Jazzaren askotariko moldeak bilduko ditu, beste urte batez, Gasteizko Jazzaldiak. Bere 47. aldian, 50etik gora kontzerturekin osatu du programazioa jaialdiak, eta aurkezpenean «jazza ikuspegi guztietatik» ideia aipatu izanak ematen du aztarnarik antolatzaileen asmoez. Izan ere, «talentu gaztea, musikari ospetsuak, fusio iradokitzaileak, musika afro-kubatarrari eta hip-hopari egindako omenaldiak eta emakumezko interpreteen presentzia indartsua» uztartuko dituela iragarri zuten, eta horren isla da hilaren 21era bitarte Gasteizen ariko diren artisten zerrenda. Ohi bezala, Mendizorrotza kiroldegia eta Principal antzokia izango dira egoitza nagusiak, baina kaleak, plazak, parkeak, tabernak eta hiriko beste espazio batzuk ere hartuko dituzte jazz doinuek.
Hain zuzen, Prado parkeko «aperitiboak» eman zien hasiera emanaldiei, atzo; hainbat talde aritu ziren goizetik gauerdira bitarte. Horiek bezala, doakoak izango dira egunotako kontzertu gehienak, «hiria jazzez betetzeko, talentu gaztea sustatzeko eta publiko berriak erakartzeko» helburua jarri baitio bere buruari jaialdiak. Baina ez hori bakarrik, aurtengo programazioak beste asmo argi bat ere izango baitu, antolatzaileen hitzetan: jazzak beste genero batzuetan nola eragin duen nahiz beste generoez nola elikatu den aztertzea.
Mendizorrotzako kontzertuak asteazkenean hasiko dira. Pablo Martin Caminero kontrabaxu jotzailearen hirukotearen —Moises Sanchez eta Borja Barruetarekin osatutakoa— eta NDR Bigband Hanburgoko irrati publikoaren jazz taldearen doinuekin hasiko da gaualdia. Alemaniako taldeak big band baterako moldatu zituen kontrabaxu jotzailearen hainbat konposizio, eta esperientzia berritzeko gogoz batuko dira berriro Gasteizen.
Haien ondotik, Terri Lyne Carrington bateria jotzaile, konpositore, ekoizle eta abeslariaren txanda izango da. Besteak beste Herbie Hancocken bandako kide izandakoak jazzean genero berdintasuna sustatzearen aldeko hainbat egitasmo abiarazi ditu irakasle den Berklee musika eskolan. Jardun horren emaitza da 2022an kaleratu zuen New Standards Vol.1 diskoa, zeinetan jazzeko zenbait emakume konpositoreren lanak bildu eta grabatu zituen.
Jazzeko emakumezko beste izen handi bati emango dio lekukoa Carringtonek, hurrengo egunean Cecile McLorin Salvantek hartuko baitu Mendizorrotzako oholtza. Abeslari estatubatuarrak Principal antzokia bete zuen orain hamar urte, eta urtebete lehenago ere nabarmendu zen jaialdian, Jacky Terrasonen taldekide aritu zenean. Ordutik, haren ahotsa gehien estimatuetako bat da euskal zaleen artean —Donostiako Jazzaldian ere hainbatetan aritua da—. Mélusine bere azken diskoa aurkeztera itzuliko da oraingoan Gasteizera,Sullivan Fortner pianistak lagunduta.
Haren aurretik, Joel Ross ariko da oholtza berean. Musikari eta irakasle estatubatuarrak Nublues laugarren lana kaleratu berri du Blue Note diskoetxearekin; baladak eta blues doinuak bildu ditu bertan bibrafonistak, eta boskote batekin aurkeztuko ditu Gasteizko entzuleen aurrean.
Irakerek eta hip-hopak mende erdi
Ostiralarekin, Michel Camilo pianista dominikarrak eta Tomatito gitarrista espainiarrak Spain Forever Again lan berria oholtzaratuko dute Mendizorrotzan. Hiru hamarkada dira bi musikariek elkarrekin lehen kontzertua eman zutela, eta Spain (2000), Spain Again (2006) eta Spain Forever (2016) aurreko lanen ildotik, jazza eta flamenkoa uztartu dituzte disko berrian.
Aurretik, baina, bestelako doinuak ekarriko dituzte Sumrra hirukote galiziarrak eta Niño de Elche kantari espainiarrak. 25 urteko ibilbidearekin, jazz garaikideko proposamen sailkaezin eta originalenetakotzat jo izan dute Sumrrarena; taldeak eta Niño de Elchek —bere burua exflamenkotzat izendatu duen abeslariak— bien arteko aukerak esploratzeko bat egin dute oraingoan.
Jazzaren beste ertz batzuetara joko du jaialdiak larunbatean, jaialdiaren aspaldiko ezagun baten eskutik jo ere. Chucho Valdes pianista kubatar beteranoa Irakere talde mitikoaren 50. urteurrena ospatzen ari da. Duela mende erdi, jazza, rocka, musika klasikoa eta Kubako herri erritmoak uztartuz, musika afro-kubatarra irauli izana aitortzen zaio Valdesek sortutako taldeari. 2005era bitarte aritu zen jardunean, eta lau musikari belaunaldi igaro dira bertatik urteotan guztietan. Horietako batzuk bildu ditu Valdesek urteurrena ospatzeko.
Oholtza berean, Yilian Cañizares & Resilience Triok joko du aurretik. Biolinista, konpositore eta abeslari kubatar-suitzarraren emanaldiak jazzaren eragin askotarikoen adibide dira, jazza, musika klasikoa eta erritmo afro-kubatarrak nahasten baititu haietan; Childo Tomas baxu jotzailea eta Ernestico Rodriguez Guzman perkusionista izango ditu lagun.
Trueno abeslari eta freestyler argentinarrak izango du Mendizorrotzako emanaldiak ixteko ardura, igandean, eta hip-hop doinuz emango dio amaiera aurtengo jaialdiari. Mateo Palacios Corazzina Trueno-k bere laugarren diskoa aurkeztuko du Gasteizen, El último baile, zeinetan mende erdi bete duen hip-hoparen historia kontatzen duen hamahiru abestitan. Wrth hip-hop talde gasteiztarra ariko da haren aurretik.
Principal antzokiko eskaintza
Mendizorrotzatik kanpora ere izango da zer entzun. Principal antzokian egunero izango da emanaldi bat, bihar bertan hasita: Christie Dashiell jazz abeslari estatubatuarra bere laukotearekin ariko da antzokiko lehen saioan, gospel eta soul sustraidun doinuak eskaintzen. Emakume musikariz beteko da oholtza hurrengo eguneko kontzertuan; hain zuzen, jazz berriaren mugimenduaren ordezkari nabarmentzat jotzen den Myra Melford pianista eta konpositore estatubatuarra beste lau andrek osatutako Fire & Water Quintet taldearekin igoko da oholtzara. Eta beste emakumezko pianista bat izango da agertoki berean asteazkenean, Sylvie Courvoisier suitzarra; Chimaera proiektu berria aurkeztuko du, Wadada Leo Smith tronpetista lagun duela, besteak beste.
Ostegunean, Clara Peya pianista katalanak Corsé lan berriko kantuak plazaratuko ditu antzokian, bere boskoteko buru dela. Eta ostiralean, berriz, Eddie Mejia gitarrista mexikarraren eta bere laukotearen txanda izango da. Larunbatean bukatuko dira Principaleko zikloko saioak, Baptiste Trotignon piano jotzaile eta konpositore frantsesaren kontzertuarekin; Brexit Music bere azken albuma aurkeztuko du, zeinetan, bere jazz hirukotearekin, Erresuma Batuko pop-rock musika omentzen duen.
Antzokiko lehen bi kontzertuak 20:30ean hasiko dira, eta asteazkenetik aurrerakoak 17:30ean, zaleei Mendizorrotzako emanaldietara joateko aukera errazte aldera.
EGITARAUA
Mendizorrotzako kiroldegiak eta Principal antzokiak hartuko dituzte emanaldi nagusiak, baina Gasteizko beste hainbat lekutan ere izango da kontzerturik, hala nola kale, plaza zein parkeetan nahiz hainbat tabernatan.
Uztailak 15, astelehena:
20:30: Christie Dashiell Quartet, Principal antzokian.
Uztailak 16, asteartea:
20:30: Myra Melford Fire & Water Quintet, Principal antzokian.
Uztailak 17, asteazkena:
17:30: Sylvie Courvoisier’s Chimaera feat. Wadada Leo Smith, Principal antzokian.
20:30: Pablo M. Caminero Trio & NDR Big Band eta Terri Lyne Carrington, Mendizorrotzan.
Uztailak 18, osteguna:
17:30: Clara Peya Quintet, Principal antzokian.
20:30: Joel Ross eta Cecile McLorin Salvant, Mendizorrotzan.
Uztailak 19, ostirala:
17:30: Eddie Mejia Quartet, Principal antzokian.
20:30: Sumrra & Niño De Elche eta Michel Camilo & Tomatito, Mendizorrotzan.
Uztailak 20, larunbata:
17:30: Baptiste Trotignon, Brexit Music, Principal antzokian.
20:30: Yilian Cañizares & Resilience Trio eta Chucho Valdes, Mendizorrotzan.
Uztailak 21, igandea:
20:30: Wrth eta Trueno, Mendizorrotzan.