GASTEIZKO 47. Jazzaldia
Sylvie Courvoisier’s Chimaera feat. Wadada Leo Smit; Pablo Caminero Trio & NDR Big Band; Terri Lyne Carrington; Champian Fulton Trio
Lekuak: Principal antzokia, Mendizorrotza kiroldegia eta Ciudad de Vitoria hotela. Eguna: Uztailaren 17a.
Sylvie Courvoisier’s Chimaera ensemble-ak Wadada Leo Smith tronpeta jolearekin topa egin zuen, asteazkenean, Gasteizko Principal antzokian. Chimaera iazko egitasmorik goraipatuenetakoa izan zen nazioarteko jazz kritikarien artean. Proiektua osatzeko batu diren musikariak lehenengo lerrokoak dira: Nasheet Waits (bateria), Drew Gress (baxua), Christian Fennesz (gitarra), Nate Wooley (tronpeta) eta taldeari izena ematen dion Sylvie Courvoisier piano jolea. Gasteizko entzuleek emanaldi irmoaz gozatu zuten, baita en suite formatuan aurkeztutako konposizioez, denak Courvoisierrenak.
Mendizorrotzeko lehen gaua Pablo M. Caminero kontrabaxu jolearen hirukoteak ireki zuen. Ohiko artista da jaialdian, eta herenegun, bere lagunez gain —Moises Sanchez pianista eta Borja Barrueta bateria jolea—, NDR Big Band ere izan zen oholtzan. Talde horrek Alemanian dauka jatorria nagusiki, eta zuzendariak (Geir Lysne) banan-banan aurkeztu zituen hamazazpi musikariak.
Bere aurreko apustuak bezala, Camineroren proiektu hau sustrai flamenkoez elikatzen da, baina musikalitate nabarmenki berriztua azaltzen du. Haize instrumentuen bakarkako zatiak izan ziren gaueko txinparta. Aurtengo kontzertu orkestral eta multikulturalena izan zen, Soleá de Gasteiz eta halako konposizioekin. Nik, ordea Trianatron azken kanta goraipatuko nuke, Trianako zubiari eta reggaeton musikari erreferentzia egiten diona.
Bigarrenik Terri Lyne Carringtonen saioaz gozatu genuen. Bere ondoan Milena Casado (tronpeta), Aaron Parks (pianoa), Mats Sandahl (baxua) eta Christiana Hunte (dantzaria eta poesia errezitatzailea) ziren. Helburu zehatza zeukan atzoko kontzertuak, New Standards lelopean garatu baitu bere ideia bateria joleak. Emakumeek konposaturiko piezaz osatutako emanaldia eskaini zuen, aldarrikapen feminista agerian utzita.
Alice Coltrane bere senarraren itzalpean geratu bada ere, hark konposaturiko piezen kalitateak eta originaltasunak ez diote inori ezer zor, eta bikainak direla erakutsi zuten Carringtonek, Blue Nile adibide. Geri Allen eta Carla Bleyren piezak ere entzun ziren emanaldian, baina musikari gazte eta garaikideek ere tokia izan zuten —Linda May Han Oh-ren 10 Minutes Till Closing—. Orokorrean motza suertatu zen kontzertua, jorratu zuen gaia zabalegia suertatzen baita gau bakar baterako, eta horrek zilegitasunez janzten du Carringtonen aldarrikapena.
Ciudad de Vitoria hotelean topatu dira berriro ere gertuko jazza maite duten horiek, gautxori melomanoak, jam-etan parte hartu nahi duten gazteak eta bestelako jaialdiaren maitaleak. Jazz betekadako egun bati amaiera emateko tokirik egokiena dugu Gasteizko hotel horren taberna, jaialdiko saiorik informalenari ostatu ematen diona.
Aurten Champian Fulton Trio dugu ikusgai gauerdiro larunbatera arte. Aspaldi ez zela ahots jazzaren aldeko apustua egiten formatu honetarako, eta eskertzekoa da oso. Hirukotearen buruak, Champian Fultonek, ahots distiratsu eta entzunerrazaz entzule guztiak liluratzen ditu. Bertara gerturatu zen lagun pila batekin aritu zen hizketan, pertsona ireki eta lagunzalea baita.
Fulton piano joleaz gain, Alex Gilsonek (kontrabaxua) eta Armando Luongok (bateria) osatzen dute hirukotea. Abestutako piezak eta jazz instrumentala nahasten dituzte saioan, eta ikuskizuna ezin atseginagoa suertatzen da. Jazz estandar ugari eta Fulton gaztearen diskografiatik —18 disko dagoeneko!— aukeratutako piezak izan ziren protagonista, Billie Holidayren abesti ospetsuren bat barne.
Gerturatutako musikari gazte ugari eszenatokira gonbidatu zituzten gero, hirukotearekin bat egiteko. Inprobisazio sutsuak eskaini zituzten ordu txikitan, New Yorkeko edozein jazz klubetan bezala. Ez egin zalantzarik, larunbata baino lehen jaialdiko saio hauetara gerturatzea duzu hoberena.