musika

Jazzaren izenean

Pitingo eta Animal Collective sartzen dira Donostiako Jazzaldiaren egungo ereduan. Gaur hasiko da 44. ekitaldia, Jazz Band Ball-ik gabe, baina Mehldau eta Douglasekin.

Jon Eskisabel.
2009ko uztailaren 22a
12:39
Entzun
Eta izena aldatuko bagenio? Miguel Martin Donostiako Jazzaldiko zuzendariak berak atera zuen iaz, bere blogean, jaialdiari izena aldatzeko aukerari buruzko gaia. Eztabaidarako proposamen serioa izan gabe, jendearen iritzia jakiteko bota zuen jaialdiko zuzendaritzaren bileretan, antza, behin baino gehiagotan plazaratu den galdera. Egun batzuk geroago auzia itxi zuen Martinek, gauzak argi uzte aldera: izena ez da aldatuko, eta ez dago horretarako asmorik. "Hondaturik ez dagoena, ez konpondu", arrazoitu zuen.

Izenaren anekdotatik harago, Jazzaldiak azken hamarkadan izan duen bilakaera adierazten du Martinen keinuak. Jazzaldia ez dago hondatua, aldatua baizik (itxuraldatua, esango dute jaialdia aspalditik ezagutzen dutenek). Duela hamar urte Kursaalaren inguruko lekuetara zabaltzearekin batera, beste musika estilo batzuk bereganatzeko eta babesle publiko zein pribatuen diru inbertsioa justifikatuko luketen entzule kopuru handiagoak erakartzeko helburuak finkatu zituen antolakuntzak. Biak lortu ditu, baita sendotu ere. Gaur egun, Pitingoren soul-flamenko komertziala zein Animal Collectiveren pop esperimental eta minoritarioa sartzen dira egitarau berean, eta azken urteetan ehun milako entzule kopurua aise gainditzeaz harro egon daiteke jaialdia. Publikoa dagoeneko ez da bakarra, programazioaren ardatza jazza izanik, barruan beste jaialdi txiki batzuk hartzen dituen kontzertu egitarau oparoa baita Jazzaldia.

Gaur hasiko da 44. Jazzaldia, baina ez da aurreko urteetan bezala sumatuko kalean. Aurrekontu murrizketaren ondorioz, Jazzaldiari hasiera eman ohi dion doaneko musika maratoia, Jazz Band Ball-a, sakrifikatu dute antolatzaileek, eta zuzenean harira joko du jaialdiak, Dave Douglas tronpetistaren, Brad Mehldau pianistaren eta Micah P. Hinson country-folk kantariaren kontzertuekin. Beste aldean, Trinitate plaza berreskuratu du jaialdiak, eta horrekin batera bere xarmaren zati handi bat.

Jazza, asko eta askotarikoa

Jazzaldiaren norabide berriak eragin duen iritzi zabalduenetako bat da apenas dagoela jazzik egitarauan. Baina ez da horrela. Pisu espezifikoa galdu badu ere, oraindik jazza ordaindutako kontzertuen programazioaren oinarria. Beste kontu bat da beharbada izenak gehiegi errepikatzea; izan ere, kasu gehienetan aurretik egondako musikariak dira, eta batzuk behin baino gehiagotan.

Kursaaleko auditoriumaren, Viktoria Eugenia antzokiaren eta Trinitate plazaren artean banatuko da eskaintza jazz-zaleena. Brad Mehldau, Hank Jones pianista -bi kontzertu emango ditu, bere hirukotearekin bata, eta Joe Lovano kontrabaxu jotzailearekin bestea-, Randy Weston -Marokoko gnawa musikariz lagunduta-, Abdulla Ibrahim & Ekava, Joe Lovano Us Five, Roy Haynes Trio, Dave Douglas, Esperanza Spalding, Jamie Cullum eta The Carla Bley Big Bandek osatuko dute zerrenda, ahantzi gabe Norvegiatik etorriko den ordezkaritza, Arild Andersen eta Nils Petter Molvaer buru dituela.

Animal Collectiveren zalantza

Pop-rock jaialdietan ohikoak diren taldeetatik ere elikatu da aurtengo ekitaldia. Hor dira, besteak beste, Vetusta Morla, Russian Red, Micah P. Hinson, The War On Drugs, Facto Delafe y Las Flores Azules edota, kasurik nabarmenena, Animal Collective. Jazzaldiaren apusturik handienetako bat da, prentsa espezializatuak goraipatu egiten du, baina ikusteko dago zer harrera duen. Kursaalerako sarrerak, 48 eurotan, antolatzaileek espero baino mantsoago saltzen ari dira.

Pop-rockaren multzo horretan sar daitezke James Taylor Band eta The Bad Plus ere. Azken hori Nirvana, Blondie, Pixies, David Bowie edota Wilcoren kantuak nu jazz estilora moldatzen dituen hirukote bat da, eta Wendy Lewis kantariaren laguntza du.

Ukeleleak eta korak

Kursaaleko terrazetan jarritako eszenatokietan aurkeztu ohi dira proposamen berezienak, batez ere Heineken Karpan. Publiko jakingurak badu zer aurkitu bertan. Esaterako, Jake Shimabukuro, ukelelea jotzen duen musikari japoniarra; In the Country, Miguel Martinek nabarmendu duen talde norvegiarra; Thee, Stranded Horse eta Ballake Sissoko kora jotzaileak; edota Klezmafour, Europako ekialdeko musika jotzen duen talde poloniarra.

Jende multzo handienak Zurriola hondartzako agertokiaren aurrean biltzen dira. Doako eskaintzaren gune nagusietako bat da, zalantzarik gabe. Aurten hiru egunetan baino ez da erabiliko, eta lehen aipatutako izenez gain -Vetusta Morla, Russian Red, The War On Drugs...-, Black Joe Lewis & The Honeybears nabarmendu behar da. Texasko soul eta funk kantari hau James Brown, Howlin' Wolf edota Wilson Picketten oinordekotzat jotzen dute batzuek. Bestalde, Mari Boine kantariak bertan behera utzi du ostiraleko kontzertua, eta haren ordez beste norvegiar bat ariko da: Molvaer. Hortaz, tronpetistak Viktoria Eugenian eman behar zuen kontzertua lekuz aldatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.