Javier de Isusik irabazi du Espainiako Komiki Saria

'La divina comedia de Oscar Wilde' (Astiberri) nobela grafikoari esker jaso du aitortza komikigile bilbotarrak

2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun
KOMIKIGINTZA. 2014ko udan ekin zion Javier de Isusi komikigile bilbotarrak La divina comedia de Oscar Wilde nobela grafikoa lantzeari, eta, ia bost urteko lanaren ostean, Astiberri argitaletxearekin plazaratu zuen iaz. Hari esker irabazi du 2020ko Espainiako Komiki Saria. Epaimahaiaren ustez, «bikain artikulatutako gidoia» eta «narrazioaren mesedetan ondutako irudi iradokitzaileak» biltzen ditu lanak, eta horregatik erabaki du aitortza ematea, atzo jakitera eman zuenez. Espainiako Kultura Ministerioak ematen du saria urtero, aurreko urtean argitaratutako komiki lanik onena nabarmentzeko.

Arkitektura ikasketak egin zituen Isusik, eta, horiek amaitzean, Latinoamerika zeharkatzen urtebeteko bidaia egin ostean, komikigintzan jardun nahi zuela erabaki zuen. Hala, bidaiok oinarri, 2004an Los viajes de Juan Sin Tierra tetralogia abiatu zuen —La pipa de Marcos (2004), La isla de Nunca Jamás (2006), Río Loco (2009) eta En la tierra de los Sin Tierra (2010) biltzen ditu, denak Astiberrik plazaratuak—. Ondotik, hainbat lanetarako gidoigintzan jardun zuen.

Haren izena are ezagunago egin zen 2014an, gazteleraz ez ezik euskaraz, frantsesez eta alemanez ere plazaratutako Baleak ikusi ditut albumagatik. Hori eta Asylum (2015) dira, oraingoz, euskarara itzuli dituzten bakarrak; biak ala biak Astiberrik plazaratu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.