Javier Zigaren berrogei lan jarri dituzte Lizarrako Gustavo Maeztu museoan

Artistak landutako paisaiak, erretratuak eta etnografiari lotutako margolanak biltzen ditu erakusketak, besteak beste. Urriaren 27ra arte egongo da irekita.

Javier Zigaren autorretratua. BERRIA
Javier Zigaren autorretratua. BERRIA
mikel lizarralde
2024ko uztailaren 7a
05:05
Entzun

Javier Ziga Etxandi margolariaren (Iruñea, 1877-1960) berrogei margolan inguruk osatzen dute Lizarrako (Nafarroa) Gustavo Maeztu museoak ireki berri duen Figurazioa eta esentzia erakusketa. Lan horietako gehienak, 35 hain zuzen, Ziga fundazioak berak utzi dizkio Gustavo Maeztu museoari, eta gainerakoak partikularrek lagatakoak dira. Erakusketa urriaren 27ra arte egongo da zabalik.

Pello Fernandez Oiaregi Ziga fundazioko lehendakariak egin ditu erakusketaren komisario lanak, eta, azaldu duenez, figurazioaren eta esentziaren kontzeptuei buruzko hausnarketa egitea proposatu du, artistaren lanaren «definitzaileak» baitira. Horretarako, bost gai multzotan banatu du erakusketa. Lehenengoak Akademiako marrazkiak (San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademia eta Errealismo Soziala. Madrileko garaia 1909-1911) du izenburu, eta Zigak errealitate sozialari ematen zion garrantzia erakusten du. Izan ere, kaleko haurren eta auzo pobreetako errealitatea islatu zituen atal horretan ikusten diren lanetan.

Beste atal batek (Parisko paisaiak, 1912-1914) Frantziako hiriburuan egin zituen urteetako lana erakusten du. Bada erakusketan, halaber, pintura etnografikoari eskainitako beste espazio bat, Zigaren lanaren gai nagusietako izan baitziren euskal gizartearen eta kulturaren ohiturak ere: hileta errituak, erromeriak eta beste. Paisaiei eta erretratuei lotutako atalek osatzen dute erakusketa.

Lizarrako Frai Diegoren bosgarren mendeurrena baliatuta, Zigak egindako haren erretratua ere jarri dute erakusketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.