Jazz doinuak, elkarren segidan

Hilabete barru hasiko da urteroko jazz jaialdien denboraldia. Ekainaren 28an izango du lehen saioa Getxokoak, uztailaren 11n Gasteizkoak, eta uztailaren 20an iritsiko da Donostiako 52. Jazzaldia

Hiru jaialdietako zuzendariak —Miguel Martin, Iñaki Saitua eta Iñaki Añua— eta Alfredo Retortillo Jaurlaritzako Merkataritza eta Kontsumo sailburua —bigarrena eskuinetik—, atzo, Bilbon. L. JAUREGIALTZO / ARP.
Bilbo
2017ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Musika jaialdiak urte osoan egin ohi dira, nahiz eta horietako asko udan izan. Jazz estiloari begiratuz gero, baina, udan biltzen dira Euskal Herriko hiru jaialdi ezagunenak, alegia, Getxoko (Bizkaia), Gasteizko eta Donostiako jazzaldiak. Ohi bezala, Getxokoa izango da lehena, ekainaren 28tik uztailaren 2ra, eta 41. aldia izango du. Gasteizko Jazzaldiak ere beste hainbeste urte beteko ditu aurten, eta uztailaren 11tik 15era arte iraungo du. Donostiako 52. Jazzaldia iritsiko da azkena, uztailaren 20tik 25era bitarte egingo dutena. Urtero moduan, ordaindu beharreko kontzertuez gain, doakoak ere egingo dituzte toki jakin batzuetan, baita bestelako jarduera batzuk ere.

GETXO JAZZ 41. JAIALDIA

41. Getxo Jazz jaialdiak bere betiko ezaugarriak izango ditu, jaialdiko zuzendari Iñaki Saituaren hitzetan: «Kalitatea, aniztasuna eta gazteriari laguntza ematea». Hala, duela 30 urte egiten hasi ziren talde lehiaketan hamasei herrialdetako 60 banda inguruk parte hartu dute, eta lau hautatuak Getxon arituko dira, artista handien talde gonbidatu gisa. Hauek dira lau taldeak: Adam Jarzmik Quintet (Polonia), Sun-Mi Hong Quintet (Hego Korea-Italia-Erresuma Batua), Malstrom (Alemania) eta Claudio Jr. De Rosa Quartet (Italia-Grezia-Lituania-Espainia).

Dianne Reeves kantari estatubatuarra eta Chucho Valdes piano jotzaile kubatarra izango dira Getxoko jazzaldiko izen handienetakoak. Reevesek bost Grammy sari irabaziak ditu, eta uztailaren 1ean igoko da oholtza gainera. Valdesentzat ez da lehen aldia izango Getxon, 2006. eta 2011. urteetan ere han izan baitzen. Ordaindu beharreko kontzertuek 10 eta 25 euro inguru balioko dute, eta abonamenduek, 70 euro. Ohi bezala, emanaldi horiek Biotz Alai plazan izango dira, eta doakoak, berriz, Algortako Geltokia plazan. Bertan ariko da ekainaren 30ean 2016ko talde lehiaketako irabazlea: Daahoud Salim Quintet (Espainia-Alemania-Hego Korea).

Era berean, ekainaren 29tik uztailaren 1era hainbat jam session egingo dituzte Algortako The Piper's Irish Puben, Cuarteto y Taca taldearekin, eta Jose Hornaren argazki erakusketa egongo da Algortako Torrene aretoan.

GASTEIZKO 41. JAZZALDIA

Getxoko jaialdia bukatu eta bederatzi egunera izango da Gasteizkoaren txanda. Lehen eguna, uztailaren 11, gospel gaua izango da, ohi bezala, eta Chicagoko (AEB) The Brown Sisters taldea arituko da, «agian munduko gospel talderik onena», Iñaki Añua Gasteizko Jazzaldiko zuzendariaren arabera. Aurten 100 urte beteko lituzke Ella Fitzgerald jazz abeslari handiak, eta hari omenaldia egingo dio Patti Austin abeslariak, For Ella izeneko emanaldian. Fitzgeraldek berak Gasteizen abestu zuen birritan, duela hogei urte baino gehiago.

Ruben Blades musikari panamarra ere taularatuko da uztailaren 15ean. Musika utzi, eta politikan bakarrik arituko da aurrerantzean, eta bere azken biraren lehen kontzertua egingo du Gasteizen. Añuak azaldu duenez, kantariak berari deitu zion zuzenean, Jazzaldian abestea proposatzeko. Egun berean, zazpi emakumez osatutako Woman to Woman taldea ere arituko da.

Mendizorrotzako kiroldegiaren eta Principal antzokiaren artean banatuko dituzte kontzertuak; 15 eta 30 euro bitartean ordaindu beharko dira sarrerak, eta abonamenduak, berriz, 100 euro balioko du.

DONOSTIAKO 52. JAZZALDIA

140 kontzertu, sei egunetan. Hori izango da Donostiako 52. Jazzaldiak izango duen eskaintza zabala. Kamasi Washington eta Wayne Shorter musikari estatubatuarrak, herrialde bereko Herbie Hancock piano jotzailea eta Bryan Ferry kantari ingelesa —bigarrenez Donostian— izango dira erakargarri nabarmenenak. Horrez gain, doan ikusi ahalko da The Pretenders rock talde estatubatuar-ingelesa, Jazz Band Ball atalaren barnean.

Artista handien kontzertuak Trinitate Plazan edo Kursaal auditoriumean izango dira. San Telmo museoan hildako zenbait artista handi omenduko dituzte, haien jaiotzaren edo heriotzaren mendeurrenak aurten betetzen direla eta. Gasteizen egin bezala, Ella Fitzgerald gogoan izango dute Donostian ere, Deborah Carterren boskoteak omenaldia egingo baitio uztailaren 21ean. Dizzy Gillespie tronpetistaren jaiotzaren mendeurrena eta John Coltrane saxofoi jotzailearen heriotzaren 50. urteurrena gogoratzeko kontzertuak ere izango dira.

Iaz 175.000 bisitari izan zituen Donostiako 51. Jazzaldiak, horietatik %15 atzerritik iritsitakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.