Jazz gogoeta anarkistarentzat

'Lucio, hausnarketa eszeniko bat' ikuskizuna estreinatuko dute bihar Iruñeko Gaiarre antzokian. 'Belatz' ilustratzaileak egindako 'Gerezi Garaia' komikian oinarrituta dago

Lucio, hausnarketa eszeniko bat ikuskizuneko antolatzaileak, Gaiarren antzokian, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Jazz musika eta anarkia. Bi kontzeptu horiek batzen ditu Lucio, hausnarketa eszeniko bat ikuskizunak. Musikaren laguntzaz Lucio Urtubia igeltseroaren eta anarkistaren mezua zabaltzen duen ikuskizun bat sortu du Yerbabuena Producciones ekoiztetxeak. Zuzeneko jazz musika eta ikus-entzunezko piezak uztartzen dituen obra bat da, eta bertan Lucio Urtubiak egindako gogoeta batzuk plazaratzen dituzte. Besteak beste, Mikel Saltos Belatz ilustratzaileak Gerezi Garaia komikian egindako bineta batzuk proiektatuko dituzte. Ikuskizuna Iruñeko Gaiarre antzokian izango da bihar, 19:30ean.

Marco Bellizzi ikuskizuneko zuzendariak eta The New Jazz Collective taldeko musikagileak nondik norakoak azaldu ditu: «Hainbat gairen inguruan berak esandakoa konbinatzen dugu; batzuetan hizketan entzuten da, beste batzuetan Lucio ikus daiteke eta askotan Belatzen komikian agertzen da». Musikariak helburu argia zuen, igeltseroak esandakoa errespetatu: «Harenbizitza eta abenturak kontatuta daude. Luciok gai batzuen inguruan oso argi hitz egin du».

Ikuskizunerako propio sortu du musika The New Jazz Collective taldeak, eta kanta bakoitzeko gai bat lantzen dute taldeko kideek; esate baterako, lehengo kantan ekintza aktiboez mintzo dira. «Luciok behin eta berriro esaten zuen gauzak egin behar ditugula. Denok egiten dugu iraultza telebista ikusten, baina lapurreta bat egin... gauzak egin behar dira», nabarmendu du Bellizzik. Horrez gain, Urtubiaren sustraiak beste gaietako bat da: «Luciok asko eta oso garbi hitz egiten zuen horren inguruan».

Horrekin batera, anarkistaren bizitzan garrantzitsuak izan diren eta oharkabean igaro diren pertsonengan fokua jarri nahi izan du musikagileak. Hortaz, Anne Garnierrez, anarkistaren emazteaz, mintzo da: «Lucioren inguruko ehun elkarrizketa daude, baina Annerenak, oso gutxi». Historian emakumeak isilduak izan direla aipatu du: «Anne oinarrizkoa izan da Lucioren bizitzan, eta, beti bezala, emakumeak itzalean egon dira».

Bellizik dio gehiengoa «istorioak harrapaturik» geratu dela. Berak, ordea, gertutik ezagutzen du Juliette Urtubia, eta kanta bat eskaini dio haren istorioari: «Aita iraultzaile bat izatea gogorra da alaba batentzat. Luciok bizitzan hartutako erabaki batzuek beste galtzaile bat zeukaten».

Txekeak faltsutzeagatik ezaguna da Urtubia, besteak beste. 1970eko hamarkadako azken urteetan First National Bank banketxeari —egungo Citibank— eginiko iruzurra izan zen haren ekintzarik ezagunena. Banku horretako milaka bidaia txeke faltsutu zituen, eta mugimendu iraultzaileak finantzatzeko zabaldu. Banketxera sartzen ziren bakoitzean arriskurik ez zegoela adierazteko esaldi bat zuten: «Komuna primeran dago, sar zaitezke». Esaldi horrek ere protagonismoa hartuko du, eta ikuskizuneko gaietako bat da.

Ikuskizun handi bat da orain, baina abiapuntua, ordea, beste bat zen; musikarekin esperimentatu nahi zuten. «Konposatzeko edo musika egiteko ideia bat behar genuen. Hortaz, taldeko kideei Lucioren istorioa kontatu behar niela pentsatu nuen», esan du musikagileak. Ostean, Pilar Chozas produktorearekin eta ikuskizuneko zuzendariarekin hitz egin zuen: «Pilarrek esan zidan kontzertu bat baino zerbait handiagoa ikusten zuela, eta Jullietak esan zidan Belatzekin hitz egiteko». Behin irudiak eta musika edukita, forma ematea falta zen; beraz, ikuskizunari forma eta osotasuna emateaz Martina Cabanas antzerkigilea eta ikuskizuneko zuzendaria arduratu da.

Isiltasunarekin apurtzeko

Musika estiloen artean jazza aukeratu zuen Bellizik: «Jazza izan behar zuen, guk hori egiten dugulako». Azkeneko urteetan jazza egiten ibili da, eta adierazteko modu bat da harentzat: «Anarkiaren munduan iruditzen zitzaidan lengoaia egoki bat, baina agian beste batek beste gauza bat esango du». Musika sortzeko orduan prozesua parte hartzailea izan dela azpimarratu du: «Denok konposatzen dugu, muntaketak denon artean prestatzen ditugu... hori da proposamena, musikarekin esperimentatzea elkarrekin».

Prozesua parte hartzailea izateaz gain, neurri batean anarkikoa izan dela dio musikariak: «Niri gustatzen zait esatea leihoak ireki ditugula. Momentu anarkikoak egon behar dira: free musika; entzun eta erantzun». Horrez gain, azpimarratu du ez dela «puristentzako» musika izango: «Kontzertu honetara etorriko den jendea agian ez dago jazzean oso murgilduta; beraz, denentzako musika egiten saiatu gara».

2020. urteko uztailean hil zen Lucio Urtubia, eta isiltasuna sentitu zuela dio Bellizik:«Isiltasuna nabaritu nuen kulturaren munduan». Horrek «nolabaiteko pena» sentiarazi ziola dio. Dena den, egin ohi diren omenaldi batzuk zalantzan jartzen ditu: «Ikusi izan ditut omenaldi batzuk...». Horrek ikuskizuna sortzen lagundu dio; hala ere, ez dakite nora iritsiko diren. Hainbat fronte irekiak dituzte. Horien artean, Nafarroako Memoriaren Institutua laguntzen ari da mezua institutuetara eramateko. Dena dela, «oso berde» daudela dio. Horrez gain, ikuskizunerakosortu duten musika dohainik jarri nahi dutela esan du Bellizik: «Luciok seguruenik emango zuen libre, eta horrela egingo dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.