Javier Mina eta Maite Velazen erakusketak zabaldu dituzte Ziudadelan

Minak hiri paisaiari lotutako hogei argazki jarri ditu Bolborategian. Velazek artista gisa bizi izandako prozesua erakutsi du Mistoen Pabiloian

Javier Mina, haren artelanak erakusten. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Iruñeko Udalak berriki ireki ditu Ziudadelan dituen aretoak, eta Javier Minak erakusketa bat aurkeztu du, eta Maite Velazek beste bat: Fusion (Fusioa) eta Coger carrerilla, saltar y dar un abrazo (Abiada hartu, salto egin eta besarkada bat eman), hurrenez hurren.

Minaren erakusketa Bolborategian dago, eta triptiko, diptiko eta paneleko formatuetan bildutako hogei argazkik osatzen dute. Hirian zehar egiten dituen ibilaldietan egindako irudiak dira: xehetasunei eta berezko garrantzirik ez duten lekuei ikuspuntu ezberdin batetik begiratzeko ahaleginarekin sortutakoak. Emaitza artistaren begirada pertsonala da, koloreekin eta testurekin jolasten duena, margora gerturatuz.

Mina Iruñean jaio zen, baina egun Donostian bizi da, eta bi hiri horiek dira, hain zuzen, ikusgai jarri dituen irudien agertoki nagusiak. Xehetasunak fotografiatzen ditu, gehienak elementu arkitektonikoenak, eta kasu askotan zatikatuak: leiho baten parte bat, afixa baten zati bat, eskailera baten hasiera… «Detaile jakin batzuek txoko horiek fotografiatzera gonbidatzen naute. Oinez nabil eta, bat-batean, zerbaitek atentzioa ematen dit», azaldu du. Emaitza hain enkoadraketa txikiak dira, non irudi abstraktuak bihurtzen diren, helburu dokumentalik gabekoak guztiz.

Jorge Urdanoz Kultura eta Berdintasuneko zuzendariaren arabera, proiektuaren gauzarik interesgarrienetako bat da artistak zenbait irudi batzen dituela, eta irudiek haien artean hitz egiten dutela. «Bereizita ere balio duten obrak dira, baina egileak haiekin jolasten du, obra bakarra bihurtuz». Minak azaldu duenez, preseski, izenburua hortik dator: «Modu independentean egindako argazkiak dira, baina konposizio bakar batean fusionatu dira».

Kamera konpaktu batekin egin ditu argazki guztiak, horrek hirian mugitzea errazten diolako, eta ez ditu editatu, benetan egin zituen moduan aurkeztu ditu. Horietako bat formatu handian ere jarri du, ia tamaina errealean, bisitariak jakin dezan artistak argazki horiek egiten dituenean zer ikusten duen. Zehaztu duenez, gainera, jarri dituen lanak areto horretarako espresuki pentsatutakoak dira. Minaren erakusketa uztailaren 26ra arte egongo da ikusgai.

Artistaren garapena

Maite Velaz tafallarraren lanak, berriz, Mistoen Pabiloiko lehen solairuan ikus daitezke. Haren erakusketa emozioetan oinarrituta dago, eta Velazek azken urteetan bizi izan duen sormen prozesua du abiapuntu. Erakusketa osatzen duten lan nagusiak dira taula gaineko olioak, esmalte sintetikoko piezak eta marrazkiak. Lurrean, hormetan eta paneletan kokatuta daude.

Urdanozek azaldu duenez, erakusketaren izenburuak erantzuten dio «sormena askatzeko ibilbideari»: «Artista modu aske eta adierazkorrago batean lan egitera bultzatu duen prozesuari». Velazek zehaztu du izenburua duela hilabete batzuk pentsatu zuela, baina orain, bizi izandako itxialdiaren ondoren beste esanahi bat hartu duela. Haren erakusketa uztailaren 19ra arte egongo da zabalik. Haienak ez ezik, Juan Gorritiren, Imanol Bengoetxearen eta Mikel Belaskoainen erakusketak ere daude zabalik Ziudadelan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.