Javier Vargasek zabalduko du udako blues jaialdien denboraldia, gaur, Getxon

Otis Taylor, Johnny Winter, Raimundo Amador eta Jimmy Burns izango dira euskal agertokietan

Jon Eskisabel.
Donostia
2011ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Ez dute oraingoz jazzaldien sona, eta ez dute pop eta rock jaialdi erraldoien aurrekontua, baina Euskal Herrian zehar antolatzen diren blues jaialdien udako denboraldia gero eta sendoagoa da, eta herritarren erantzuna, gero eta hobea. Zuzeneko emanaldiei dagokienez, gorakada izaten ari da blues musika, eta horren lekuko da azken urteotan sortu diren festibalak, hala neguan tabernetan eta areto txikietan, nola udan aire librean egiten direnak.

Azken horietan zaharrena eta sendotuena Getxokoa da. Gaur 23. ekitaldiari emango dio hasiera, Javier Vargas gitarristaren emanaldiarekin. Musikari espainiarraren taldeak ezohiko gonbidatu bat izango du alboan: Devon Allman gitarrista eta abeslaria—Gregg Allman The Allman Brotherseko kide ohiaren semea—.Biharko dago iragarrita jaialdiko kontzertu nagusia, Otis Taylorrek eta Corey Harrisek eskainiko duten saio bikoitza. Bluesaren ikuspegi zabala azalduko dute bi artistok, soinuak fusionatzeko joera baitute.

New Orleanseko tradizioan erroturiko kontzertuak emango dio amaiera Getxoko jaialdiari, Charles eta Charmaine Nevilleren eskutik. Louisianako hiriko inauteriaren musika eskainiko dute New Orleans Mardi Gras ikuskizunean.

Winterri saria Hondarribian

Hondarribiko blues jaialdiak sei urte baino ez ditu, baina dagoeneko sendotu da lehen mailako jaialdien artean. John Mayall, Solomon Burke, Pinetop Perkins eta James Cotton izan dira han, eta aurten Johnny Winter omenduko du, jaialdiaren saria emanez. Gitarrista albinoa izango da jaialdiko izen nagusia, baina hurrengo egunetan Shawn Pittman Texasko gitarrista gaztea, Elvin Bishop, Chris James & Patrick Rynn, Girls with Guitars emakumezko hirukotea —taldekideen artean Otis Taylorren alaba bat dago— eta Lucky Peterson entzuteko parada izango da Bentako agertokian. Horrez gain, Raimundo Amadorrek emango dio amaiera jaialdiari, La Ultima Experiencia taldearekin. Emanaldi guztietan sarrera doan izango da.

Burlatako blues jaialdia bosgarrenera heldu da. Jimmy Burns Chicagoko delta blueseko abeslari eta gitarrista nabarmentzen da egitarauan, Marcos Coll (Los Reyes del K.O.) eta Rico McLarrinek osaturiko bikotearekin. Alex Caparuccio argentinarrak, Julie Guravich kanadarrak, Victor Aneiros galiziarrak eta Stay Blues talde donostiarrak osatzen dute egitaraua, besteak beste.

Bestalde, Travellin' Brothers taldeak zuzeneko diskoa grabatuko du gaur Leioan (Bizkaia), big band batek lagundurik. Durangoko Azokarako kaleratuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.