Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezen alboan eseri da Javier Bardem Oscar sariduna, Kursaaleko prentsa aretoan, eta, bestelako adierazpenik egin gabe, hara bildutako kazetari, argazkilari eta gainontzeko berriemaileen galderei erantzun die. Batik bat gai jakin batzuk izan ditu hizpide; esate baterako, Gazan gertatzen ari dena. Aletuta datoz jarraian.
Konpromisoa
Javier Bardem sarritan mintzatu izan da giza eskubideen eta eskubide zibilen alde, eta, horri buruz, hau esan du Donostian: «Ez da aukera kontu bat, kontrakoa egiteko ezintasuna baizik». Bandoa hautatu beharraz ere hitz egin du: «Mundua hobea litzateke horrenbesteko lehiarik ez balego, baina gauza batzuk onartezinak dira, eta ezinezkoa da horren aurka ez altxatzea». Ildo horretatik, ezinbestekotzat jo du injustizia salatzeko motibazioari eustea.
Damua
Esandakoez damutzeak edo norbere burua zentsuratzeak tokirik ez duela adierazi du, «bestela haiek irabaziko luketelako, eta zilegi bihurtuko litzatekeelako eskubide sozialen alde altxatzen denaren aurkako erasoa». Bardemek Gazara jo du zuzen, eta han gertatzen ari dena onartezina dela azaldu du: «Israelgo oraingo gobernua historian izan den erradikalena da, gizateriaren aurkako krimenak egiten ari da, eta Hamasen eraso izugarri eta bidegabeek ez dute Palestinako herriaren aurkako zigor global eta masiboa justifikatzen». Bardemen aburuz, AEBek, Erresuma Batuak, Frantziak eta Alemaniak beren jokaera zalantzan jarri beharko lukete, «ura eta elikagaiak galarazteari, gerra haurren aurka erabiltzeari edota belaunaldietako traumari» segida ematen ari direlako. Norbanako bakoitzak ezer gutxi egin dezakeen arren, pasibotasunari aurre egitera deitu du: «Gertatzen ari denaren biktima denok gara, eta moralki eta etikoki injustua iruditzen zaiguna salatzeko eskubidea eta obligazioa dugu».
Gazako larrialdiaren aurrean, interlokutoreak aldatzeko premia ere agertu du: «Netanyahuren gobernua eta Hamaseko buruzagiak ez dira ezertara iritsiko, baina palestinarren independentzia, beren kulturarako eta lurralderako eskubidea eta Israelgo herriaren ziurtasuna bermatuko duen hitzarmena behar da».
Gauza hauek Donostia sariaz gozatzea galarazten diotela azaldu du aktoreak: «Ez dut festarako aldarterik, ezinezkoa zait mundua dagoen gisan ezer ospatzea».
Zirkunstantziak
Besteen aldean zorte onekoa dela aitortu du aktoreak: «Bakoitza bere ahal txikietatik, eta izan baden horretatik hasten da egiten, eta dakitenei eta aldaketa eragiteko gai direnei begira ikasten du». Alde horretatik, bere ama Pilar Bardem zenaren etsenplua aipatu du: «Hura izan nuen lehen eskola, eta gero senideekin zein lagunekin jarraitu zuen». Bere ogibidea ere jarri du gizatasunaren aldeko kontzientziaren adibide gisa: «Ez dut aktorerik ezagutzen biziki sentibera eta enpatia handikoa ez denik».
Merezimendua
Ospakizunetarako gogoaz harago ere jo du, eta, bai aurtengo Donostia saria, bai eta duela 30 urte jasotako Zilarrezko Maskorra ere, merezi ez izanaren sentipenari heldu dio Bardemek. «Bakoitzak ahal duena egiten du, eta ahal bezain ongi, baina pasioz eta zortez bizi duzunagatik saria jasotzea, gehiegizkoa zaizun pastel baten ginga modukoa da». Apal azaldu da: «Benetan diot, ez dut uste saririk jaso ez duten askok baino gehiago merezi dudanik».
Ama
Bardemek bere amaren altzoan jaio izanaren garrantzia ekarri du gogora. Haren «duintasuna, etika eta apaltasuna» goraipatu ditu: «Emakume banandua zen, dibortzioa onartzen ez zen garaian, hiru haurren ama, aktorea, eta kalean oso presente zegoen eskuin muturrak begiz joa zuena». Pilar Bardemek «jo eta su» lan egin izanagatik ere etxean ezer gutxi zutela azaldu du, eta, halere, noizik eta behin, Saharako emakumeen alde eskean etortzen zitzaizkienean «zeukanaren erdia» ematen ziela kontatu du: «Ekintzez erakutsi zigun, ez hitzez». Saririk ederrena «Pilarren semea» izatea dela aitortu du Javier Bardemek.
Ospea
Etengabe fokupean bizitzeaz, berriz, aktoreak oro har «sekulako egoa» behar duela azaldu du, bestela «ezinezkoa» litzatekeelako kameraren aurrean jartzea: «Ego horrek, ordea, kameraren aurrean jarri orduko desagertu behar du, istorioa kontatzeko tresna den aktorea ager dadin».
Javier Bardem sari askoren jabe da orain baino lehen. Besteak beste, sei Goya, Oscar bat, Urrezko Globo bat, BAFTA bat eta Cannesko Zinemaldiko aktore onenaren saria jaso ditu.
Saria eskuan
Donostiako 72. Zinemaldiko irekierako galan, Bardemek lehen aldiz Donostian sari bat jaso zuenekoa gogoratu zuten. Duela hiru hamarkada jasotako Zilarrezko Maskorraren momentua pantaila handian proiektatu zuten, eta ondoren, aktorearen anai arrebek aurkeztu zuten saritua. Txalo zaparrada luze batekin jaso zuen Kursaaleko auditorioak aktorea. Bere ama ekarri zuen gogora Bardemek saria eskuan zuela, eta bere irakaslea den Juan Carlos Corazzari ere eskerrak eman zizkion. Era berean, saria bere emazte Penelope Cruzi eta haien seme alabei eskaini zien.