuenetako bat da. 2017an kaleratu zuen aurreneko diskoa, A Social Call, eta, horri esker, Grammy sarietarako izendatu zuten. Dear Love da, oraingoz, kaleratu duen azken lana. Izen handiko artisten kontzertuez gainera, musika taldeen lehiaketa eta doako kontzertuak ere izango dira beste urte batez, Algortako Geltokia plazan.

Bihar gauean, Kurt Elling musikariaren txanda izango da. Haren ahotsa «berehala ezagutzeko modukoa» dela nabarmendu dute antolatzaileek: «Munduko jazz abeslaririk garrantzitsuenen artean dago». Laukote formatuan iritsiko da Muxikebarriko oholtza gainera: Ellingekin batera, Charlie Hunter (gitarra eta baxua), Kenny Banks Jr. (teklatua) eta Marcus Finnie (bateria) ariko dira.

Marc Ribot gitarra jotzailearen kontzertua etzi izango da. 40 urtetik gorako ibilbidea du musikaren munduan, eta, antolatzaileen arabera, jazz eszenako gitarristarik «originalenetakoa» da egun: «Inprobisatua eta esperimentala da haren musika, loturarik gabea: rock gordin, zuzen eta zaratatsuarekin bat egitea du helburu». Jarrera handiko musikaria da Ribot, indiferentziak ernegatzen duen horietakoa, eta hala erakutsi izan du bere musika ibilbide guztian. Rock esperimentala, minimalismoa, inprobisazioa eta performancea ezaugarritzat dituen musikak soinu propioa sortzen lagundu zion Riboti, eta, horri esker, aukera izan zuen hainbat artista ezagunekin aritzeko. Hirukote formatuan iritsiko da Getxora, Shahzad Ismaily baxu jotzailea eta Ches Smith bateria jotzailea alboan dituela.

Al Di Meola, berriz, larunbatean igoko da oholtza gainera. Musikariak Bostongo Berklee College of Music eskolan ikasi zuen, eta Chick Corea eta Stanley Clarkeren orkestran parte hartu zuen 1974an. Handik bi urtera hasi zen askotariko jazz-rock izarrekin kolaboratzen. Besteak beste, Jan Hammerrekin, Steve Winwoodekin, Jaco Pastoriusekin eta Mingo Lewisekin. Orduz geroztik, hainbat musika estilotako artistekin ere kolaboratu izan du. Besteak beste, Paco de Lucia eta John McLaughlin gitarristekin. Hirukote formatuan ariko da.

Dave Holland baxu jotzaile, konpositore eta orkestra zuzendariaren kontzertuarekin agurtuko du aurtengo aldia Getxoko jazzaldiak. Hollandek 50 urtetik gorako ibilbidea du musikan, eta Grammy sari ugari eta NEA Jazz Master titulua eskuratu ditu, besteak beste.

Hasiberrientzako tartea

Kontzertu nagusi horien aurretik, musika taldeen lehiaketako lau finalistak arituko dira Muxikebarri aretoan. Europako jazz talde gazteak bultzatzeko asmoz antolatzen du lehiaketa Getxoko Jazzaldiak, eta, aurten, Alemaniako, Bartzelonako, Parisko eta Poloniako proposamenak entzuteko aukera egongo da. Vincent Meissner hirukotea, The Ritual, Giulio Ottanelli Quartet eta Jarecki Jazz Octet igoko dira oholtza gainera, hurrenez hurren. Igandean, berriz, talde irabazleak joko du Dave Hollanden aurretik.

Horrez gainera, arratsaldero-arratsaldero doako kontzertuak egingo dituzte Algortako Geltokia plazan. Olatz Garcia-Erguin abeslaria arituko da gaur, Miguel Salvadorrekin batera. Hurrengo egunetan, berriz, Muriel Grossman Quartet, Triskel Trio, Matthias Van den Brande Trio eta Michele Bonifati Emong taldeen txanda izango da.

Agertoki gaineko kontzertuez gain, bestelako ekintza batzuk ere antolatu dituzte. Uztailaren 1ean eta 2an, kasurako, familientzako bi emanaldi izango dira: Jazz For Kids eta Euskadiko ikasleen Jazz Orkestra. Jazzaren historiako musikari garrantzitsuenen moldaketa eta konposizioak bilduko dituzte lehenengo kontzertuan; bigarrenean, berriz,14 eta 20 urte arteko 30 gaztek jazza eta euskal folklorea uztartuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.